Aitor San Francisco: “Ekonomia zirkularrak ez du hazkundearen arazoa mahai-gaineratzen”

Datorren azaroaren 14an Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra egingo da Donostian, UEU eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren ekimenez. Bertan ekonomia zirkularraz jardungo du Bilibin koop-eko Aitor San Francisco Lasak.

Ekonomia zirkularra izango duzu hizpide biltzarrean. Doktore-tesia horren gainean egiten ari zara. Zein da zehatz-mehatz zure ikerlana?
Nere ikerlanak ekonomia zirkularreko ziklo itxierak bizi zikloaren analisian nola barnera daitezkeen aztertzea du jomuga. Era horretan, azterketa sakonagoa egin ahal izango da; ekonomia zirkularreko baliabide desberdinen aldaerek, ingurumenaren ikuspegitik benetako hobekuntza eskaintzen ote duten jakiteko. Hau da, ikuspegi iraunkorretik, ekonomia linealeko (hustiatu-erabili-bota) produktu baten eta zirkularraren arteko aldea zenbatekoa izan daitekeen.

Biltzarrean Iñigo Ruiz de Apodacarekin landuko komunikazioa aurkeztuko duzu. Zertan datza? Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Argi dago ekonomia zirkularra bogan dagoen terminoa dela, nonahi entzuten baita; hala ere, gaur egun, oso urrun gaude errealitate zirkular batera heltzeko. Ekonomia zirkularra azken hamarkadetan baliabideen inguruko arazo eta prezioen gorabeheren ondorioz sorturiko konponbide-planteamendua izan da. Hala eta guztiz ere, bere printzipioen artean ez du hazkundearen arazoa mahai-gaineratzen; hau da, ekonomiaren sustapena hazkundean oinarritzen da oraindik ere; eta nahiz eta ekonomia berdeagoa planteatzen duen, ez dugu uste muinera doan konponbidea denik. Berrikuntza gisa, berriz, eskertzen da, apurka apurka indarra hartzen duen ekonomia izanik, ikuspegi iraunkorragoa izan baduela. Ikuspegi hori benetan nola errotzen den, oraindik ikusi beharreko kontua da.

“Historiatik etorkizunera” lemapean egingo da biltzarra. Zer ikasi beharko genuke historiatik?
Gauzak nola egin behar ez diren ikasi beharko genuke historiatik; edo sikiera, ikasi zeintzuk izan diren krisi gogorretara eraman gaituzten erabaki kritikoak. Bestalde, ingurumena ez da sekula ekonomiaren ardatzean egon, zentroan beti ekonomia kapitalista egon da (bere aldaera guztietan) eta, ostean, neurri txikiagoan, gainerakoa; gizartea eta ingurumena. Ikuspegi ekonomiko batzuetan gizarteak pisu handiagoa izan badu ere, oraindik ikusteko daukagu benetako ekonomia iraunkorra nolakoa izan behar den.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude