Ibai Fresnedo: “Sexualitatea pertsonaren dimentsio bat baino gehiago da: garena da”

UEUren Udaberriko online eskaintzaren barruan “Hezkuntza afektibo sexuala lantzen Haur eta Lehen Hezkuntzan” izeneko ikastaroa izango da Ibai Fresnedo Moreno UEUkidearen eskutik. Sexu-hezitzailea da Fresnedo, Indarkeria Sexistaren Prebentzioan eskarmentuduna, Genero Berdintasun teknikaria, Hezkidetza Programetan aritua, gizarte eta kultur dinamizatzailea eta EHko Sexu Askapenerako Mugimenduan militantea. Izena emateko epea zabalik dago.

Sexualitatea pertsonaren dimentsio bat baino gehiago da…
Bai hala da! Pertsona guztiak sozialak gara, gorputza dugu eta horren bidez pentsatu, ulertu, adierazi, komunikatu, gozatu, sentitu eta sentiarazten dugu. Sexualitatea hitzekin eta gorputzaren zentzumenekin bakoitzak espresatu, komunikatu, sentitu, lagun min egin, plazera eman eta jasotzeko modua da. Sexualitatea, beraz, pertsonaren dimentsio bat baino gehiago da: garena da.

Horregatik, sexualitatearen garapen integrala eta atsegingarria bermatzea, pertsonaren garapena osotasunean laguntzea da.

Azken finean, sexualitatea gu garen horretan oinarritutako bizipen eta eraikuntza subjektiboa da. Justuki honengatik, hezkuntza afektibo-sexuala haurren eta gazteen hazkuntza integrala lortzeko alderdi funtsezkoa dela deritzot.

Sexualitatearen ulerkera okerra dugu?
Azken hamarkadotan sexualitatearen ulerkeran garapen positiboa egon bada ere, oraindik sexualitatea bera erreprodukzioarekin lotzen jarraitzen dugu, eta ondorioz, genitalak eta harreman erotikoak elementu ezinbestekotzat bihurtzen ditugu.

Hala ere, feminismoak eta disidentzia sexualari loturiko mugimenduek proposamen nahiko interesgarriak eta askatzaileak ekarri dizkigute: gorputz eredu zurrunekin apurtzea; genero arauekin apurtzea; sexu zein genero identitateen markoa zabaltzea; gorputz osoak plazererako duen potentzialitateaz jabetzea; maitasun erromantikoaren mitoa zalantzan jartzea; koitozentrikoak diren praktika erotikoetatik harago esperimentatzea; haurren zein adinekoen sexualitatearen aitortza egitea,…

Hauek guztiek, arestian aipatutako sexualitatearen garapen askatzailean aise lagundu dute; baina erroan, oraindik ere, arlo sinbolikoarekin lotutako aurreiritzi-pentsamendu-praktika hertsi eta zapaltzaile asko oso presente ditugu.

Zenbaterainoko garrantzia ematen zaio heziketa afektibo sexualari eskola eremuan? Zein hutsune daude?
Eskola ez da inoiz sexualitatea lantzeko espazio zilegia izan. Instituzioaz eta hezkuntza sistemaz harago, guk geuk, hezitzaileok, sexualitatea esparru intimo-pertsonalarekin eta izaera erreproduktiboarekin lotzen jarraitzen dugulako; eta familiaren esku gelditu beharreko lanketa dela uste dugulako.

Gainera, eskolak, nahiz eta beren curriculumean arlo afektibo-sexualei garrantzia eman, gehienetan, eskola bera etorkizuneko “langile jakintsu eta konpetenteak” sortzeko balio duen eragile gisa ulertzen dugu; jakintza teknikoetan azpimarra jarriz; eta ez hainbeste bizitzaren bizigarritasunean.

Beraz, hezkuntza afektibo-sexualaren bueltan dauden hutsuneak faktore anitzetakoak dira. Batetik, haur zein gazteek erreprodukzioari, harreman erotikoei edota pornografiari lotutako informazio asko dute, baina sexualitateari lotutako beste hainbat esparruetan hutsune eta premia handiak dituzte.

