Amaia Diaz de Monasterioguren: “Elikadura eskola curriculumean gehitu beharra dago”

“Ongizate emozionala, elikadura eta ariketa fisikoa haur eta gazteen sustraietan sakontzen” doako ikastaroa izango da Iruñean Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Amaia Diaz de Monasterioguren Osinaga dietista, nutrizionista eta coach-a da irakasleetako bat.

Argazkilaria: Natxo Santos

Elikadura, psikologia eta kirolaren bitartez landuko duzue haur eta gazteen osasuna. Zure kasuan elikaduran zara aditua. Zein da arlo horretan haurren osasuna?
Bai, elikadura eta nutrizio munduan urte asko daramatzat (22 urte). Betidanik, haur eta familien elikadura ohituratan izan dut ardura. Gure haurren osasuna nolakoa den? Lehenengo familiaren osasunean erreparatzen dut; gurasoak nola dauden; eta hori da abiapuntua. Haurren osasuna gainetik begiratuta ona da, baina elikadura arloan badago egiterik. Elikadura kontzientea ( zer jaten dugun, zertarako), haur eta gazteei bideratutako produktuen azterketa, garaiko eta bertako produktuen kontsumoa sustatzea, zaintza pertsonala zein janariarekin dugun erlazioa latzen ari naiz familiekin.

Haur eta gazteek ikastetxeetan bazkaltzen dute kasu askotan. Eskola jantokietan zein hutsune daude?
Jantokia zerbitzu bezala dago eskola askotan. Elikadura eskola Curriculumean gehitu beharra dago. Jaten dugunari garrantzia eman eta produktu horren atzean dagoen baserria eta pertsonari lekua eman beharko litzaioke eskolan.

Beste aldetik, nire ustez, etxean egiten ditugun otorduek eta afariek bazkariko menua orekatzen laguntzen dute; beraz, etxean elikadura plana izateak eta gurasoekin heziketa nutrizionala egiteak asko laguntzen du familiaren osasunean.

Jatorduei behar den garrantzia ematen al zaie etxeetan? Zer hartu beharko litzateke kontuan?
Noski ematen dela garrantzia, gurasoek bere ume eta gazteentzako onena nahi dute. Gurasoek elikadura gaietan tresnak behar dituzte. Etiketak irakurtzen jakitea, erosketa osasuntsuagoak egiteko laguntza, asteko menuen antolaketa -erraxa eta praktikoa- aurrez janariak prestatzeko ideiak … Eta DENBORA …!

Elikadura emozionalaz ari garenean zertaz ari gara?
Gose mota desberdinez; gose fisiko eta emozionala daude. Triste, aspertuta, haserre, pozik, amorratuta zaudenean, adibidez, gosea zabaltzen da. Honetaz konturatzen garenean, – zergatik jaten dudan ? zer gertatzen zait? – kapaz izango gara gure beharrak beste modu batera asetzeko: erlaxazioa, mugimendua, naturarekin kontaktua, ura edan…

Aipatu moduan kirola eta mugimendua ere landuko dira ikastaroan. Zer da zehatz-mehatz aztertuko dena?
Mugimenduak gure egunerokoan duen garrantzia eta onurak landuko ditugu. Kirolak haur eta gazteengan dituen onurak, taldean egiten diren kirolen garrantziaz… Eskolara oinez joatea, naturarekin kontaktua; gure gorputza hobeto ezagutzeko, gorputzaren mantenu egokirako eta lo kalitatea hobetzeko eta abar. Honek loan duen garrantzia ere azpimarratuko dugu.

Irakasleei begira antolatu duzue batez ere ikastaroa. Zein da azken helburua?
Haur, gazte eta familiekin praktikan jartzen ditugun tresnak irakasleei eskainiko zaizkie. Beraiek bizipen horiek izateko, irakasleak ordu asko ematen dituzte eskolatan haur eta gazteekin eta tailer hauen ostean, eramango dituzten tresnekin elikadura kontzientea, mugimendua eta emozioak bat datozela konturatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude