Arantza Elgezabal: “Ikasteko berariazko zailtasunak dituzten ikasleen % 1 edo % 2 baino ez da detektatzen”

Nafarroako udaberriko eskaintzaren barruan, besteak beste, “Detekzio eta esku-hartze goiztiarra ikaste zailtasunetan (Dislexia)” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk. Arantza Elgezabal Biain psikopedagogoa izango da irakaslea. Elgezabal Dislegi-ko (Gipuzkoako Dislexia Elkartea) aholkulari eta formatzailea da, eta baita Logopediako Gabinete bateko logopeda ere.

 

Dislexiaren detekzio eta esku-hartzeari dagokionez zein da gaur egungo egoera?
Gaur egun, ikastetxeetan, ikasteko berariazko zailtasunak dituzten ikasleen % 1 edo % 2 baino ez da detektatzen.

Nahiko berandu detektatzen dira ikasle hauek eta batzuk autoestimu oso baxua adierazten dute.

Non daude hutsunerik nabarmenenak?
Askotan berandu detektatzen dela esango nuke. Lehen Hezkuntzako lehen zikloan atzerapena antzeman arren, sarri, tartean beste arrazoi batzuk daudela uste izaten da: haurra abendukoa dela, erritmo mantsoagoan ari dela garatzen, itxaron egin behar dela…Baina Haur Hezkuntzatik hasita egon ohi dira seinale adierazgarri batzuk eta horiei kasu egin behar zaie; arreta goiztiarrarekin neurriak hartuz gero, hurrengo urteetan aurrera errazago egingo duelako.

Eskoletan ezjakintasun handia dago gai honen inguruan; bai seinale adierazleak sumatzeko, bai neurriak martxan jartzeko.

Eta ikastaro honekin zer lortu nahiko zenukete?
Idazte-irakurtze prozesuan sor daitezkeen zailtasunak ezagutu eta ulertzea da ikastaro honen helburu nagusia. Ikastaro honek, dislexia edo ikasteko berariazko zailtasunak dituen pertsona baten bizitzan eragina duten agente guztiek ezagutu beharreko hainbat alderdietan ipiniko du arreta. Lehenik eta behin, egoera bere osotasunean aztertu eta ondo ulertzera bideratuko da formakuntza, eta hortik abiatuz, ikasleekiko betebeharrak eta ardurak ulertu eta hauek betetzeko gaitasuna garatuko du modulu honek .

Ikasleek izango dituzten ikasteko estilo, tresnak eta erritmo anitzak identifikatu eta hortik abiatuz, ikasgelak, ikasteko guneak bilakatu ahal izateko beharrezko estrategiak ezagutu eta martxan jartzea izango da moduluaren erronka.

Teorikoa zein praktikoa izango da. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Irakurtze idazte ikaskuntzan parte hartzen duten prozesuak. Prozesu psikologikoak eta kognitiboak (irakurketan inplikatutako prozesuak, eta idazketan inplikatutako prozesuak); irakurtze eta idazte metodoak. Hezkuntza beharren identifikazioa eta hezkuntza esku-hartzea. Zailtasunak eta idazte irakurtze prozesuaren nahasteak, ebaluazioa eta esku hartzea. Koordinazioa eta kolaborazio estrategiak familia, irakasle eta hezkuntza komunitatean. Materiala eta esku-hartze programak…

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Hezkuntzako profesional guztiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude