Miel Mari Imaz: “Ikaskuntza prozesuan egoera ezberdinei aurre egiteko gaitasuna da neurtu beharrekoa”

Datorren otsailaren 8rako Egungo Eredua Irauliz. Ebaluazio Hezitzailea Iruten II. jardunaldiak antolatu ditu UEUk LABekin elkarlanean. Ebaluazio hezitzailea haur eskolan bezala, lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan, unibertsitatean zein Lanbide Heziketan egin daitekeela erakutsi nahi dute, besteak beste. Praktika horien adibide dugu Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxea. Miel Mari Imaz irakasleak emango du jardunaldian euren esperientziaren berri.

Zein izan da zuen esperientzia ebaluazio hezitzailera bidean?
Egia esan, ebaluazioa gaur egunera egokitzea eraldaketa oso baten testuinguruaren barruan kokatzen dugu. Ebaluazioa eraldatzea bera ez da garrantzitsua guretzat, axola diguna ebaluazioa eraldatzeari ematen zaion arrazoia edo zentzua da. Orain arteko ebaluazioa (tradizionala deritzona) aztertu genuenean, prozesuak ontzat emateko diseinatutako ikuskatzeko sistema baten barruan kokatu genuen. Hau edozein ekoizpen prozesutan aplikatzen den kalitatearen kontrola bezala ezagutzen den sistema bera da; laginketa batzuetan oinarritutakoa. Hezkuntza sistemari erreferentzia eginez, azterketetan lortutako kalifikazioetan oinarritzen ginen ikaskuntza prozesuari onespena emateko, baina ikaskuntza metodoa bera ere obedientzietan oinarritutakoa zen; irakasleak transmititutakoa zen benetan balio zuena; eta hori zen prozesua balidatzeko azterketetan erantzun beharrekoa. Ikaskuntza metodoa eta neurketa bera ere estrategi bezala diseinatu ziren testuinguruaren barrukoak ziren (bigarren iraultza industrialaren garaikoak) eta ez gaur egungoak. Oraingo testuingurua erabat ezberdina da, eta gure gizarteak aldarrikatzen dituen pertsonak ez dira obedienteak, arduratsuak baizik; metodoa ezin daiteke nahitaezkoa izan, arduretan oinarritutakoa baizik.

Nolakoa behar du ebaluazio hezitzaileak?
Aurreko erantzunarekin jarraituz, ardurak, momentu puntualetan hartutako laginekin ezin direla neurtu oso ebidentea da edonorentzat ere. Beraz ikaskuntza prozesuan, irakatsi-ikasi estrategia eraldatzea ezinbestekotzat ikusten dugu. Honekin batera prozesua neurtu eta egiaztatzekoa ere bai, noski. Gaur egun irakaskuntza munduan erabat modan dauden konpetentziak ezin dira azterketen kalifikazioetan oinarritu; eta, gure ustez, ikasleek erakusten duten jarreretan oinarritu beharko litzateke ebaluazioa; baina ez jarrera orain arte ezagutu dugun terminoetan (txintxoa eta gaiztoa). Jarrera, ikaskuntza prozesuan pertsonek egoera ezberdinei aurre egiteko erakusten duten gaitasuna bezala ulertzen dugu; eta hori da gure ustez neurtu beharrekoa. Honek, ordea, prozesuan zehar ikasleek erakutsitako garapena neurtzea eskatzen du; eta hori objektibotasunez neurtzeko ezin da irakasleen bakarlanean oinarritu; horregatik esaten dugu ebaluazioa eraldatzea, ikaskuntza metodoa bere osotasunean eraldatzearekin batera doan zerbait dela. Ebidentzia guztiak ezin dira fisikoak izan (azterketak, txostenak, muntaiak,) eta jarrera ezberdinen garapena neurtze horrek iritzi eta inpresioek bere garrantzia izatera garamatza; baina inoiz ez iritzi pertsonalak, ezberdinen artean partekatuak baizik. Inpresio hauek ebidentzia fisikoekin kontrastatu ahal badira hobe, baina konpetentzia guztiekin beti ezinezkoa da. Bestalde, ikaskuntza prozesuetan ikasleak ikastea da benetan axola duena, eta honek ez du aukera kopuru mugatuetan ulertzen (azterketa, errekuperazio ohikoa, ez ohikoa). Behar adina aukera izan beharko lituzke epemuga baten barruan ikasleak gai dela frogatzeko. Beraz, aldaketak erabatekoa izan behar duelakoan gaude.

Zer azpimarratu nahiko zenukete?
Erantzuteko errazena eta motzena eta praktikan jartzeko lanik gehien ematen duena azpimarratuko genuke: Ikasleak nola izatea eta jokatzea nahi dugunaren arabera jokatu behar dugula guk ere; beraz, ez genuke gehiegi arduratu behar beraiek nola antolatzeaz, gu nola antolatzeaz arduratu beharko genuke. Guzti honetan parte garenok (ikasle, irakasle) helburu berdinen atzetik egin beharko genuke; eta, momentuz, ikasleen helburua ez da ikastea, gainditzea baizik; eta irakasleona, kasurik onenean, izan daiteke ikasleak ikastea. Azken honekin auto-hausnarketa sakon bat egin beharrean gaude.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude