Udaberriko eskaintzaren barruan Gaitasun zientifiko-teknologikoak (STEM) LHn eta DBHn lantzeko proiektuak izeneko ikastaroa antolatu du UEUk Eibarren. Izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta gehiago jakin nahian, ikastaroa emango duten Julen Irazoki Oteiza eta Asier Iturralde Sarasola Iametzako programatzaileekin izan gara
Azken urteotan STEM hezkuntzaren alde ari dira han eta hemen. Zergatik da horren garrantzitsua?
STEM edo hobeto esanda STEAM siglek bost jakintza alorrei egiten die aipamena: zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika. Belaunaldi berriak arlo zientifikoetan prestatzeko ahalegina dago formulazio horren atzean. Etorkizuneko aurreikuspenei erreparatuta, garrantzitsua da gaztetatik arlo horietan interesa pizten joatea; eta ez hori bakarrik, pentsamendu zientifikoa sustatzea ere bai; taldean lan egiteko gaitasuna. Erabakiak hartzerako garaian arrazoiketa erabiltzera bultzatu behar dira gazteak; arazoen aurrean irtenbideak aurkitzeko eskuduntzak garatzea ere funtsezkoa da; hala nola, analisia eta pentsamendu kritikoa…
Aipatu moduan STEMak baino STEAMak aipatzen dira orain. Arte eta diseinua gehitu diete…
Egun egiten den gaitasunen bereizketarekin apurtzeko asmoa agertzen du aldaketa honek. Orain arte ikasleak jakintza batzuen aldeko aukera egin behar izan dute; edo zientzia, teknologia edo artea. Aldaketa honek bereizketa honekin bukatu nahi du eta konpetentzia guztiak erabilita planteatzen zaizkien erronkei aurre egingo dieten ikasleak hezi.
Gaitasun zientifiko-teknologikoak lantzerakoan zein hutsune daude gaur egun? Irakasleak nahikoa prestatuta al daude?
Ez dakit gu garen egokienak galdera honi erantzuna emateko. Orokorrean ez dakigu irakasleen formazioa nolakoa den, baina ikastaro hau prestakuntza behar duten irakasleei zuzenduta dagoela esan behar dugu. Izan ere, bertan, beste gauza askoren artean, merkatuan dauden hardware (arduino, raspberry pi, makey makey, lilypad…) eta programatzen ikasteko software soluzioak ezagutuko ditugu. Gainera, hezkuntza proiektuetarako aukerak aztertuko dira; ikasgelan landu daitezkeen egitasmo posibleak elkarrekin irudikatu eta ikasgelako esperientziak partekatu.
Software librea erabiliko duzue bakarrik. Arlo horretan ere badago zer egina.
Bai, ikastaroan software librea bakarrik erabiliko dugu. Iametzan, orokorrean, tresna libreen alde egiten dugu. Hezkuntzan bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu apustu hori; horregatik Hezkuntzan ere Librezale taldearen manifestua sinatu genuen.
Software libreak hezkuntzan funtsezkoak diren hainbat balio sustatzen ditu: kooperazioa, ikasteko grina, irudimena eta sormena… Hizkuntzaren ikuspuntutik ere badira abantailak: tresna libre asko euskaraz erabil daitezke dagoeneko eta aske gara euskaraz ez daudenak itzultzeko. Horretaz gain, ikastetxeei gastuak murrizteko aukera ematen die, software libreak kopiatzeko eta banatzeko eskubidea ematen baitu.
Zein eratara landuko duzue zuek ikastaroan?
Konpetentzia honen inguruko eduki guztiak modu aktiboan landuko dira. Edukiak modu praktikoan landuko dira eta momentu oro ikasleen parte-hartzea sustatuko da.
Zein da ikastaroaren azken helburua?
Belaunaldi ekintzaileak, parte-hartzaileak, sormenerako gaitasuna dutenak… prestatzea da azken helburua; eta ikastaro honekin, hurrengo belaunaldien prestakuntzaz arduratzen direnak prestatu nahi ditugu, euren lana funtsezkoa baita etorkizuneko pertsona horien heziketan.