Imanol Esnaola: “Euskal Herriaren nazio garapenak sozio-ekonomia arloan lurralde mailako desagregazioa eskatzen du”

Gaindegiako Imanol Esnaola Arbizak ere parte hartuko du UEUk Ekonomisten Euskal Elkargoarekin antolatutako Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean. Baliabide geostatikoak izango ditu mintzagai.

 

Baliabide geostatikoez jardungo duzu jardunaldian. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuna?
Analisi sozioekonomikoak hainbat mailatan egin daitezke (gaika, sektoreka, lurralde maila desberdinetan…). Euskal Herriaren nazio garapenak sozio-ekonomia arloan lurralde mailako desagregazioa eskatzen du. Azken aldian ezagunak egin zaizkigu sekziokako datuak hauteskunde giroan. Gaindegiak urteak daramatza Euskal Herriari buruzko datuak ahal duen bezainbeste desagregatuta ematen. Informazioa eskura jartzeko sortu ditugun baliabideak azaldu nahi genizkieke ekonomialariei, etorkizunean balia ditzaten.

Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Ohikoa da datu estatistikoez mintzatzea; geuk, ordea, datu espazialak ere eskaintzen ditugu. Hor dago geoestatistikaren oinarrietako bat; baina ezinbestekoa da informazio hori eskura dagoela eta analisietan baliatu daitekeela jakitea. Gure herria ezagutu eta bere nazio garapenean argi egin dezaketen ezagumenduak azaleratzea denon esku dago. Gaindegiak baliabideak eskaini nahi lituzke, nahiz eta ez zaion erraza gertatzen, nazio garapenera emandako erakunde teknikoek bizi duten bazterketa medio.

“Historiatik etorkizunera” lemapean egingo da biltzarra. Zer ikasi beharko genuke historiatik?
Gure komunitate nazionala iraunarazteko estrategian sentimenduak gidatu gaitu XX. Mende osoan zehar. XXI. mendeak, ordea, erronka handiak ekarri ditu komunitate nazional ororentzat; batez ere estaturik ez dugunontzat. Sozio-ekonomia arloan komunitatearen ongizatea bermatu eta inguru iraunkor bat izatera iristeak; beraz, ezagumendua garatzera eraman behar gaitu. Hor dago erronka eta hor dugu herri garen aldetik bizi dugun ukazioak eragindako gabezia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude