Psikologo Euskaldunen Topaketa antolatu du UEUk datorren azaroaren 16rako Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin. Luixa Reizabal Arruabarrena UPV-EHUko irakasle eta UEUkidea da antolatzaileetako bat.
Psikologo euskaldunen hirugarren topaketa izango da aurtengoa. Zer aldatu da urte hauetan? Zeintzuk dira gaur egun oztopo edo hutsunerik handienak?
Gauza asko aldatu dira azken urte hauetan. Nik esango nuke nagusiki aldatu dena dela egun askoz ere baliabide gehiago daudela euskaraz lan egiteko eta horietako asko erraz erabili ahal direla, sarean eskuragarri daudelako. Hala ere, oztopo eta erronka asko ditugu oraindik edozein eremutan eta, gurera etorrita, psikologiaren eremuan euskaraz lan egiten dugunok. Esaterako, euskaraz prestatutako dokumentu eta tresnarik eza, terminologia aldetik dauden hutsuneak eta nahasteak eta lanak euskaraz argitaratzeak dituen zailtasunak. Horiez gainera, ez dago psikologiaren eremu ezberdinetan lanean diharduten profesional euskaldunak biltzen dituen gunerik eta, ondorioz, askotan ezinezkoa egiten zaie beraien beharrak, ekarpenak eta beste inorekin partekatzea. Hala, “arriskuaren aurrean bakarrik” sentitzen dira askotan.
Topagune izateaz gain, gaur egun interesa sortzen duten zenbait gai euskaraz jorratzea ere bada helburua. Zeintzuk dira gai horiek?
Badira psikologia-profesionalen artean bolo-bolo dabiltzan zenbait gai interesgarri. Euskara eta psikologia-profesionalen lana, euskararen erabilera hezkidetzailea; familia, eskola eta komunitatearen arteko baterako hezkuntza: Koedukazioa; bigarren prisionizazioa eta euskal presoen adineko gurasoen osasun mentala; ebaluazio tresnak euskarara egokitzea; familia terapia; portaera nahasteak nerabezaroan: seme-alaben gurasoenganako abusua; psikologia-profesional euskaldunak hezkuntza munduan; gizarte zerbitzuetako psikologia-profesionalak, eta psikologia klinikoa euskaraz.
Zure kasuan “Euskararen erabilera hezkidetzailea”z arituko zara topaketan. Zer da nabarmendu nahi duzuna?
Oraindik askotan modu sexistan erabiltzen dugula gure hizkuntza eta hori ekidin beharko genukeela jendarte justuagoa lortzen aldera.
Topaketa honekin zer lortu nahiko zenukete?
Bada, honako hiru hauek izango lirateke topaketaren helburu nagusiak. Batetik, psikologian lanean ari diren profesional euskaldunak elkartzea, haien beharrak, ekarpenak eta beste bana ditzaten. Bestetik, egun gure artean interesa handia duten zenbait gai euskaraz jorratzea. Azkenik, psikologo euskaldunen “sarea” antolatzea. Ea, bada, lortzen ditugun!