Igor Etxabe: “Historian zehar gure herrialdeak izan dituen bertute eta gabeziak aintzat hartzen badira, zehatzago finkatu daitezke euskal ekonomiak eman beharreko urratsak”

Azaroaren 14an Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra egingo da Donostian, UEU eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren ekimenez. Bertan “Eibar berrasmatzen, 1700-2016” komunikazioa aurkeztuko du Igor Etxabe Iruretagoiena  UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak.

“Eibar berrasmatzen, 1700-2016” Horixe biltzarrean aurkeztuko duzun gaia. Zer da zehatz mehatz aurkeztuko duzuna?
Gure aurkezpenean Eibarrek azken hiru mende pasatxotan bizi izandako bilakaera ekonomikoa aztertuko dugu. Ibilbide oparo honetan udalerriak hainbat erronka gogor gainditu behar izan ditu (gerrak, industria-egituraren berrantolaketak, teknologia aldaketak, eskariaren gorabeherak, etab.) eta mehatxu hauen guztien aurrean berebiziko erresilientzia ahalmena izan du. Horretarako ezinbestekoak izan dira egoera berrietara egokitzeko garatu dituzten mekanismoak eta tokiko aktoreek egin duten ekarpena.

Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Eibarrek bere burua birmoldatzeko erakutsi duen gaitasuna azpimarratu nahi dugu; bai esparru ekonomikoan eta baita gobernantzan ere. Perspektiba historiko batetik, herriko industriaren arrakasta ulertzeko giltzarri jotzen ditugu, besteak beste, Eibarko giza-kapital kualifikatua, herritarren ekintzailetza eta berrikuntzarako sena; eragile desberdinen (formalak eta informalak) arteko sare sozial mardula; eta hainbat larrialdi egoera kudeatzeko formulatu dituzten politika eraginkorrak. Faktore hauek guztiak identifikatzea oso garrantzitsua da; ez bakarrik Eibarko industrializazioa hobeto ulertzeko, baita udalerriz gaindiko dimentsio batetik egiten diren hurbilketa ekonomikoek izan ditzaketen hutsuneak estaltzeko ere.

“Historiatik etorkizunera” lemapean egingo da biltzarra. Zer ikasi beharko genuke historiatik?
Atzera begirada batek aukera paregabea eskaintzen digu gure ekonomiaren analisi historiko bat egiteko eta iraganeko ereduaren ezaugarriak hautemateko. Bi dira mota honetako azterketa baten abantaila esanguratsuenak: batetik, modu zuzenago batean interpretatu daitezke gaur egun Euskal Herriari erasaten dioten gertakariak, afera horien testuingurua eta kausa-ondorio efektuak barneratzera iritsi gaitezkeelako. Bestetik, zehatzago finkatu daitezke euskal ekonomiak epe motz eta ertainean eman beharreko urratsak; beti ere, historian zehar gure herrialdeak izan dituen bertute eta gabeziak aintzat hartzen badira.

Zentzu honetan, oso garrantzitsua da gisa honetako biltzarrak antolatzea eta ekonomiaren esparruan aritzen garenon artean hausnarketa partekatu bat gauzatzea. Orain arte ez bezala, ekimen hauetan guztietan ateratako ondorioak gehiago hartu beharko lirateke kontuan etorkizuneko politikak erabakitzerakoan. Bestela, harri berdinarekin behin eta berriz tupust egiteko arriskua daukagu.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude