Alfredo Gil: “Berritzaile eta sortzaile izatea errazegi eskatzen zaigu”

Datorren martxoan eta apirilean “Sormena praktikan lantzen” izeneko ikastaroa izango da Iruñeko UEUren egoitzan. Alfredo Gil Larrinaga Arte Ederretan doktorea eta Arantzazu Martinez Etxarri Euskal Filologian lizentziatua eta hizkuntzalaria izango dira irakasle. Izena emateko epea irekita dago.

 

Sormena prozesu moduan ulertzen duzue…
Arantzazu Martinez: Bai, sormena prozesu moduan ulertzen dugu, denboran zehar eta landuz garatzen den jardun praktiko moduan, hain zuzen ere. Sormena prozesua izateaz ez ezik, prozesu horrek berak du garrantzi gehien. Horregatik, ibilbide horretan egiten den aldaketa eta hobekuntza da gure lanaren ardatza.

Alfredo Gil Larrinaga: Sormena modu desberdinetan gertatzen da. Ideia, beharra, burutazioa…, aurrera ateratzeko baliabide anitzak behar dira. Ideia praktikara eramateko, sormen prozesua ezinbestekoa da.

Berritzaile eta sortzaile izatea eskatzen zaigu denoi, baina hezkuntzan sormenak ba al dauka behar duen lekua?
A.M: Berritzaile izatea eskatzen zaigun arren, sormenak ez du behar duen lekua eta lekua behar du. Sortzaileak garatzeko sormena landu behar da eta hori lehentasunetako bat izan beharko luke gure hezkuntza sisteman. Sormena eta autonomia biak uztartuz lan egitea izan beharko luke helburu nagusienetako bat; are gehiago, aintzat hartuz sormena, arloen arteko gaitasuna dela.

AGL: Berritzaile eta sortzaile izatea errazegi eskatzen zaigu. Nire iritzian, hezkuntzan, sormena ez ezik, teoriak ere badu bere lekua. Teoriak, ezagutzak, garrantzi handia du sormen prozesuan. Batak bestea elikatzen baitu.

Zeintzuk dira hutsune nagusiak?
A.M:Teoria badakigu, baina praktika falta da; autonomian oinarritzen diren jardun praktikoak ezinbestekoak dira. Ikasleari eman behar zaio protagonismoa eta erabakiak hartzeko aukera; berak baitaki inork baino hobeto zein den bere ikasteko modurik onena.

AGL: Hau da galdera! Hezkuntzan, arlo desberdinak daude; adibidez, DBH eta zikloak erabat desberdinak dira. Ni zikloetan ari naiz, eta askotan, ikasleari, bakarrik uztean, bertigoa sortzen zaio. Aitzitik, beste batzuk, autonomoagoak dira; etxean ikasi dute? Eskolan? Kalean? Nork daki zein ibilbide egin duten. Hezkuntza, gizartean txertatuta dago, eta edonon aurki ditzakegu hutsuneak. Guk, irakasleok, baliabideak erraztu ditzakegu, ikaslea autonomoa izateko.

Zein eratan landuko duzue zuek sormen hori ikastaroan? Zein baliabide erabiliko dituzue?
A.M:Praktikan landuko dugu sormena. Jardunak eta ariketak praktikaren bitartez landuko ditugu. Sormena pizteko eta garatzeko estrategia jakinak erabiliko ditugu eta horiek landu. Erlaxatzeko eta kontzentraziorako jardunekin hasi eta sormen prozesuan pausoz pauso murgiltzen joango gara.

AGL: Teoria, praktikaren bidez baieztatu behar da; horretxegatik, biak landuko ditugu. Erreferentziak izatea oso lagungarria da. Beste aldetik, gelan, sortzen den giroak eragin handia du prozesuan. Batzuek, lasaitasuna behar dute, beste batuek, presioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude