Ibai Redondo: “Ikasleen ahalduntzea, autonomia eta ikuspegi kritikoa sustatu behar du ebaluazio hezitzaileak”

Datorren otsailaren 8rako “Egungo Eredua Irauliz. Ebaluazio Hezitzailea Iruten” II. jardunaldiak antolatu ditu UEUk LABekin elkarlanean. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago, eta jardunaldion gainean gehiago jakin asmoz, Ibai Redondo Beitia LABeko hezkuntza politikako arduradunarekin izan gara.

Iruten dinamikaren barruan kokatzen da jardunaldia. Nondik abiatzen da dinamika hori? Zeri erantzuteko?
Euskal Herriak ez du hezkuntza sistema propiorik eta ditugun hezkuntza sistemak ez daude gure herriaren garapen kultural, sozial edo ekonomikorako pentsatuta. Iruditzen zaigu egungo hezkuntza sistemak, espainiar eta frantsesaren menpekoak, kapitalaren menpekoak, agortuta daudela, zaharkituta. Hezkuntza sistema eraldatuz, hezkuntza sistema burujabea eraiki behar dugu. Hezkuntzak behar duen eraldaketa horretan, oztopo handia da azterketa eta kalifikazioan oinarritzen den ebaluazio eredua. Iruten filosofia, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzean oinarritzen da; hezkuntza sistema euskalduna, euskal kulturaren transmisioa bermatuko duena, hezkidetzailea, inklusiboa,…Behar dugun hezkuntza sistema berri hori iruteko oztopoa da ebaluazio eredu klasikoa. Hezkuntza eraldatzeko beharrari erantzuten dio Iruten dinamikak, filosofia ekintzailea da, eginez eraldatzea, baita ebaluazio eredua ere.

Ebaluazio hezitzaileaz ari garenean, zertaz ari gara? Nolakoa behar luke?
Maiz, ebaluazioa azterketekin eta notekin irudikatzen dugu; selektibitatea eta baxoa dira sistema horren erakusgarri nagusiak. Ikaslei urduritasuna, antsietatea, frustrazioa edota haserrea bezalako bizipenak eragiten dizkie. Azterketa ereduaren bidez, ikasleen sailkapena egiten da: “onak/txarrak”, “listoak/tontoak”,… Hain justu hezkuntzak izan behar ez duen guztia da ebaluazio eredu hau. Ebaluazio Hezitzailerako ez dago eredu bakarra; baina ebaluazio hezitzailea, hobetzera bideratua dago: ekitatean, aukera berdintasunean, ikuspegi hezitzailean, ongizatea erdigunean kokatzean oinarritzen da. Azterketa-kalifikazioa binomioarekin apurtzen da, egunerokotasuneko lana ebaluatzen delarik. Ebaluazio horretan, ikasleak, irakasleak edo ikastetxeak ez dira objektuak, subjektuak baizik. Ikasleen ahalduntzea, autonomia eta ikuspegi kritikoa sustatu behar du. Joxe Mari Auzmendik Hik Hasiko sortzaileak dio ebaluazioa litzatekeela “eskola komunitateko kideak eskolara bidean eta handik bueltan duten poza, irrika, jakin mina, harreman mota…” . Ikasleen eta hezkuntza komunitatearen ongizatea izan behar du helburu ebaluazio eredu on batek; autoebaluazioan, koebaluazioan oinarritua.

Lehenengo jardunaldietan marko teorikoa osatzea izan zen helburu. Oraingoan praktikara eramatea da asmoa… Zein eratako adibideak ekarriko dituzue jardunaldira?
Ebaluazio hezitzailea ez da amets bat, errealitatea da hainbat ikastetxe eta unibertsitatetan. Eibarrera egiten ari den guztiaren lagin bat ekarriko dugu. Erakutsiko dugu, oztopoak oztopo, haur eskolatik unibertsitatera, posible dela ebaluazioa sistema eraldatzea. Haur eskolan, lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean egiten ari den eraldaketa ezagutuko dugu. Ikastetxeetako irakasle-hezitzaileak izango dira beraien esperientzia praktikoaren berri emango digutenak.

Zein da jardunaldion azken helburua?
Helburua gosea eta irrika sortzea da, aldatzeko gogoa piztea. Hauek egiten badute, nik, guk zergatik ez?

Iruzkinak (1)

  • Guztiz ados,
    Haur eta lehen hezkuntzan pausu dexente eman diren arren, badira aldatzeko gauzak. Baina gehienbat bigarren hezkuntzan oro har erabiltzen jarraitzen den dinamika (metodologia, ebaluazioa, etab..) guztiz atzerakoia eta desmotibatzailea da, ikasteko grina zapaltzen duena. Ezagutzen ditut lanbide heziketako ikastetxeak eta badakit bertan aldaketa aireak dabiltzala azken urteetan nahiz eta oraindik egiteko gauza asko izan. Baina nire galdera beste etapa batera zuzenduta doa, zer demontre egin batxilergoarekin selektibitate froga madarikatua existitzen den bitartean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude