Itsaso Olaizola: “Turismo sailetik ere hizkuntza politika egiten da”

UEMAk eta UEUk elkarlanean Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak izeneko jardunaldia antolatu dute azaroaren 21rako Orion. Bertan Itsaso Olaizola Azurmendi Kutxa Ekoguneako teknikari eta UEUkideak  hizkuntza ekologia izango du mintzagai.

Hizkuntza-ekologia: turismoa eta hizkuntza garapena” horixe jardunaldian landuko duzun gaia. Zertaz ari gara hizkuntza-ekologiaz ari garenean?
Hizkuntza guztien berdintasunetik abiaturik, hizkuntza bakoitzaren garapen jasangarria lortzea du helburu hizkuntza-ekologiak. Egungo hizkuntza larrialdiari erantzuteko, eta mundu hobea eraikitzeko, ekologiaren ikuspegia, ezagutza eta aktibismoa hizkuntzetara ekartzen ditu hizkuntza-ekologiak; eta munduko hizkuntza aniztasuna babestu eta tokiko hizkuntzak biziberrituko dituen paradigma gisa planteatzen da.

Ekologiaren kezka hizkuntzetara muin muinetik dator, garapen jasangarriaren definizio beraren baitatik. Izan ere, garapen jasangarriaren hiru dimentsioak -ingurumena, gizartea eta ekonomia- bat egin behar dute, garapen eredua jasangarria izango bada. Gizarte edo dimentsio soziokulturalaren muinean kokatzen da hizkuntza, baina, egungo garapen ereduan, hizkuntzak desagertzen ari dira, pobretzen ari gara, aniztasuna eta bizirauteko gaitasuna galtzen ari da.

Euskara eta turismoa. Zer eman diezaiokete batak besteari?
Turismo eredua bat izan edo beste izan, tokiko kulturan eta hizkuntzan eragin positiboa edo negatiboa izango du. Turismo eredua, jasangarria bada, tokiko kultura eta hizkuntzaren garapenenerako aukera eman beharko du. Nolakoa da euskararen lurraldean sustatzen ari den turismoa?

Galdera honi erantzuteko beste hainbat galdera ere egin ditzakegu: Herri turistikoetan, nola bizi dira bertako biztanleak? Zenbat turista jasan ditzakete gure herrietako alde zaharrek? Nola eragiten du turismoak etxebizitzen prezioan eta alokairuetan; hirigintza ereduan, bizi ohituretan eta bertakoen hizkuntza erabileran? Turismoa norentzat da onuragarria? Oso desberdinak al dira gure hirietako etorbide nagusiak? Euskarara etorrita, turistak badakite euskara badenik ere? Badute harremana euskararekin? Turistek euskara ulertzen ez badute, menuak zein hizkuntzetan egon behar dute? Turistak eta bertakoak nahasten al dira gurean? Gentrifikazioa ematen ari da turismoarekin?

Bestalde, gure gastronomiatik harago, euskararen lurraldera datozen turistei, euskara, gure ohiturak, bizitzeko moduak ezagutzeko bideak ematen badizkiegu, euskara Basque Country markaren barne bada, euskararekiko dugun atxikimendua eta lilura transmititzen badiegu, Turismoak aukera bat ireki dezake euskararen biziberritzean, turismoa eta turistak, euskararen sustatzaile ere izan daitezke munduan barna. Izan ere, euskaratik unibertsalak ez bagara, munduko herriak gero eta homogeneoagoak badira, zertarako izan turista? Tokiko hizkuntza txikiagotuek mundua beste modu batean ulertu eta eraldatzeko aukera ematen dute, mundu ikuskera osoa dago hizkuntzaren baitan. Ez al du turistak aniztasun hori bilatzen? Turismo eredua jasangarriak tokiko hizkuntzak garatzeko aukera eman dezake.

Zer nabarmendu nahiko zenuke zure hitzartzean?
Hizkuntza-ekologia: turismoa eta hizkuntza garapena da nire hitzaldiaren izenburua eta turismo ereduaren eta hizkuntzen garapenaren arteko loturaz hausnartuko dut: Euskararen biziberritzeak turismo jasangarriari egiten dion ekarpena azpimarratuko dut; eta, era berean, turismo eredu jasangarriak tokiko hizkuntza eta kulturak unibertsalak egiteko duen potentziala ere bai. Izan ere, konturatzen hasiak gara, mundu gero eta konplexu eta globalagoan, hizkuntza politika ez dela soilik euskara sailetik egiten; besteak beste, turismo sailetik ere hizkuntza politika egiten da, eta, beraz, turismo sailetik ere hizkuntza kudeaketa egin behar dugu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude