Mikel Mendizabal: “Hizkuntza eta kultura indigenek iraunkortasunean ekarpen bikaina egiten dute”

ELEBILABek eta UEUk elkarlanean antolatutako “Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” jardunaldian, besteak beste, hizkuntza-aniztasuna landuko da,; bai munduan eta baita Euskal Herrian ere. Mikel Mendizabalek, adibidez, Belen Urangarekin batera, “Munduko hizkuntza-aniztasunetik euskarara; ekologiatik begirada” ekarriko du mahai-gainera.

Garabideko aditu ikastaro baten harira herri indigena desberdinetako lagunak

 

Zure ustez zergatik da garrantzitsua Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu jardunaldia?
Badago urteetan zehar arlo honetan egin den ibilbide bat (batzuk); komeni da ezagutzea; badira abian dauden ekimenak, eta badira erronkak. Beharrezkoak dira ekimen hauek mahaigainean jarri eta partekatzea, eta honela elkar elikatzea, eta noski ahal den neurrian ekimen hauek plazaratzean gizarteratzeko helburua ere lantzen da.

Hizkuntza-aniztasuna munduan eta Euskal Herrian izango da landuko den gaietako bat. Zuen kasuan “Munduko hizkuntza-aniztasunetik euskarara; ekologiatik begirada” izango duzue mintzagai. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Alde batetik hizkuntza-ekologiaren oinarriez arituko gara; zein da munduan zehar aurkitzen dugun hizkuntza aniztasuna, nola azaltzen da aniztasunaren banaketa, nola ematen dira hizkuntzen arteko harremanak, zer erlazio du hizkuntza ekologiak, garapen iraunkorrarekin. Bestetik iraunkortasunaren gaiari helduta, hizkuntza txikiek iraunkortasunean duten papera zein den aztertuko dugu: badute paperik? Uzten zaie ekarpenak egiten? Azalpenak adibide zehatz batzuekin ilustratzeko asmoa dugu.

Zer azpimarratu nahiko zenukete?
Nire ustez orokorrean oso “despistatuak” gaude. Ez gara jabetzen hizkuntza eta kultura indigenek iraunkortasunean ekarpen bikaina egiten dutela. Ekarpen hauek identifikatu eta gure eguneroko bizitzan modu eraginkorrean txertatzeko bideak bilatu behar ditugu; hori da dugun erronka!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude