Jean Yves Agard: «Hizkuntzak kultur faktore legez lurralde bat era positiboan bereiztea ahalbidetzen du»

«Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak» izeneko jardunaldia antolatu dute UEU eta UEMAk datorren azaroaren 21rako Orion. Besteak beste, Jean Yves Agard soziologian doktorea gonbidatu dute antolatzaileek. Savignac-eko Nazioarteko Goi Eskolan da irakasle gaur egun, ostalaritza eta turismoren kudeaketa estrategikoaren arloan.  Ekonomiaren, turismoaren, nortasunaren eta kulturaren bateratzeaz jardungo du berak; Perigordeko eskualdeko (Okzitania) esperientzian oinarrituta.

Zein da hizkuntzen papera kohesio sozialean eta lurraldeen erakargarritasunean?
Gaur egun antropologo eta psikosoziologo gehienak itxura batean bat datoz hizkuntza norbanakoaren sozializaziorako izpide erabakigarriena dela. Komunikazio bektorearen funtsezko eginkizunaz gain, badakar ere norberak pixkana atzeman, deskubritu, ulertzea, parte garen edo parte izan nahi genukeen taldeko balioak eta arauak hartu eta barneratzea. Identifikazio faktore legez partaide izatearen sentimenduaren garapena laguntzen du (ez badugu identitate hitza erabili nahi, Frantzian polemika eta jarrera erradikalen iturri dena; komunitarismoa, inboluzioa, xenofobia eta arrazakeria hitzen sinonimotzat hartzen baita).

Hizkuntzari nazioaren «zementu» ere deitzen zaio batzuetan. Berriro ere termino honen definizioa adostu beharko genuke; baina antropologoari hizkuntza menperatzeak bere ingurua deskodetzeko eta berarekin harremanetan sartzeko aukera ematen dio, batez ere gai sinbolikoetan (hots, biltzen duena). Beraz, hizkuntza kohesio sozialerako bektore da, «elkarrekin bizitzea» eta norbera kide den taldearen munduarekiko ikuspegi zehatza (Welberren “Weltanschauung”a) zabaltzea ahalbidetzen du. «Ni»tik «Gu»rako pausu horri esker, kontzientzia indibidualetik kontzientzia kolektibora igarotzen da, kide izatearen harrotasuna sortuz. Halaber, komunitatearen onerako diren lankidetza praktikak sustatzen ditu (komunitateari laguntzeko eta taldearen onurarako inbertitzeko borondatea, prestakuntza, ekintza sozial eta ekonomikoetan jardutea).

Gogora dezagun, azkenik, alde batetik, defendatzen dugun hizkuntzaren kontzeptua jarrera ireki batean oinarritzen dela, gure bizitzan zehar ezagutu eta kudeatzen ditugun sozializazio prozesu eta giza esparru ugarirekin lotua; eta, bestetik, aniztasun hori beharrezkoa dela, sormen iturri baita.

Amaitzeko, lurraldeen erakargarritasunari dagokionez, hizkuntzak kultur faktore legez lurralde bat era positiboan bereiztea ahalbidetzen du. Turismo nazionalaren testuinguruan (Frantzian edo Europan), «hurbileko exotismo» fenomenoa sortzen du. Erabateko lekualdaketa dakarren esperientzia turistiko osoa eskaintzen laguntzen du.

Zein da Perigordeko egoera turismoari eta okzitanierari dagokionez?
Perigordeko kasua paradoxikoa da. Okzitanieraren eremu linguistikoa kontuan hartuta, hizkuntzaren erabilera biziena duen lurraldeetako bat da. Hala ere, baliabide estrategikotzat dugun kultur ondasun hau, herri elkargoek, departamenduak, eskualdeak eta eragile ekonomikoek ez dute kontuan hartzen, edo oso gutxi, lurralde garapenean eta turismoan. Gure departamenduak ondare material eta ez materialeko baliabide ugari baditu ere, dimentsio linguistiko eta kulturala ahaztu egiten da; are gehiago, alperrik galdu, aukera politiko bakar baten onerako eta historiaurrean zentratzen diren inbertsio ekonomiko garrantzitsuen laguntzarekin.

Gauzak horrela, lurraldea ez da izendatzen, ez da aurkezten, ez da nabarmentzen okzitaniar lurralde legez, ikuspuntu bereizgarri batetik. Batez ere historiaurrea lehenesten da nazio zein nazioarte mailako sustapen turistikoko kanpainetan. Hala ere, ikusten da bertako biztanleei oso zaila zaiela historiaurreko irizpideen arabera proiektatzea, identifikazio positiboaren fenomenoa ez da eragingarria. Gainera, bigarren faktore negatibo bat sartzen da jokoan, arlo kultural eta linguistikoan; biztanleek eta elite agintariak (politiko eta ekonomikoak) euren berezko kulturarekiko lotsa barneratu dute. Okzitaniera ez da kontsideratzen, ez eta izendatzen ere hizkuntza bezala, baizik eta “patois”, azpi-mintzaira bezala. Ezagutu eta erabili arren ere, antzinakotzat eta interesik gabekotzat dute. Argi dago, Bourdieuren “Distinction”aren -autore honen liburu baten izenburua da eta “Bereizkuntza” esan nahi du) – fenomenoa hemen oso eraginkorra dela, milurteko zentralizazioaren ondorio legez. Garapen ereduak kapitalarenak dira eta oso gutxitan hartzen dira kontuan lekuko potentzial kulturalak. Estrategiko hitzaren definizio garaikideari jarraiki, hau da, “bereizte positibo, bakar eta egonkorra ahalbidetzen duena (M. Porter)”, uste dugu, identitate indartsuko beste lurralde batzuen gisara, okzitaniar kultura desberdintzeko sustagarri berritzailea izan daitekeela.

Zerbait nabarmendu nahiko zenuke?
Okzitaniera arrisku larrian dago, eta berarekin munduaren ikuspegi bat, bizitzeko molde bat egon daitezke galzorian. Hainbat lagun, talde, erakunde, alderdi politiko, bere erabilera mantentzeko eta garatzeko ahaleginean dabiltza. Beraien ekintzak arlo kulturalean ardazten dituzte, kultura akademikora (historia, irakaskuntza, literatura, hizkuntzalaritza, musika, antzerkia, dantza, folklorea…).

Nire aldetik konbentzituta nago hizkuntza babesteko eta berritzeko bideetako bat ekonomian benetako paper bat jokatzea litzatekeela; balioa sortzen lagunduz, bereizteko eta sustapenerako aktibo bihurtuz.

Beraz, lurraldeko arduradunek (departamentuak, erregioa; merkataritza, industria, eta artisautza ganbarak) marka guardasolak (orokorrak) eta labelak sortu beharko lituzkete, kultura eta hizkuntza okzitaniarrean oinarritutako diseinuak erabiliz. Marka eta label hauek, besteak beste, bertako ekonomia, sare zirkularrak, produktu biologiko eta gama altuko produktuei dagozkien zehaztapen zehatzak bete beharko lituzkete, zerbitzu eta produktuen egiazkotasuna bermatzeko. Eragile ekonomikoen (turismo eragileak, sormen industriak zentzu zabalean) formakuntza proposatu beharko litzateke Okzitaniako kulturan; berau hartu eta beraien lanbideetan erabili dezaten berrikuntza iturri moduan (diseinua, narrazioa, publizitatea, packaging-a…).

Bi proposamen hauen gauzatzeak aukera estrategiko berritzailea suposatuko luke. Lurralde ireki eta sortzaile bat ahalbidetuz, non, behingoz, kultura, nortasuna eta ekonomia uztartuak egongo liratekeen, denen onerako.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude