Datorren azaroaren 21rako UEMAk eta UEUk elkarlanean antolatutako “Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak” jardunaldian, Jon Elzo Aizarnak emango du irekiera hitzaldia. Euskararen eta turismoaren arteko uztarketa izango du mintzagai Gura proiektuko kideak.
Gura proiektuan neuromarketina erabiltzen duzue. Berria da gurean. Zertaz ari gara neuromarketinaz ari garenean?
Neuromarketinak merkatu ikerketara tresna neurozientifikoak ekartzen ditu. Honi esker estimulu baten aurrean (irudi bat, mezu bat, bideo bat, produktu bat…) gure garunaren erreakzio ez kontzienteak ezagutu eta neurtu ditzakegu.
Zein abantaila ditu neuromarketinak?
Gaur egun frogatua dago pertsonok hartzen ditugun erabakien %95a gure garunaren alde ez kontzienteak hartzen dituela. Orain arte erabili diren (eta oraindik erabiltzen diren) merkatu ikerketa teknikek (galdetegiak, talde bilerak…) gure garunaren alde kontzienteari egiten dizkiote galderak; zergatik erosi duzun produktu hau, zer iruditu zaizun irudi hau eta abar…. Gure alde kontzienteak erabakien %5a hartzen du. Neuromarketinak garunaren alde ez kontzientea aztertu eta neurtzean merkatu ikerketan emozioak ezagutzeko aukera ematen digu.
Jardunaldiko gaiarekin lotuta (euskara eta turismoa) nola aplikatu daiteke?
Gai honetan nire ustez oso interesgarria litzake euskarak bisitariekin dituen “kontaktu uneetan” (webgunean, seinaleetan, hotelean, kalean….) sortzen duen inpaktu emozionala ezagutzea. Seguru emaitza ezberdinak ditugula momentu eta egoera ezberdinetan. Euskararekin dituzten “harreman/kontaktu momentu” horiek etorkizun batean, behin euren herrietan, euskararekiko edukiko duten jarreran garrantzi handia edukiko dute.
Zer nabarmendu nahiko zenuke zure hitzaldian?
Euskara eta turismoaren arteko uztartzean sakondu nahi dut. Lehenik eta behin euskarak bisitariarentzat eduki dezakeen garrantziaz hitz egin nahiko nuke; eta, ondoren, euskarak industria turistikoan duen eta eduki dezakeen paper ezberdinen inguruan hausnartu eta hausnartu arazi nahi nuke.