Bestetik, irakasleek (beste lanketa batzuekin gertatzen ez zaien bezala), hezkuntza afektibo-sexuala lantze aldera, formazio, gaitasun eta tresna gutxi dituztela uste dute. Hala ere, gehienetan, segurtasun eta ausardia falta horren atzean dagoen ezinegon inplizitua familiekin loturikoa da. Hau da, familien aldetik kexak edota mugak jasotzeari lotutako beldurra.

Azkenik, nire iritziz, eta hezkuntza komunitatearen eragile garrantzitsuena den heinean, eskolak oraindik ez du lortu familien inplikazio erreal bat. Azken hau, sexualitatearen lanketa komuna egin ahal izateko funtsezkoa da…Bestela heziketa afektibo-sexualaren gabezian jarraituko ditugu hezten gure haur eta gazteak.

Heziketa horren faltak zer dakar?
Sexualitatea txiki-txikitatik ez lantzeak, gerora helduaroan, afektuen, harremanen, fantasien, komunikazioaren edota identitatearen dimentsioetan gabezia asko sor ditzake; baina batez ere, eta lehen bota dudan ideiaren harira, heziketa falta horrek gure haur eta gazteak sexualitatea modu bortitz, moralista, ezkutu eta sinplistan bizitzera bultzatu ditzake.

Gainera, heziketa afektibo-sexualaren lanketa faltak, egun jendarteak eskaintzen digun sexualitate eredu hertsia eta diskriminatzailea onartzea dakar ere; ez baitugu tresna edota aukera askorik eredu horretatik ihes egiteko. Honek beste ondorio negatibo batera eramaten gaitu; alegia, sexualitatea dominazio-sumisio parametroetan ulertzera. Hau esanguratsua da, are gehiago egun jendartean bizi dugun hipersexualizazioa dela eta!

Horregatik da hain beharrezkoa haurrak zein gazteak hezkuntza afektibo-sexualaren balio inklusibo eta anitzetan heztea. Honek tresna dezente eskainiko baitizkie emakumeen kontrako indarkeriaren edota LGTBfobiaren aurrean ere bai, adibidez.

Zein eratako gaiak landuko dira ikastaroan? Zein izango da metodologia?
Ikastaroari hasiera emateko jendartean hain errotuta daukagun sexualitate eredu hegemonikoa aztertuko dugu. Behin irakurketa kritiko hori egin dugula, haur eta gazteen garapen afektibo-sexuala ezagutzera pasako gara, etapa bakoitzari lotutako ezaugarri zehatzak landuz.

Ondoren hezkuntza afektibo-sexualaren oinarriak landuko ditugu; gure egunerokoan eta ikastetxearen errealitatean ditugun indargune zein gabeziekin lotuz. Bukatzeko, aniztasun sexuala ezagutzera igaroko gara.

Metodologiari dagokionez, oso ikastaro praktikoa eta dinamikoa izango da; gaiaren bueltako eztabaida eta gogoeta asko ahalbidetuko baititu.

Unitate didaktiko bat ere diseinatu beharko dute ikasleek…
Bai horixe! Ikastaroa bukatutzat emateko, bakoitzak unitate didaktiko xume bat sortuko du, gerora bere ikastetxearen errealitate propioan aplika dezan.

Hau guretzat ezinbestekoa da; askotan horrelako formazioetan lantzen den teoria hori guztia lurreratzeaz ahazten garelako; eta justuki hor dago ikastaro honen gakoa. Alegia, teoria lantzeaz gain zerbait praktikoa eta erreala sortzea.

Zer lortu nahiko zenuke ikastaro honekin?
Konplexua badirudi ere, niretzako garrantzitsuena animatuko diren horiek entzutea, baliabideak eskaintzea eta beraien beharrak asetzea izango da.

Bestetik, sexualitatearen ikusmirak zabaltzea lortu nahiko nuke; hori baita esparru honetan lan egiten dugunon eguneroko lana. Hau da, eraldaketa sozialerako hain funtsezkoak diren eragileen begiak aniztasunera zabaltzea.

Aurrekoetan, jendeak oso pozik bukatu du ikastaroa…Beraz, ikus dezagun honetan ere plazerez lehertzen garen!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude