Mireia Rodriguez: “Haur bakoitza bakarra eta errepikaezina da; beraz, gela ere bakarra eta errepikaezina da”

UEUren Udaberriko online eskaintzaren barruan, besteak beste, “Lehen Hezkuntzako espazioen diseinua” izeneko ikastaroa izango da aurten Mireia Rodriguez Pozaren eskutik. Rodriguez hezkuntza publikoko irakaslea da eta bere praktika eta “hezkuntza sistema eraldatzeko” pausuak eman asmoz, hainbat formakuntza jaso ditu (Montessori masterra, sexu heziketa, espazioen diseinua…) eta hainbat inguru, eskola eta proiektu ere ezagutu ditu bertatik bertara.

Eskolako espazioen diseinua asko lantzen ari da azken urteotan. Lehen Hezkuntzako kasuan zer hartu behar litzateke kontuan? Zein berezitasun ditu etapa horrek?
Lehen hezkuntzako haurren ezaugarriak, interesak eta beharrak hartu beharko lirateke kontutan. Badakigu etapa honek zenbait ezaugarri orokor beteko dituela: harreman sozialak, mugimendua, motrizitate finaren kontrola, jakin nahia edo interesa… Beraz, haurren alderdi desberdinak izango ditugu kontutan: alderdi emozionala, soziala, kognitiboa, fisikoa, eta arte edo sormena.

Nahiz eta ezaugarri orokor batzuk izan, kontutan hartu behar dugu haur bakoitza bakarra eta errepikaezina dela; beraz, gela ere bakarra eta errepikaezina izango da. Haur talde honen behar, interes eta ezaugarriak hausnartu behar ditugu, zer behar duten jakiteko eta horri nola erantzun jakiteko. Horretarako, ikastaroan parte hartzen duten pertsonak, zenbait behaketa, erregistro eta hausnarketa egitera animatzen ditut.

Testuingurua eta eskola ere izan beharko ditugu kontutan: herria, eskola, familiak, herriko eragile desberdinak … Inguru bakoitzak behar desberdinak eta sare desberdinak izan ditzakeelako.

Hormak, paretak botatzea ez da nahikoa…
Argi dago ezin garela moda baten inguruan soilik aritu. Horretan ez jauzteko behaketak eta hausnarketak du pisu handiena.

Nik hiru ardatz bereizten ditut ikastaroan. Haurrak (eta honekin batera ohartzea haurra sistema familiar baten parte dela), irakasle edo bidelaguna (kontutan izanda pedagogia talde edo eskolako parte dela) eta espazio eta materialak (hauek betiere gure espaziotik eta erabiltzaileen beharrak aseko dituenak).

Beraz, espazio eder bat diseinatu dezakegu, baina benetako hausnarketa egiten ez badugu, praktika berdina egiten jarraituko dugu, inongo kontzientziarik gabe.

Hausnarketa izango du oinarri ikastaroak. Zein helbururekin?
Hausnarketan sartzen garenean, gure praktika automatikotik, praktika kontziente batera abiatzen gara. Haur edo erabiltzaile bakoitzaren egoera ezagutu, ulertu eta esku hartze kontzienteagoa egingo dugu; ziurrenik egokiagoa edo errealitatetik hurbilago egongo dena.

Hausnarketan sartzen garenean eta zergatiak bilatzen hasten garenean, gure begirada aldatzen da; gehien bat gure hausnarketa pertsonala egiten dugunean. Hausnarketa pertsonal honetan, gure motxila ezagutzen hasten gara; eta haurrarekiko beste begirada bat sortzen dugunean, guztia aldatzen da. Bide luzea den arren, garapen pertsonalean hasten garenean eta aldaketa txikiak aldaketa handi bihurtzen direnean, gure burua indartzen da eta beste pausu bat emateko gogoz egongo gara, hobetzeko gogoz.

Nire helburu orokorra hezkuntza sistema kontzienteki eraldatzeko bidean hastea da. Beraz, hezkuntza sisteman dauden irakasleekin hausnarketan hastea da bidea, poliki poliki, guztion indarrarekin hezkuntza eta gizarte kontziente bat eraikitzeko.

Zein eratako gaiak landuko dira?
Aurretik esan bezala, hiru ardatz izango ditugu kontutan ikastaro honetan. Nolako haurrak ditugun edo zein aukera eskaini nahi diegun. Helduaren rola (hausnarketa pertsonal eta profesionala); eta espazio eta materialen eraldaketa (beharrezkoa bada).

Batzuetan badirudi espazio zoragarria izan behar dugula, eta argi dago hori egokiena litzatekeela; altzari egokiak, berri itxura, zainduak, kolore egokiekin, argi naturalez josia… Errealitatean, eskolaren arabera zaila izan daiteke hau dena eraldatzea, baina gure praktika kontzienteak asko lagundu dezake gure ingurunean.

Zein izango da metodologia?
Bost asteko ikastaroa denez, astero gai bati helduko diogu. Lehenengo astean haurren inguruan arituko gara. Bigarren astean helduen rolari buruz. Hirugarren astean gure espazioa behatu eta hausnartzen hasiko gara. Laugarren astean gure espazio berria diseinatuko dugu. Astero egiten ditugun lan eta hausnarketak gordetzen ditugu, hauek izango direlako bosgarren astean proiektua osatzeko erabiliko ditugunak.

Beraz, zatika sortuko dugu gure proiektu propioa, aste bakoitzean gai bati helduz. Azkenik, proiektu guztiak partekatuko dira, beste espazioen diseinuetatik ideiak hartu edo eskaintzeko.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Ikastaroa gehien bat irakasleentzako zuzenduta egon arren, espazioen diseinuan interesa duen edonori zuzendua dago. Barne lanketan hasi nahi duenarentzat eta eraldaketa baten parte izan nahi duen edonorentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude