Nerea Permach: “Ukaezina da literaturak pertsonen garapen integralean joka dezakeen papera”

Datorren urriaren 19an Azpeitian egingo den “Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi” jardunaldian, besteak beste, “kultur hezkuntza eskolan gogoetagai” izeneko mahai-ingurua antolatu dute. Bertan parte hartuko du Nerea Permach Martin irakasle eta UPV/EHUko ikertzaileak.

Kultur hezkuntza eskolan gogoetagai izeneko mahai inguruan parte hartuko duzu. Nola ikusten duzu kultur hezkuntza eskolan?
Euskal kulturaren transmisioa, oro har, ahuldu egin dela esango nuke, eta eskola ez da hortik libratu. Eskola testuinguruan, eta hein handi batean beste hainbat instantziatan ere, kultura ulertzeko bestelako modua gailendu delakoan nago ni. Nire irudipena da, kultura hizkuntzaren zerbitzura jarri dela; hau da, eskolaren helburua euskara hiztunen kopurua handitzera mugatu dela azken urteotan; nolabait, euskara jakitea euskalduntzeko aldagai bakarra balitz bezala. Alabaina, testuinguru soziolinguistiko zehatz batean kokatzen garenean erabiltzen dugu hizkuntza. Beraz, gure ikasleak euskaraz bizi daitezen nahi badugu, euskal kulturara hurbildu behar ditugu ezinbestean.

Hizkuntza, gure kasuan euskara, euskal kulturaren aldagai garrantzitsua bada ere, ez genuke kultur hezkuntza hizkuntza gaitasunean ardaztu behar; izan ere, kultura lengoaia ezberdinez osatutako mundu sinbolikoa da. Noski, hizkuntza lengoaia horietako bat da, baina hor ditugu ere musika, dantza, literatura, arte bisualak… Kulturak gertuko ingurua eta mundu ikuspegi bat eskaintzen du; munduan kokatzeko aukera bat. Finean, kulturak komunitatea sortzen du.

Eskolaren zeregin nagusietakoa baldin bada ikasleek bere inguru sozial eta kulturala ezagutzea eta ulertzea; hau da, ikasleen sozializazioa; imajinario kolektiboaren erreferentzien sorkuntza eta elikadura oinarrizko bihurtzen da. Ezin dugu ahaztu pertsona orok, kontziente edo inkontzienteki, bere imajinario kolektiboa osatzeko barneratu dituen erreferentzia eta elementu horien arabera egiten duela bere identitatearen hautua.

Egun indarrean dagoen curriculumak euskal kulturaren zein kultura unibertsalaren transmisioari egiten dio erreferentzia, baina hainbat interpretaziorako ematen du egiten duen moduan. Horrenbestez, ez da euskal kulturaren transmisioaren beharra modu esplizituan jasotzen, ez eta kontzientzia transmititzen. Nire ustez, ordea, transmisioa bermatzean eta ikasleek jasotakoa bere egiten dutenean, orduan emango da euren benetako euskalduntzea.

LHko konpetentzia literarioa duzu zuk aztergai. Zein da zehatz-mehatz zure azterlana? Zeintzuk dira orain arteko ondorio nagusiak?
Nik hezkuntza literarioa dut aztergai, zehazki Lehen Hezkuntzan gaitasun literarioa nola lantzen den aztertzen ari naiz. Literatura estimatu eta ondorioz literatura irakurtzera zaletu daitezen, ikasleek ezinbestekoa dute irakurketa literarioan trebatzea. Hain zuzen ere, horixe du jomugan gaitasun literarioak. Gaitasuna eskuratzeko prozesuan, ordea, hainbat faktorek eragiten dute; besteak beste, proposatzen diren jarduerak eta erabiltzen diren estrategiak egokiak ote diren, modu sistematikoan aplikatzen ote diren, edota kalitatezko materiala erabiltzen den. Beste aldagai batzuekin batera horiek dira aztertzen ditudanak eskoletara jotzean.

Zergatik Lehen Hezkuntzan? Bada Haur Hezkuntzan Haur eta Gazte Literaturak nolabaiteko presentzia duelako. Aldiz, LHn etena gertatzen da. Etapa honetan badirudi helduarorako prestaketa “serioa” hasten dela eta literaturak edo kulturak, oro har, ez dutela lekurik. Alabaina, literatura irakurtzea garrantzitsua da; izan ere, jada ukaezina delako literaturak pertsonen garapen integralean joka dezakeen papera. Batetik, testu literarioak alderdi emozionalari bidea irekitzen diolako; baina bestetik ere, literatura imajinario kolektiboa eta kode kultural zenbait ezagutzeko modua ere badelako; edota horiek guztiak auzitan jartzeko tresna. Beraz, literatura ez da gai hutsala, aldiz, oinarrizkoa dela esango nuke.

Duela bi urte Donostiako eskolen nolabaiteko erradiografia atera genuen. Ikerketak argi erakutsi zuen, ez dagoela irizpide bateraturik gaitasun literarioa lantzeko garaian, salbuespenak salbuespen. Eta hori guztia ez bakarrik eskola desberdinen artean, baizik eta gerta liteke desberdintasunak ematea eskola berean ere. Hala eta guztiz ere, hutsune handiena erabiltzen duten materialean topatu genuen; zehazki, materialaren hautaketa prozesuan, eskola kanonen beharra agerian geratuz.

Zergatik da garrantzitsua zur ustez era honetako jardunaldi bat?
Hasieran esan dudan moduan, euskal kulturaren transmisioa, oro har, ahuldu egin dela pentsatzen dut, hortaz, kontzientziazio lana ezinbestekoa dela deritzot. Horrez gain, transmisio bidea ere bestelakoa da, belaunaldiz belaunaldikoan etena gertatu da; eta, egun, eskolari dagokio lan hori egitea. Kultur hezkuntza nola bermatu adosteko eta bideratzeko beharra du eskolak.

Era honetako jardunaldiak hausnarketarako gune ezin hobeak dira; iritzi desberdinak jaso eta eragileen arteko sareak osatzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Beraz, estrategikoak izan daitezke aurrera begirako planak osatzeko.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude