Itxaso Larrinaga: “Azken 73 urteetako Euskal Herriko basoen bilakaera aztertzeko erabili dugu GIS programa”

UEU eta Gislan kooperatibak “Geomatika eta Inteligentzia Espaziala 2019” jardunaldia antolatu dute datorren azaroaren 15erako, Gasteizen. Itxaso Larrinagak “Zenbaterainoko garrantzia dute baso iraunkorrek egungo saguzar baso-espezialista hertsietan?” izeneko lana aurkeztuko du bertan.

 

Zenbaterainoko garrantzia dute baso iraunkorrek egungo saguzar baso-espezialista hertsietan?”. Horixe jardunaldian aurkeztuko duzun lana. Zertan datza zehatz-mehatz?
Europako basoen antzera, Euskal Herriko basoek historian zehar presio antropogeniko sendoak jasan dituzte. Honen ondorioz, denboran iraunkorrak diren basoak; egituran, konposizioan eta estratifikazioan dibertsoak direnak, paisaian murriztuta eta zatikatuta ageri dira. Guzti honek, eragina dauka biodibertsitatean; eta, bereziki, baso iraunkorren estruktura eta prozesuekiko menpekotasun hertsia duten bizidunetan. Honen adibide bat Myotis bechsteinii basoko saguzarra dugu. Izan ere, espezie honek baso hostozabalekiko menpekotasun hertsia du eta, horrenbestez, habitat suntsipenak espezie sedentario honen populazioen gainbehera eragin duela iradoki da.

Testuinguru honetan, ikerlan honen helburua azken 73 urteetako Euskal Herriko basoen bilakaera aztertzea da; saguzar baso-espezialista hertsien banaketan basoen iraunkortasuna gakoa ote den argitzeko. Honetarako, Amerikako Estatu Batuetako aire-armadak 1947. urtean egindako foto-digitalizatuetatik abiatuz, garaiko basoen kartografia digitala eraiki da; gerora gaurko basoen banaketarekin alderatzeko; eta, horrela, egungo baso iraunkorrak identifikatzeko. Metodologia moduan GIS programa informatikoa erabili dugu eta informazio geografikoa Euskadiko erreferentziazko geoataritik (geoEuskadi) eta Nafarroako Gobernuaren geoataritik (SITNA) lortu da. Gainera, baso iraunkorren maparekin batera, egungo ingurumen-baldintzen datuak erabili dira Maxent softwarearekin Bechstein saguzarraren banaketa modelizatzeko; eta, azkenik, baso-saguzar honek baso iraunkorrekiko menpekotasunik ba ote duen aztertzeko.

Zer nabarmendu nahiko zenuke?
Alde batetik, nabarmenduko nuke, lan honetan GIS metodologia eta informazio geografiko askea erabiliz, Euskal Herriko denboran iraunkorrak diren basoak identifikatzea lortu dela. Honekin batera, desagertzeko zorian dagoen Bechstein saguzarrarentzako denboran iraun duten baso hostozabalak gakoak direla iradoki da. Halatan, teknologia honek Bechstein saguzarra lagintzeko leku berriak identifikatzea ahalbidetu du; kolonia ezezagunak aurkitzen eta populazioaren egoera hobeto ezagutzen lagun dezaketenak.

Bestalde, jardunaldi honi esker zientzia, teknologia eta zergatik ez, euskararen erabilera zabaldu eta sustatzea lortzen dela azpimarratuko nuke. Areago, arlo hauetan emakumeen presentzia aipatzea ezin da ahaztu. Izan ere, jardunaldian parte hartuko dugun hizlarien ia erdia emakumeak gara eta horrek norabide egokian goazela adierazten duela uste dut.

Jardunaldian GIS teknologiaren oraina eta geroa aztertuko da. Zer dakar GISteknologiak?
Nire iritziz, GIS teknologiak arlo desberdinetan aurrerapen oso interesgarriak ekarriko ditu. Adibide moduan, aurkeztuko dudan lanak ekosistemen eta biodibertsitatearen kontserbazioan inplikazio garrantzitsuak izan ditzake. Hala nola, ikerketa eremuan iraunkorrak diren hostozabalen hainbat baso interesgarri aurkitu direlako; Natura 2000 sarea indartzeko eremu berri edota balio bereziko korridore-ekologiko bezala jokatu dezaketenak.

Honen harira, GIS teknologiak arlo desberdinen ikuspuntuak bateratzea ekarriko digula espero dut. Izatez, ikerketa lanetan adar desberdinetatik elkarrekin jardutea funtsezkoa dela iruditzen zait. Zehazki, lan honetan Jokabide-Ekologia eta Eboluzioa Saguzarretan Ikerketa Taldearen ikuspuntua GIS teknologian aditua den Aitor Bastarrikarenarekin integratu dugu; eta, horrela,emaitza polit bat lortu dugula uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude