Nerea Lopez : “Ebaluazioan ere ikaslea subjektu aktibo bilakatu behar dugu”

Datorren otsailaren 8rako “Egungo Eredua Irauliz. Ebaluazio Hezitzailea Iruten” izeneko II. Jardunaldiak antolatu ditu UEUk LABekin elkarlanean. Teoriatik praktikara salto egin eta Ebaluazio Hezitzailera bidean hainbat ikastetxe egiten ari diren eraldaketa ezagutzeko aukera izango da Eibarren. Horien artean Nerea Lopez Salas irakasle eta ikertzaileak HUHEZIko esperientziaren berri emango du .

Nolakoa behar du ebaluazio hezitzaileak?
Lehenik eta behin, ezinbesteko baldintza izango da ebaluazio hezitzailearen ulermen partekatua izatea horren parte diren kide guztien artean. Ebaluazioaren helburua ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak hobetzea da; eta ebaluazioa prozesu horien parte den heinean, ebaluazioan ere ikaslea subjektu aktibo bilakatu behar dugu. Ebaluazioak irakaskuntza, ikaskuntza eta horretarako eskaintzen ditugun testuinguruak erregulatzen eta hobetzen lagundu behar du; hau da, ikasleari prozesuan dituen beharren eta zailtasunen identifikazioa egiten lagundu behar dio, bere bidean hobetu ahal izateko; eta irakasleari, bere praktika birplanteatzen lagundu behar dio; eta irakaskuntzaren eta eskaintzen dituen testuinguruen zein alderdi hobetu behar duen ikusarazi. Ebaluazioa, ezinbestean irakasle eta ikasleen arteko praktika partekatu bat behar du izan; izan ere, ebaluazioa ekintza sozial eta parte-hartzailea da, ekintza-ikerketa izaera izan beharko lukeena. Ebaluazioa ikaslearen garapenaren mesedetan jarri nahi badugu, garrantzitsua izango da ikaslea ebaluazio prozesuan subjektu aktibo eta gakoa izatea; bere ikaste prozesuaren gaineko kontzientzia, ardura eta autonomia eskuratzeko.

Zein izan da zuen esperientzia ebaluazio hezitzailera bidean?
Ebaluazioa ikaste eta irakaste prozesuen alderdi bat denez, ezin dugu ebaluazioa bere horretan bakarrik aldatu; eta, aldi berean, hezkuntza bera aldatzeko ebaluazioa aldatu beharra dugu. Beraz, gure hezkuntza proiektua gauzatu ahal izateko, gure ikasteko eta irakasteko moduak behetik gora aldatu ditugu Hezkuntza eta Ikus-entzunezko Komunikazio Graduetan eta Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko Masterrean: materiak alde batera utzi, konpetentzietan eta ikaste emaitzetan ardaztutako ikasketa plana eraiki; ikasketa emaitzak garatzeko iraupen luzeko proiektuak edo lan proposamen forma duten testuinguruak sortu; eta ikaste emaitzen ebaluaziorako eredu hezitzaile bat prototipatu dugu; eta orain inplementazioan ari gara. Bide honetan, ezinbestekoa izaten ari da ebaluazio hezitzailearen eta ardatza diren ikaste emaitzen ulermen partekatua izatea irakasle eta ikasleon artean; baita egiten dugun hori zalantzan jartzea eta egokitzea ere.

Azpimarratu nahiko nuke ebaluazio hezitzaileak kultura aldaketa nabarmena dakarrela; eta ikasle gehienek, gure fakultatean graduetan sartu aurretik, izan duten azken ebaluazio esperientzia Selektibitatean edo Baxoan izan dela. Masterrean, aldiz, urtebete dugu Bigarren Hezkuntzako irakasleak izango diren horiekin batera ebaluazio kultura aldatzeko. Beraz, egungo eredutik aldentzeko eskola-komunitatean guztion artean eraiki beharreko eredu eta prozesu bat da ebaluazioa; besteak beste, ikaskuntza prozesu zuzenduetatik aldendu eta ikasleen autonomiari bide emateko.

Zer azpimarratu nahiko zenukete?
Ez da beldurrik izan behar esperimentatu eta ikasteko, ekiteko eta egiten dugun hori ikertzeko; betiere komunitatean eraikitako marko teorikoa eta zentzua erabiltzen badugu. Ebaluazio hezitzaileak arduraren deszentralizazioa dakar; eta horrek irakasleari zalantzak, kezkak eta beldurrak eragiten badizkio ere, egun dugun eredutik atera beharrean gaude; ebaluazio hezitzailearen bidean arrakalak topatuz eta elkarrekin ekinez. Gakoak kontuan hartzen baditugu, beti emango ditugu pausuak aurrera. Egiten dugun horretatik ikasteko praktika komunitate profesionalek testuinguru ezin hobea ematen digute; konfiantzaz, gure ulermen eta praktikak partekatu, aztertu, eta elkarrekin eta ekipoan ikasi eta aurrera egiteko. Ebaluazioaren funtzioetako bat egiaztatzailea izan badaiteke ere, aurretik aipatutako beste funtzio hori indartzeko urratsak eman behar ditugu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude