“Generoarekin zerikusia duten hainbat uste, jarrera zein jokabide deseraikitzea da helburuetako bat”

UEUren udaberriko online eskaintzaren barruan, “Gure eskola hezkidetzen” ikastaroa izango da Ainize Sarrionandia Peña, Ana Novoa Fariñas eta Luixa Reizabal Arruabarrenaren eskutik. Azken biekin izan ginen.

 

Egungo hezkuntza-sistema zein neurritaraino da oraindik ere androzentikoa?
Maila handi batean, androzentrikoa eta sexista dela esan genezake. Curriculum formalari dagokionez, edukiak eta gaitasunak, edukiak lantzeko moduak, irakaskuntza-metodologia zein ebaluazioa eta hezkuntza-materialak gehienetan androzentriko eta sexistak izaten dira. Ezkutuko curriculumari dagokionez, berriz, irakasleek beraien jarrerarekin transmititzen dituzten mezu asko; mintzairaren erabilera; ikasleekiko itxaropenak eta tratua; espazioen banaketa eta erabilera; apaingarriak, erabiltzen diren irudiak, balioak eta beste, sexistak dira ere.

Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza izeneko irakaskuntza-metodologia aktiboa izango da ikastaroaren ardatz nagusia. Zertan datza?
Egoera edo arazo bat planteatuko zaie ikasleei beraien artean ebatzi dezaten. Horrela, beraien parte hartze aktiboa sustatuko da. Irakaskuntza metodologia hori parte hartze aktiboa eskatzen duten jarduerekin osatuko dugu. Esaterako, ikaskuntza kooperatiboan eta gamifikazioan oinarritutakoekin.

Zein eratako gaiak landuko dituzue?
Hasteko, sarrera gisako gai bat dago, non ikastaroaren nondik norakoak azaltzen diren. Ondoren, hezkidetzarekin zerikusia duten zenbait gai teoriko (esaterako, sexu-genero sistema; indarkeria matxistak edo feminismoaren ekarpena) jorratzen dituen gaia dator. Hirugarren gaitik aurrera, hezkidetzaren metodologiarekin hasiko gara. Bi urratsetan oinarritzen da hezkidetzaren metodologia. Hasteko, behaketa, eta, ondoren, esku-hartzea. Hala, hirugarren gaian, curriculum formal zein ezkutukoaren behaketa zorrotza egiten da, sexismoa nola transmititzen den azaltzeko. Laugarren eta bosgarren gaietan, berriz, esku-hartzeari egiten diogu tartea. Hain zuzen ere, curriculum formal zein ezkutukoa hezkidetzaileak izan daitezen egin beharreko aldaketak jorratzen dira. Hezkidetza hezkuntza-testuinguruetan sustatzeko baliabideak aztertzen dira seigarren gaian; eta, azkenik, esku-hartze proiektu bat diseinatzeko eskatzen zaio ikaslegoari.

Nori zuzendutakoa da ikastaroa? Zein helbururekin?
Hezkuntzaren eremuan lanean diharduen edonori; eta, oro har, hezkidetza sustatu nahi duen pertsona orori. Ikastaroaren bitartez, parte hartzaileek generoarekin zerikusia duten hainbat uste, jarrera, jokabide etabar deseraikitzeko eta hezkidetza sustatzeko baliagarri izango zaizkien tresnak eskuratzea bilatzen da.

Ikastaroa online izan arren, argi utzi nahi duzue parte hartzaileak ez direla bakarrik sentituko…
Ezta inola ere!! Lehenengo saioa sinkronoa izango da eta, ikastaroaren berri jasotzeaz gainera, parte hartzaile guztiek elkar ezagutzeko aukera izango dute. Halaber, foro bat egongo da sor dakizkieken zalantzak argitzeko, eta azkenik, une oro izango dute irakasleen laguntza, online tutoretza saio asinkrono zein sinkronoen bitartez. Beraz, lana etxeko bakardadetik egin behar badute ere, beti izango dute lagunduko dien norbait aldamenean.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude