Jesus Alvarez “Ohartzen ez bagara ere, hiritarrok ‘mundu espazial’ batean bizi gara”

Azaroaren 15ean izango da “Geomatika eta Inteligentzia Espaziala 2019” jardunaldia Gasteizen, UEUren eta Gislan kooperatibaren eskutik. Bertan izango da Jesus Alvarez Mozos NUPeko Geografia-informazioko Sistemen eta Teledetekzioaren inguruko masterreko zuzendari akademikoa.

 

NUPeko Geografia-informazioko Sistemen eta Teledetekzioaren inguruko masterraz jardungo duzu. Zergatik da horren garrantzitsua GIS teknologia?
GIS teknologiak informazioaren izaera espazialean du oinarria, izaera espazial honek informazioari balio erantsi interesgarri bat gehitzen diolarik. GISak informazio espazialaren balio erantsi hau ustiatu eta azaleratzea du helburu, horretarako teknologia desberdinak erabiliz. Ohartzen ez bagara ere, hiritarrok ‘mundu espazial’ batean bizi gara eta egunerokotasunean baliagarriak zaizkigun datu eta informazio desberdin asko koordenatu, helbide edota esparru geografiko jakin batera lotuta daude. GIS teknologien bidez datu horiek landu eta ustiatzean, errealitatea hobeto uler dezakegu eta erabaki hobeak hartu. Hau ezinbestekoa da administrazio publikoentzat zein enpresa eta hiritar soilentzat ere.

Orain bost urte jarri zenuten martxan masterra. Zein aldaketa izan dira urte hauetan guztietan?
Beste edozein arlo teknologikotan gertatzen ari den bezala, GISa eta teledetekzioa etengabe eraldatzen ari dira. Aurrerapen teknologiko azkar eta geldiezin honek duela urte gutxi ezinezkoak ziruditen prozesuak eta aplikazioak bideragarri egiten ditu urte gutxiren buruan; eta bost urte hauetan izan dira, bai, aldaketak. Zerbait nabarmentzekotan, nire iritziz hiru gauza esanguratsuenak direnak aipatuko nituzke.

Lehenik eta behin, gaur egun sortzen diren datu kopuru izugarriak nabarmenduko nituzke; eta baita instituzio eta administrazio askok datuak era ireki batean zabaltzeko egiten ari diren lana ere. Honek, datu guzti hauek prozesatu, landu eta informazioa erauzteko erabili behar ditugun tresnak egokitzea eskatzen du; eta, ondorioz, adimen artifizialaren arlotik datozen tresnen erabilera gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da.

Bigarrenik, GISaren arloan software irekiak lortu duen maila aipatuko nuke; honek, eta lehen aipatutako datuen distribuzio irekiak, GISa tamaina eta arlo oso desberdineko erakundeetara iristea ahalbidetu du, bere erabilera demokratizatuz.

Azkenik, teledetekzioaren arloan lurra behatzen duten sentsoreen aniztasuna eta berauetatik lor daitekeen informazioaren balio izugarria nabarmenduko nituzke. Honek, eskala oso desberdinetan lan egitea ahalbidetzen du, dronek edo LiDARak bezalako teknologiek eskaintzen dituzten erresoluzio zentimetrikoetatik satelite bidezko misio globalek ematen duten panoramika orokorragora; arlo desberdinetako aplikazioen beharrak asebetetzeko lain. Behaketa hauen maiztasuna nola laburtzen ari den ikusgarria da, klima aldaketa bezalako fenomeno dinamiko eta konplexuen azterketa eta segimendua posible eginez.

Azken gogoeta gisa aipatuko nuke hiritarrok gero eta ohituago gaudela informazio geoespaziala kontsultatu eta erabiltzen; mugikorretan erabiltzen ditugun kartografia eta nabigazio aplikazioetatik hasi eta hedabideetan geroz eta gehiago areagotzen ari den mapen erabilerara (adib. hauteskundeetako emaitzak ikustarazteko). Joera hau naturala ikusten dut eta arlo honen garapenerako oso positiboa dela iruditzen zait.

Zure hitzartzean zer nabarmendu nahiko zenuke?
Alde batetik geoinformazioaren teknologien egungo egoeraz eta etorkizunaz arituko den mahai inguruan parte hartuko dut. Nola ez, formakuntzak duen garrantzia mahai gainean jarriz eta unibertsitateek beste erakunde publiko zein pribatuekin izan behar dituzten hartu-emanen garrantzia nabarmenduz. Geroago, hitzaldi labur bat emango dut, gure masterraren nondik norakoak ezagutaraziz, eskaintzen dugun prestakuntza ibilbidea azalduz, eta bost urte hauetako balorazioa eginez. Ziur naiz jardunaldi oso interesgarriak izango direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude