“Historiatik etorkizunera” lemapean Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra izango da azaroan Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan. Bertan Jule Goikoetxea Mentxaka filosofo, politologo eta ikertzaile feministak parte hartuko du, besteak beste. “Genero arrakala” izango du mintzagai.
Genero arrakalaz hitz egingo duzu zuk topaketan. Zer nabarmendu nahiko zenuke?
Nabarmendu nahiko nukeena da ez dela demokraziarik egongo patriarkatua existitzen baldin bada. Genero arrakalaz baino patriarkatuaz hitz egin behar dugula uste dut. Genero arrakala kontzeptuak ez du menderakuntza sistema oso bat aztertzeko eta ikusgarri egiteko balio. Gure arazoa ez da baita genero arrakala, hau da, nahi duguna ez da generoen arteko berdintasuna, baizik eta generoen desagerpena: emakumeen eta gizonen desagerpena. Horrek bakarrik ekar dezakeelako patriarkatuaren desagerpena. Hori lortzeko estrategiak anitzak dira, asko, ezberdinak eta batzuetan kontrajarriak. Genero arrakala feminismo liberaletik datorren kontzeptua da. Beraz, azpimarratu nahi dudana da, ordua dela, patriarkatu liberal eta neoliberalaz hitz egiteko, ez genero arrakalaz.
“EAEko demokrazia patriarkala” azterlana argitaratu berri duzue Emakunderen eskutik. Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?
Patriarkatu liberalaren lau dimentsio aztertu ditugu. Erlazio patriarkalak lan ordainduan, lan ez ordainduan, estatuan eta eremu publiko-politikoan. Eremu bakoitzean ondorio eta proposamen ezberdinak atera ditugu. Patriarkatua birsortzeko mekanismo eta egitura nagusienak hurrengoak direla ondorioztatu dugu: batetik, gizonek egikaritzen duten emakumeen kontrako biolentzia materiala, biolentzia zuzena eta biolentzia sinbolikoaren mekanismoak, eta, bestetik, pribatizazio neoliberal eta kapitalista. Horiek guztiek familiaren, gizarte zibilaren, merkatuaren eta estatuaren bidez mamitzen dira.
Historiatik etorkizunera du goiburu biltzarrak. Zer ikasi beharko genuke historiatik?
Emantzipazio prozesuak luzeak direla; boterea ez dela eskatzen, hartu egin behar dela; konfrontaziorik gabe ez dagoela eraldaketarik eta eraldaketa makroa izan dadin, mikroa izan behar duela. Boterearen mikrofisika beharrezkoa dela, eta hori egin ahal izateko, ez da nahikoa zenbait praktika aldatzearekin, pentsatzeko modua aldatu behar da, eta hori da gehien kostatzen dena. Gatazka jarraiturik gabe, demokraziarik ez dagoela eta ez dela sekula demokrazia globalik egongo, demokrazia lokalik gabe.