Joseba Permach: “Oso garrantzitsua iruditzen zait ekonomiak zientzia sozialaren izaera berreskuratzea”

Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra antolatu dute azaroaren 14rako UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak. Bi urteko maiztasunez antolatzea da asmoa eta lehenengo honetan historia ekonomikotik abiatuta etorkizuna diseinatzen hastea da helburua. Joseba Permach Martin ekonomialari eta soziologoak, adibidez, “Terminator 4.0: robotizazioaz eta enpleguaz hausnartzen” izeneko komunikazioa aurkeztuko du.

Ekonomialari euskaldunen lehenengo biltzarra izango da. Beharrizana zegoen? Zer eraman nahiko zenuke bertatik?
Zorionez, Euskal Herria oinarri eta sare sozial handiko herria bada ere, oraindik herri desegituratua gara. Horregatik euskal komunitatea ahalik eta esparru gehienetan biltzea eta egituratzea funtsezkoa iruditzen zait.

Ildo horretan, ekonomialari euskaldunen lehen biltzarra egitea oso garrantzitsua iruditzen zait gure arteko harremanak sortzeko, sakontzeko eta, ahal balitz, iraunkortzeko eta egituratzeko.

“Terminator 4.0: robotizazioaz eta enpleguaz hausnartzen” izango da biltzarrean landuko duzun gaia. Azkenaldian robotizazioaz eta postuen galeraz asko hitz egin da, mehatxu gisa. Zer dago atzean? Zein da zure analisia?
Burua zizelkatu nahi digute frame edo marko nagusi batekin: robotizazioak milaka enplegu desagertu araziko ditu. Azken aldian gaiari buruzko txostenak ugaldu dira eta establishmentaren komunikabideek aipatu framea barreiatzen ari dira iraunkorki gaiaren inguruko hamaika izenburu eta artikulu publiko eginez. Terminator 4.0 birusa deitu diot gure lanpostu eta bizitzarekin amaitzera omen datorren robotizazio prozesu horri.

Edonola, robotek pertsonok egiten dugun edo egin beharko genukeen lana murrizten dute; eta, beraz, ulertezina da positiboa beharko lukeena negatibotzat jotzea. Etorkizun distopikoaren hedapena ez da soilik telebistan ikusten ditugun telesailen bidez egiten ari, akademian edota etorkizunari buruz txostenak idazten dituztenak ere laguntzen ari dira horretan. Horrek guztiak ondorio sozial oso kezkagarriak ditu; itxaropena eta alternatiba aukerak mugatzen dituelako.

Jakina, interes ekonomiko handiak daude horretarako. Izan ere, Terminator 4.0 birusa irensten badugu, oro har, lan baldintzen okertzea ere onartuko dugu. Roboten aurrean gure lanak balio kualitatiboa galtzen badu, kapitalak aukera izango du lanaren kontrako ofentsiba berri bat garatzeko; eta balio kuantitatiboa eta soldatak murrizten jarraitzeko.

Badira, aurreko ideia nagusia zalantzan jartzen duten bestelako ikerketak ere, baina, jakina, horiek ez dute hainbesteko isla izaten komunikabide nagusietan. Horretaz guztiaz arituko gara lehen biltzar honen komunikazioan.

“Historiatik etorkizunera” da goiburua. Zer ikasi beharko genuke historiatik?
Oso kritikoa naiz ekonomiak iraganean izan duen duen funtzioarekin; edo, zehazki, ekonomiaren paradigma nagusiak sistemaren legitimazioan bete duen funtzioarekin. Horregatik, ekonomia horri so egin eta bere akatsetatik ikasi beharko genukeela uste dut. Hiru adibide jarriko ditut.

Batetik, robotizazioarekin bezala, ekonomiak oro har prozesuak naturalizatu egiten ditu eta badirudi ez dagoela ezer egiterik. Ez, barka, robotak guk egiten ditugu, ez dute bizitza propiorik eta guk erabaki behar dugu jendartea nola antolatzen dugun. Oso garrantzitsua iruditzen zait ekonomiak historian zehar galdu duen zientzia sozialaren izaera berreskuratzea eta jendartea antolatzeko tresna bat dela aldarrikatzea. Guk ez ditugu fenomeno meteorologikoak aztertzen, pertsonen arteko harreman sozial eta ekonomikoak baizik.

Bigarren adibidea da ekonomiak historikoki faktore produktiboei so egin diela; zaintza lanek eta faktore erreproduktiboek gure gizarte antolaketan duten garrantzia kontuan hartu gabe. Horrekin amaitu beharra dago eta ekonomia feministaren begiradak asko lagundu dezake etorkizuna marraztu nahi dugun honetan.

Azkenik eta norabide berean, natur baliabideen gaineko hausnarketa gehitu nahiko nuke. Ekonomiaren paradigma nagusiak ukatu edo ezkutatu egin ditu natur baliabideak, ekosistema, energia edota kutsadura bere analisietatik. Ekonomiak, oro har, abstrakzioaren aldeko hautua egin du; eta horrekin, besteak beste, bizi garen planetaren errealitate fisikotik ihes egin du. Ekonomia ekologikoa, adibidez, ekarpen interesgarriak egiten ari da une honetan eta bizi dugun larrialdi klimatikoaren aurrean ezinbestekoa ikusten dut haren ikuspegia.

Beraz, esango nuke ekonomiak eta ekonomialariok aurrez aurre erronka oso handiak ditugula eta erronkak beti dira ilusiogarriak. Horra hor, beraz, beste arrazoi bat biltzar honetan izena emateko eta parte hartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude