Galder Gonzalez: “Azken helburua ezagutza librea indartzea da”

Humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko deialdia egin dute Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) eta UEUk elkarlanean. 5.000 euroko bi diru poltsa izango dira. “Humanitate digitalek, finean, humanitateetan mundu digitalak izan duen inpaktua neurtzen dute” Galder Gonzalez Larrañaga EWKEko kidearen esanetan, eta “aldi berean, inpaktu horretaz baliatzen dira galdera berriak egiteko”.

 

UEUren Udako Ikastaroetako Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana jardunaldian du abiapuntu diru-poltsa honek. Nondik sortzen da? Zein ondorio atera ziren jardunaldietan?
Udako Ikastaroetako hasiera jardunaldia Humanitate Digitalei buruzkoa izan zen. Bertan izan nintzen eta konturatu nintzen hizlari ia guztiek, edo agian guztiek, Wikimediako proiekturen bat aipatu zutela uneren batean. Batzuetan albo tresna bat zen, beste batzuetan aipamen kulturalen bat; eta baziren hitzaldiaren zentroan jarri zutenak ere. Ondoren, bazkaltzen geratu ginen eta hasi ginen ikusten eremu honetan ikerketa egin daitekeela, oraindik ezezaguna dela, eta Wikimediak zein UEUk badutela zer esana. Bide berria irekitzea erabaki genuen, eta ondoren eztabaidatutako guztitik jaso da elkarlan hau.

Humanitate digitalez ari garenean, zertaz ari gara?
Ni ez naiz aditua gai honetan, aritua bai. Kontura gaitezen gauza sinple batez: orain dela 10 urte, txikikeria bat akademiaren erritmoetan, norbaitek nahi bazuen demagun Europan egindako filma guztien zuzendarien generoa zein zen aztertu urtez urte, doktorego-tesi bat egin behar zuen. Hamarnaka artxibo bisitatu behar zituen, zuzendari bakoitza nor den begiratu, urteka sailkatu. Lan nekeza zen, eta helburua lan hori amaitzea zen. Gaur egun, 10 urte pasata, posible da klik bakar batean erantzuna izatea pare bat minututan. Datu-base horiek online jarri dira, eta Wikidatan, adibidez, aukera handiak daude grafiko bat lortzeko azkar. Doktore-tesi baterako helburua zena, orain abiapuntua izan daiteke. Iaz entzun nion Wikidatari buruz hitz egiten zuen bati, posible zela, datu nahiko edukita, herrialde bakoitzean dibortzioa noiz legalizatu zen eta herrialde horretan argitaratutako emakumeentzako nobela erromantikoen arteko korrelazio bat egitea. Datuak dira hemen gakoa. Humanitate digitalek, finean, humanitateetan mundu digitalak izan duen inpaktua neurtzen dute eta, aldi berean, inpaktu horretaz baliatzen dira galdera berriak egiteko.

Zein ezaugarri izan behar ditu ikerketa lanak? Ezagutza librean jarri nahi duzue azpimarra…
Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen eta, oro har, Wikimedia mugimendu osoaren helburua ezagutza librea eta irekia bultzatzea da. Horregatik ari gara hezkuntza programa oparoa egiten, eta horregatik bultzatzen dugu hau ere. Gure helburua da bi ikerketa proiektu bultzatzea, biek datu eta eduki libreen berrerabilera egitea baloratuko dugu, eta itzulerak ere modu librean izan behar du, ahal izanez gero Wikimedia proiektu bat indartuz.

Adibidez zein eratako lanak izan daitezke?
Adibide batzuk jarri ditugu webgunean. Adibidez, Ahotsak.eus webgunean milaka audio (hainbat Terabyte) daude, eta horietatik zati txiki bat baino ez dago transkribatua. Hala ere, transkripzio horiek hizkera biziaren testigu dira; batzuetan aldaera batzuen azken testigua. Wikidatan lexemekin ari gara lanean, eta aukera dugu hitz bakoitzaren aldaera horiek erregistratu, ahoskera bildu eta laguntzeko transkripzio fonetikoen bidez hizkuntzaren prozesamenduan. Ikertu daiteke euskal prentsa zaharrean, zein lizentzia libreekin argitaratzen den berrietan, zer gai landu diren; horiek bilduz eta Wikiteka indartuz; ondareari buruzko planteamenduak egin daitezke, hizkuntza formal eta ez-formalari buruzkoak, soziologiari buruzkoak, programa informatikoak aurkez daitezke hiztegi automatikoak egiteko… Batek daki; eremu oso zabal batean gaude eta ez dugu ideia bakar batean ere zentratu nahi. Irudimentsua izatea balore bat da.

Zein da diru-poltsa honen azken helburua?
Azken helburua Humanitate Digitalak indartuz Wikimedia zein ezagutza librea indartzea da. Ikerketa eremu berria da eta aukera polita izan daiteke UEUrentzat zein euskal ikertzaileentzat. UEUrekin elkarlanean egindako deialdia da. Elkarlana, diziplinartekotasuna garrantzitsuak dira arlo honetan. Guztiz! Hori da Bilboko jardunaldian ikusi genuena. Adi, izan ere diziplinartekotasun horrek ez du esan nahi beti zerbait informatikoa aurkeztu behar denik. Noski, teknikak badu garrantzia, azken finean digitalizatu den mundu baten inguruan ari gara, baina posible denaren eremua zabaltzen duten proposamenak ere entzun nahi ditugu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude