“Ikasleekin konpetentzia digitala lantzeko beharraren eta moduaren inguruko kontzientzia piztea da helburua”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Areagotu zure konpetentzia digitala!” ikastaroa emango dute Urtzi Fernandez Perezek eta Amaia Arroyo Sagastak . Ikastaroa online izango da, nagusiki, MOOC formatuan. Fernandez Sopelako Ander Deuna ikastolako tutorea da; eta aurreko ikasturtean (2019) “IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan” graduondokoa egin zuen.  Berezko tituluko proiekturako “Konpetentzia digitala Lehen Hezkuntzan” MOOCaren diseinu didaktikoa aurkeztu zuen, Arroyoren zuzendaritzapean. Proiektua errealitate bihurtu du eta euskal komunitateari ekarpena egitea da helburua.  Biekin hitz egin dugu.

LHko irakasleei zuzendutako MOOCa da. Zeintzuk dira hutsune nagusiak konpetentzia digitalen arloan etapa horretan?
Gure ikasleek gero eta lehenago izaten dituzte eskura baliabide digitalak; baina, hala ere, beti ez dituzte modu egokian erabiltzen. Askotan, beraien erabilera desegokia arazo bihurtu daiteke; beste batzuetan, erabilera hori mugatu edo debekatu egiten da… Non dago langa? Nola integratu dezakegu teknologia digitala ikas- eta irakas-praktiketan?

Askotan ez daukagu argi konpetentzia digitala nola landu, zein adinetan hasi, zeri eman lehentasuna… Gaia gero eta ezagunagoa izanda ere, erreferentzia garbiak falta ditugu maiz; eta irakasle bakoitzaren esku geratzen da, beharraren arabera erabakiak hartzea.

Hezitzaileok ere, konpetentzia digital maila ezberdinak ditugu eta baita baliabide digitalen erabileraren inguruko iritzi anitzak ere. Horren inguruan hausnartzen lagunduko gaituen ikastaroa euskaraz diseinatzea izan dugu buruan; irakasleoi bitartekoak emanez, konpetentzia digitala zer den argitzeko; eta horren inguruan hausnartzeko eta bakoitzak bere mailan aurrerapausoak egin ditzan.

Urtzi, HEZikt Berezko Tituluko zure proiektua da MOOC hau. Zerk bultzatuta?
HEZikt (IKTak eta Konpetentzia Digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan) Berezko Tituluan ikasitakoa praktikan jarri eta lankideen artean zabaltzeak bultzatu ninduen. Praktikoa izango zen proiektu bat aurkeztu gura nuen, erabilera izango zuena.

MOOC (Online Ikastaro Ireki Masibo) honen bitartez, hezitzaile bakoitzak ditugun ahulezia eta indarguneez jabetu, eta norberak identifikatutako beharrak bideratzeko aukera eskaini gura dugu. Horrek ikasleekin modu egokienean nola landu dezakegun hausnartzera eta adostera eramango gaituela espero dugu.

Konpetentzia digitalaz ari garenean, berau zertan datzan eta oinarrizko kontzeptuen ikuspegi bat izatea da asmoa. Izan ere, gaian sakontzeko, badago EHUk, UEUk zein beste erakundeetako adituek sortutako eskaintza; HEZikt bezalako berezko titulua bera eta berriki euskaraz argitaratu den “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan” liburua (Iruskieta, Maritxalar, Arroyo-Sagasta eta Camacho, 2019) esaterako.

Zergatik MOOCa? Zer abantaila ditu?
MOOC akronimoa Online Ikastaro Ireki Masiboa modalitateari dagokio. Hau da, edonondik (internet bitartez), edonork (modu irekian) aurrera eramateko aukera ematen duen ikastaroa; ikasle kopuru mugagabea elkarrekin aritzeko aukera eskaintzen duena, gai berdinaren inguruan ikaskuntza prozesua eraikiz.

Aurrez aurrekoaren aldean, norberak bere ordutegira moldatzeko aukera malgua eskaintzen du, irisgarritasuna erraztuz; beti ere, jarraikortasun bat izatearen ardura kontuan izanik. “Areagotu zeure Konpetentzia Digitala” MOOCean, astero sei ordu inguruko lan-aurreikuspena egin dugu, lau astetan zehar.

Ikastaro modalitate honek edukiak baliabide digitalen bitartez era autonomoan lantzeko aukera ematen digu. Ikasleak baliabide hauek gura beste aldiz ikus ditzake; beraz, norberaren erritmo eta beharretara egokitzeko erraztasuna eskaintzen du. Edukien ulermena barneratu dela ziurtatzeko, feedback jarraia duten autoebaluazio galdetegiak ere badaude; egin eta berehala zuzenketa helarazten dutenak. Horrek ikaskuntza prozesu autonomoan laguntzen du.

Horrez gain, munduko edozein bazterretan dagoen edozein euskaldunekin aritzeko aukera ematen du; bere esperientzia, iritzi zein sortutako lanak partekatzeko eta ikas komunitateari ekarpena egin ahal izateko, elkarlaguntza foro baten bitartez.

Partekatzearen kultura sustatzea ere bada zuen asmoa. Kultura hori falta dela deritzozue?
Copyleft edo edukiak zabaltzearen kultura horri ekarpena egitea ere bada asmoa, euskarazko baliabide digital irekien sorrera sustatuz. Oro har, ez genuke esango kultura hori falta denik, hainbat euskal eragile baitabiltza aspaldi partekatze aktiboan lanean (Wikipedia, Software askea sortzen, euskaratzen…), baina kultura honi ekarpena egin eta edukia zabaltzea ere bada MOOC honen asmoa.

Eskola eremua da, agian, partekatzearen kulturarekiko errezelorik handiena duena. Material eta baliabide asko eta asko sortzen dituzte irakasleek egunero; baina, batez ere beldurra eta lotsa direla medio, gehiena ez da partekatzen. Horrek galera handia dakar; izan ere, aktiboak izanda ere, bakarrik ari garen irla gisa funtzionatzen dugu.

Gure euskal komunitatea txikia izanda ere, indartsu bihurtzeko ahalegina egin beharko genuke eta partekatzearen kulturak akuilu-lan ederra egin dezake helburu hori lortzeko. Azken finean, euskararen erabilera ingurune digitalean areagotzea ere bada helburuetako bat; baliabide digitalak euskaraz sortuz eta sarean euskararen erabilera errazteko eta zabaltzeko bidean ekarpena eginez. Beraz, euskal komunitateak konpetentzia digitalaren inguruko edukiak euskaraz eskuragarri izatea da asmoa; eta horiek partekatzeko zein hobetzeko aukera izatea, komunitatea bera aberats dadin.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko dena? Zein helbururekin?
Ikastaroan, konpetentzia digitalaren ikuspegi orokorra landuko da; DIGCOMP marko europarraren oinarrizko eremuen ezagutza, eta, horien artean, bereziki, informazioa eta informazio alfabetatzea, komunikazio eta kolaborazioa eta eduki digitalen sorkuntza. Azkeneko astean, ikasleen konpetentzia digitala sustatzeko unitate bat sortu edota egokituko dugu, ikasleekin aurrera eramateko.

MOOC honen helburu nagusia ikasleekin konpetentzia digitala lantzeko beharraren eta moduaren inguruko kontzientzia piztea da. Horretarako, Lehen Hezkuntzako irakasleei bideratutako konpetentzia digitalaren inguruko formakuntza autonomoa ahalbidetzea da asmoa. Horrekin batera, aurretik aipatu bezala, euskal hezkuntza komunitatean, partekatzearen kultura sustatzeko ekarpena egitea; euskarazko baliabide digital irekiak eskainiz eta euskararen erabilera ingurune digitalean aktibatuz; euskal komunitatea sendotzeko baliabide digitalak euskaraz sortzea sustatuz eta erabilera errazteko bidea eginez.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude