Ane Ortega: “Hizkuntza kooperazioa bada kooperazio eredu oso indartsu bat”

“Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” jardunaldiaren bigarren egunean hizkuntza-aniztasuna munduan eta Euskal Herrian izango da landuko duten lehenengo gaia. Atal horren barruan “Euskal-nasa kooperazioa: metodologia eraginkorraren bila, atazetan oinarritutako irakaskuntzaren bidetik” izenburupean jardungo du Ane Ortega Etcheverryk, Arkaitz Zarraga Azumendirekin batera.

Argazkia: ELEBILAB

Zure ustez zergatik dira garrantzitsuak era honetako jardunaldiak?
Azken hamarkadetan egindako ibilbideaz hausnartzeko ez daukagu aukera askorik eta hau inportantea da. Jardunaldi honetan hori egingo dugu, neurri handi baten. Bestalde, jardunaldietako gaira arlo eta diziplina ezberdinetatik hurbilduko gara; horien arteko loturak azaleratuz. Normalean gure arlotik ez gara ateratzen, baina ze inportantea den ekarpen berriak eta beste ikuspegiak ezagutzea, ezta? Askotan irudikatu ezin genituen bide berriak horrela sortzen dira: besteen bideak ezagutuz. Nik behintzat bai espero dut audientzian halaxe gertatuko dela: ideia berriak, kontrasteak, gaia beste modu baten ikusteko aukerak.

Hizkuntza-aniztasuna munduan eta Euskal Herrian atalaren barruan “Euskal-nasa kooperazioa: metodologia eraginkorraren bila, atazetan oinarritutako irakaskuntzaren bidetik” izeneko hitzaldia izango da zuena. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Hauxe da lehen esan dudanaren adibide oso ona. Nasekin neurri handi baten gure betiko lana egitera joan ginen, ezta? Irakasleen formakuntza, diseinu kurrikularra, materialgintza… Baina guk euskararekin bizi izan duguna oso lagungarria bazen ere; horko egoera, horko baldintzak, horko espektatibak eta beharrak oso ezberdinak dira. Eskema eta planteamendua aldatu behar genuen: ez zen hainbeste teoriatik dakiguna eramatea; ezta Euskal Herrian funtzionatu duena ere; hor zerk funtziona dezakeen asmatzea baizik. Nasekin eta nasen parametroetatik; protagonistak eurak baitira. Hitzaldi honetan elkarlanean hartu genituen erabakiak azalduko ditugu; didaktikarenak, nola ez, baina baita nasa yuweren biziberritze prozesu osoa kontuan harturik eta baita nasen mundu-ikuskera ere. Ikusiko dugu hizkuntza kooperazioa badela kooperazio eredu oso indartsu bat; baina ez dela norabide bakarrekoa. Guk asko ikasi dugu; hor jarraitu dugun ibilbidea bada apur bat hemen galdu dugun bidea. Nik behintzat berrikasi egin dut zerbait; goitik behera ez hainbeste, behetik gora baino, hobea eta eraginkorragoa.

Zer azpimarratu nahi zenukete?
Jardunaldia konpartitzeko benetako espazio bat izango dela. Partaideak animatu nahi ditut konpartitzeko eta parte hartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude