Daniel Marañon: “Gurasoek normalean isilpean eta sekretupean daramate familia gatazka”

Azaroaren 16arako Psikologo Euskaldunen III. Topaketa antolatu du UEUk Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin. Psikologian lanean ari diren profesional euskaldunen esperientziak elkarbanatzeaz gain, gaur egun interesa sortzen duten hainbat gai ere landuko dituzte bertan. Besteak beste, Daniel Marañon Balbuena psikologoak nerabezaroko portaera nahasteak izango ditu mintzagai; seme-alaben gurasoenganako abusua, hain zuzen ere.

Seme-alabek gurasoen aurka agertzen duten indarkeriaz jardungo duzu zuk topaketan. Gero eta gehiago al dira portaera nahasteak nerabezaroan? Zein da gaur egungo argazkia?
Portaera Nahastea (PN) umezaroan edo nerabezaroan azaleratu ohi da. Beste pertsonen eskubideen urraketan oinarritzen da; esate baterako, pertsona edo animalien kontrako jokabide erasokorra, lapurretak, jabetzeen suntsiketa edo arau-hauste larriak. Gaur egun, kalean edota komunikabideetan sarritan entzun daiteke nerabeek gero eta portaera oldarkorragoak agertzen dituztela; eskolan txarto portatzen direla, familian ez dituztela elkarrekin bizitzeko gutxieneko arauak betetzen; edota erraz galtzen dutela kontrola. Ez dira kalean soilik entzuten diren komentarioak; osasun eta hezkuntza eremuetan profesionalei ere sarri entzun diezazkiekegun komentarioak dira. 

Umeek eta nerabeek ager ditzaketen sintoma psikopatologiko oinarrizkoenak bi dimentsiotan koka ditzakegu. Alde batetik kanpo-sintomak ditugu; hau da, arau-hausteak, agresibitatea edota suminkortasuna; eta beste alde batetik, barne-sintomak; hau da, muturreko segurtasun-gabezia eta egonezina, tristezia, antsietatea edota ardura somatikoak. Gaur egun, psikologia klinikoak XX. mendearen bukaeratik XXI. mende honetara arte gauzatutako ikerketei esker esan genezake kanpo-sintomak agertzen dituzten ume eta nerabeen kopura ez dela igo. Uste denaren kontra, igo den prebalentzia barne-sintomena da; eta zehatz-mehatz nesken artean. Izan ere, gaur egun kanpo-sintomen eta portaera nahastearen inguruan eman den aldaketa berria portaera arazoak azaleratzeko eta agertzeko moduan izan da. Adibidez, XX. mendean ia ez zen ematen seme-alabek gurasoen aurka agertzen duten indarkeria. Familiaren barnean ematen den indarkeria mota hau seme-alabak aitaren, amaren edo gurasoen aurka agertzen duen indarkeriazko edozein jokabide errepikakor bezala definitu genezake; fisikoa, hitzezkoa edo hitzik gabekoa bezala definitu genezake. Seme-alabek agertzen duten jokaera errepikakor honek gurasoak mehatxatuta, izututa edo kontrolatuta sentiarazten ditu. Beraz, tratu txarrak fisikoak, psikologikoak, emozionalak edo finantzen arlokoak izan daitezke. Badirudi gora doan fenomenoa dela, Euskal Autonomi Erkidegoko Fiskaltzaren memoriaren arabera gurasoen salaketen kopurua handituz baitoa. Hala ere, salaketarik ipintzen ez dutenen kopurua aintzat hartu beharra dago.

Zer dago horren atzean? Zein faktorek eragiten dituzte aipatu portaera nahasteak?
Egia esanda, ez dago familia, guraso edo nerabe profil zehatzik. Zerk bultzatzen duen nerabea indarkeria agertzera eta erabiltzera eta gurasoei pairatzera familiaren arabera aztertu beharra dago. Iceberg-aren metafora erabiliz gero indarkeria icebergaren punta baino ez da, ur-azpian dagoenaren profila oso ezberdina izan daiteke familiak konparatzean. Hala ere, arrisku faktoreei buruz berba egin genezake. Literatura zientifikoan nahiz esku-hartze psikoterapeutikoan maiz aurkitzen dira guraso bakarreko familiak edota seme-alaben hezkuntza bikotekide bakar baten ardurapean dutenak. Sarritan, edota ia gehienetan, seme-alabak amaren ardurapean egoten dira eta aitaren urrunaldia nabaria izaten da. Hala ere, familia-egiturak ez du seme-alabengandiko indarkeria sortzen; hau argitu beharra dago. Familiaren bizitza-zikloan zehar izan diren baldintzek, testuinguruak eta seme-alaben bilakaerak baizik. Familiaren funtzionamenduari lotutako aldagai garrantzitsuak dira arrisku faktoreak bilakatu daitezkeenak; adibidez seme-alabak gurasoen arteko gatazken lekuko edo partaide izatea eta jokabideak nahikoa kontrolatzen ez dituen hezkuntza-estilo baimenzaleegia mantentzea.

Beste alde batetik, nerabezaroaren hasieran, hau da, 13 urte bataz besteko bezala harturik, hasten den indarkeria izaten da. Hau aintzat hartu beharreko datua da. Nerabeek euren izaera eraikitzeko prozesuan, espazioa lortzen saiatzen direnean familiaren mugak kokatzen saiatzen dira, baita gurutzatzen ere. Hala ere, familiak ezarritako mugak eta arauak oso lausoak izanez gero, baimenduta dagoena eta debekatuta dagoena ezin denean desberdindu, gatazkaren arriskua askoz ere handiagoa da, nerabeak autonomia bereganatu gura duenean.

Horren guzti horren aurrean zer?
Ematen diren profil anitz horiek aztertzea eta arrisku faktoretan sakontzea ikerketari dagokio; eta esku-hartzeari aldiz, familia bakoitzak agertzen duen kasuistikari egokitzea beharrezko da tratamendu eraginkorrak diseinatzeko.

Gurasoek normalean isilpean eta sekretupean daramate familia gatazka, lotsa eta ezinegona sentitzen dutelako. Honek gehienetan familiaren egoera gehiago okertzen du. Hortaz, profesionalengana ez jotzeagatik bizikidetza are gehiago zaildu edo judizializatu arte ez itxarotea da egokiena. Ildo horretatik, azpimarratu beharra dago familiek normalean bizikidetza ia ezinezkoa izan arte itxaroten dutela profesionalengana jotzeko. Behin laguntza eskatu ondoren, lehenik eta behin, familia osoaren gaineko esku-hartzea beharrezkoa da. Seme-alabak nahiz gurasoak inplikatzen dituen familia-problematika seme-alaba eta gurasoekin tratatu beharra dago. Bat baino gehiago harrituta geratuko litzateke nerabe gehienek euren gurasoekin batera bizi duten egoera konpontzeko agertzen duten gogo ona ikusita.

Bestalde, landu beharreko lehen helburua da indarkeriazko jokabidea eta indarkeria mantentzen duten faktoreak ezabatzea. Esku-hartzearen fase horretan kontutan hartu behar ditugu familiako kideek indarkeria desblokeatu eta bizikidetza optimorako espazio berria sortzeko dituzten baliabide eta gaitasunak. Horretarako eraginkorra da maila emozionala lantzea; hau da, familia barruan bizitako sufrimenduaren ondorioz elkarrenganako enpatia garatzea eta norberaren emozioak nahiz emozio horien eraginak ezagutu eta erregulatzea. Ildo beretik, berebiziko garrantzia izango du lehen unetik frustrazioaren aurreko tolerantzia lantzea eta behar beste erabiltzea aurrerakuntza txikiak lagunduko dituen optimismoa; hain zuzen ere, familiak emango dituen hasierako pauso txiki horiexek baitira gakoa.

Esku-hartzearen bigarren fasean eta hirugarren mailako prebentzioari dagokionez, familia-sistemarekin batera egiten da lan indarkeria-egoera sortu eta mantendu zuten faktoreak berriz agertu ez daitezen. Lehena bezain garrantzitsua da esku-hartzearen fase hau; atxikipen-harremanetan oinarritutako haziera-estilo irmoa sakon garatzen laguntzen dutelako. Eta hain zuzen ere, harreman horiek izango dira familiako kide bakoitzak bere gaitasunen inguruan egiten dituen aurrerapenetarako oinarria eta babesa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude