“Eztabaidan parte hartzera gonbidatu nahi genuke euskal kulturaren transmisioarekiko kezka duen oro”

“Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi” jardunaldia antolatu du UEUk urriaren 19rako Azpeitiko Udala, Jalgi, Hik Hasi, Elkar fundazioa eta Ikas Elkarrekin elkarlanean. Amaia Serrano Mariezkurrena eta Iratxe Retolaza Gutierrez UPV/EHUko irakasle eta UEUko Literatura sailburuak dabiltza, besteak beste, jardunaldion antolaketan.

 

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren osasuna zein da?
Barne-transmisioari dagokionez (alegia, Euskal Herrian zeharreko transmisioari dagokionez), ekimen interesgarri eta eraginkorrenak herri-dinamikak izan ohi dira (kultur elkarteek edo sortzaileek antolaturikoak), edo herri-egiturek antolaturikoak (herri-liburutegiek, herri-kulturguneek edo herri-udalek antolaturikoak). Halako guneetan oso ekarpen baliotsuak egiten ari dira, baina hiriko kultur politiketan eta administrazioko kultur politika orokorretan barne-transmisioaren auziari ez zaio heldu (EAEn, esaterako, Eusko Jaurlaritza batez ere kanpo-transmisioa elikatzen ari da). Herri-ekimen horiek saretu ez ezik, beharrezkoa da ekarpen eraginkor horien berri zabaltzea, baita horien antolatzeko baliabideak hobetzea ere.

Elkarlana da UEUren filosofia. Jardunaldi hau ere elkarlanaren fruitu da. Zer dakar horrek?
Azken urteotan kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruko kezka agertu da han eta hemen, jardunaldi zein mahai-inguru batzuetan, eta horietan elkarrizketa abiatu da kultur esparruko eragile batzuon artean. Lehen elkarrizketa horiek bide eman diote elkarlanari, bai kezka berak partekatzen ditugulako, bai eragin-eremu berean ari garelako lanean. Bestalde, esparru bereko eragile bagara ere, gutariko bakoitza oso eremu jakinetan ari da (sortzaile gisa, ekoizpen-guneetako eragile gisa, hezkuntza-eragile gisa, unibertsitateko eragile gisa…). Horregatik, beharrezko ikusi dugu elkarri entzutea, eta nork bere esparruko premien berri gainerakoei helaraztea, egungo egoeraren argazki are eta osotuena izateko. Gure asmoa, bide horretan aurrera egitea da, eta ahalik eta eragile gehien biltzea gogoeta-prozesu honetara.

Hezkuntza arautuan jarriko da arreta lehenengo jardunaldi honetan. Irakasle moduan zein hutsune ikusten dituzue kulturaren irakaskuntzan?
Ipar Euskal Herrian hezkuntza-dekretuetan ez da euskal kulturaren inguruko aipamenik, jakina denez; baina izan badira eskoletan kultur transmisiorako oso ekimen berritzaileak, eta jardunaldietara horietariko batzuen lekukotza ekartzea egoki ikusi genuen.

Nafarroan euskal kultura zehar-lerro ez bada ere, kulturak badu leku garrantzitsua dekretuan; eta euskaraz ikasten dutenen kasuan, baita literaturak ere.

EAEko dekretuak, aldiz, euskal kultura zehar-lerro izan behar duela dio, baina ez zaio horri inolako jarraipenik egin; eta zehar-lerro hori egituratzeko eta garatzeko baliabiderik ez da jarri. Gainera, Euskara eta Literatura ikasgaia salbu, ez dago euskal kulturan trebatzeko berariazko ikasgairik. Ondorioz, leku gehienetan irakasleen borondatearen araberakoa izan ohi da kultur trebakuntza hori. Izan badira irakasle prestu askoak, lekuan lekuko ekarpen interesgarriak egiten ari direnak; irakasle horien lana eta ekarpena oso garrantzitsua bada ere, beharrezkoa da kultur hezkuntzaren adar hori egituratzea, irakasle guztiek barnera dezaten kultur eragile badirela. Eta batez ere kultur eragiletza horretan lagungarri izango diren baliabideak eskaintzeko (irakaskuntza-materialak, ideiak edo planak…). Izan ere, ezin da lan hori guztia irakasleen bizkar utzi.

Lehenengo jardunaldi hau abiapuntua baino ez da…
Lehen jardunaldi hauetan kultur transmisioaren katebegi jakin batean jarriko dugu arreta: hezkuntza arautuan. Gure asmoa, pixkanaka-pixkanaka kultur transmisioaren eta kultur unibertsoaren alderdi guztietan arreta jartzea da; euskal kulturaren diagnosi ahalik eta zehatzena osatzeko eta diagnosi horren araberako esku-hartzeak proposatu ahal izateko.

Zein da azken helburua?
Gure helburua euskal kulturaren transmisioan, trinkotzean zein garapenean eragitea da; baita kultur ekarpenak zein kultur logikak gizarte-kezken lehen lerrora ekartzea ere. Horretarako, kultur eragileen arteko gogoetak partekatzea ezinbestekoa da; elkarrekin egoeraren ertzak ikusgarri egitearekin batera, etorkizunerako egitasmo zein proposamen eraginkorrak elkarrekin egitura ditzagun. Eztabaidan parte hartzera gonbidatu nahi genuke euskal kulturaren transmisioarekiko kezka duen oro; baita kultur eredu zein ikuspegien inguruan gogoeta egin nahi duen oro ere; ahalik eta ahots zein esperientzia gehien bildu behar baititugu, bidea eraginkor izango bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude