“Lehiakortasuna eta ongizatea, bata bestea gabe ezin dira garatu”

Ekonomisten Euskal Elkargoak eta UEUk datorren azaroaren 14rako antolatu duten Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean, lehiakortasunaz eta ongizateaz jardungo dute Maria Jose Aranguren Kerejeta Orkestrako (Lehiakortasunaren Euskal Institutua) zuzendari nagusiak eta Amaia Zumeaga Hurtado doktoretza aurreko ikertzaileak. 

Amaia Zumeaga eta Maria Jose Aranguren

Lehenengoz egingo da Ekonomialari Euskaldunen Jardunaldia. Zer iruditzen zaizue?
Horrelako espazioak sortzea eta sustatzea beharrezkoa da. Honek ekonomiari lotutako alor ezberdinetako ikuspegiek elkar elikatzeko, eta ikasteko aukera paregabea eskaintzen du. Era berean, etorkizunerako sinergiak lantzeko potentzialitate handiko sarea eskaintzen du.

Lehiakortasuna eta ongizatea izango dituzue mintzagai zuen hitzaldian. Zer da nabarmendu nahiko zenuketena?
Lehiakortasuna eta ongizatea txanponaren bi aldeak dira; eta bata bestea gabe ezin dira garatu. Gaur egun, lurralde baten garapen jasangarrirako, gakoa da lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko harreman zuzena ulertzea.

Euskal ereduan betidanik zaindu izan da gizartearen ongizatea; eta sustatutako lehiakortasunak ikuspegi inklusiboa izan du kontuan; gizartearen ongizatea bermatzeak lehiakortasuna handitzeko baliabideak sortzen dituela ulertuaz, eta alderantziz.

Gizarte kapitala zaindu behar da, lurralde garapen jasangarria bermatzeko. Horretarako, lehiakortasunaren kontzeptualizazio inklusiboagoa landu behar dugu, ongizatearen zerbitzura bideratuz; eta ongizatea, lehiakortasunari ekarpena egiteko baliabide moduan. Sistemako onuradunen arteko balantza topatu behar da; guztiak, behar duten tamainan, irabazten ateratzeko.

Historia ekonomikotik abiatuta etorkizuna diseinatzen hastea da jardunaldiaren helburua. Zer ikasi beharko genuke historiatik?
Askotan emaitzetan zentratu izan gara; baina lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko benetako lotura duen ekonomia ikuspegi bat eraikitzeko, beharrezkoa dugu fokua prozesuan jartzea. Prozesu horrek, gainera, inklusiboa izan behar du, eta belaunaldi desberdinen arteko ikasketa bultzatu. Iraganean izandako esperientziak, eta egun dugun ezagutza, etorkizunean baliabide bilakatzen dira; betiere belaunaldi desberdinen arteko elkartruke bat badago. Era berean, beharrezkoa da lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko oreka lantzen jarraitzea lurralde garapen jasangarria lortu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude