Arkaitz Zarraga: “Ikas prozesuaren fokua gramatika edo corpusa baldin bada, ikasleak zailtasunak izango ditu testuinguru errealetan aritzeko”

“Hizkuntzen irakaskuntza; ahozko hizkuntza lantzen DBHn” DOAKO ikastaroa izango da  urriaren 26an eta azaroaren 9an Iruñean, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Arkaitz Zarraga Azumendi UEUko Glotodidaktika sailburua izango da irakasle. Garabideko kidea ere bada Zarraga eta baita  UPV/EHUko Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedrako Batzorde Tekniko Iraunkorreko eta Aholkulari Batzordeko partaidea ere. Basauriko Udal Euskaltegiko irakasle eta zuzendaria da.

Hizkuntza irakasteko moduak zenbateraino baldintzatzen du gaitasun komunikatiboa?
Goitik behera baldintzatzen du ikasteko modua, eta ondorioz, ikaslearen gaitasunean eragina izango du. Horrek ez du esan nahi metodologia ezegoki batekin ezin denik gaitasun komunikatibo altua eskuratu, baina ikasleak egoki gidatzea garrantzitsua da. Ikas prozesuaren fokua gramatika edo corpusa bera baldin bada, ikasleak zailtasunak izango ditu testuinguru errealetan aritzeko, bere helburuak lortzeko. Ordea, testuinguru sinesgarrietan helburu jakinekin aritzera bideratutako ibilbide didaktikoa antolatuz gero, ikasleak linguistikoa baino gaitasun gehiago eskuratuko ditu; soziolinguistikoa, kulturala, estrategikoa, testuala… Ikasketa esanguratsua izango du.

Ahozkoaren inguruko uste okerrak eta ebaluatzeko zailtasunak aipatu dituzu. Zeintzuk dira uste oker horiek?
Askotan pentsatzen da ahozkoa bat dela, eta ez da horrela. Ahozko testuak bereizi behar dira, ez baitira gauza bera solasaldi arrunta, lagunari aholku ematea, errezeta bat lantzea youtuberako edo debate batean parte hartzea. Gainera, ohikoa da pentsatzea hitz egiten hitz eginez ikasten dela, eta ez da horrela, edo ez soilik. Idatzizkoan bezala, ahozkoan arau jakinak daude, eta batzuk berezkoak dira. Ikasleak trebatu egin behar dira ahozko komunikazioa eraginkorki erabiltzeko. Uste horiek eragina dute bai irakasteko moduetan, bai materialak sortu eta sailkatzeko orduan ere.

Ahozko hizkuntza lantzera begira IKTek eskaintzen dituzten baliabideak ere landuko dituzue. Zenbateraino errazten dute bidea?
Argi dago baliabide asko dauzkagula zuzeneko komunikazioa gauzatu ahal izateko. Ahotsa kudeatzeko tresna ugari daude eta beraz, iheskorra zen ahozkotasuna gorde eta erraz partekatu dezakegu. Gainera, sareak aukera ugari ematen digu testuinguru ugari sortu eta baliatzeko.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuna?
Lehenik, hizkuntzari begiratzeko modua landuko dugu. Argi izan behar dugu zer den testu genero eta ekintza komunikatiboetan ardaztutako ikuspegia. Hortik abiatuta, programatzeko irizpide batzuk partekatuko ditugu. Gainera, ahozkoaren ezaugarriak aztertuko ditugu, eta garrantzia zeri eman eta edukiak nola antolatu ikusiko dugu. Bukatzeko, ikasleari gaitasunak eskuratzen laguntzeko zein ariketa tipologia erabil daitekeen aztertuko dugu. Hau guztia gidatzeko asmoa dut, baina, ahal den neurrian,  taldean dagoen ezagutza baliatzea da nire helburua.

Zein da ikastaroaren azken helburua?
Nahiko nuke ikasleek betaurreko berri batzuk janztea. Hizkuntzari, ahozkoari eta bere didaktikari begiratzeko betaurrekotxo batzuk jantzi eta hizkuntz produkzioei bestela begiratzeko tresna bat partekatu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude