Ion Turrillas: “Ez da gehiegi ezagutzen, legediari dagokionez, zeintzuk diren betebeharrak Interneten”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan, “Online edukiak kudeatzerakoan kontuan hartzeko gako juridikoak” lantzeko ikastaroa ere izango da Eibarren Ion Turrillas Sabalza abokatuaren eskutik.

Oraindik ere ezjakintasuna da nagusi jabetza intelektual eta lizentzien inguruan?
Hein batean, bai, horrela da. Azken finean, lizentziak gehienetan ez dira irakurtzen eta irakurtzen direnean gehienetan ez dira ondo ulertzen. Batetik, erabiltzen duten hizkuntza juridikoa delako eta bestetik oso luzeak direlako. Kurtso honen bitartez saiatuko gara azaltzen zeintzuk diren gako nagusiak, bai lizentziei dagokionez, bai oro har; hobeto ulertzeko nola funtzionatzen duen jabetza intelektualak edukien kudeaketetan, besteak beste.

Ezjakintasun horrek zer dakar?
Arazoak planteatu daitezke batez ere jabetza intelektualaren arloan hirugarrenen aurrean. Beste arazo juridiko batzuk ere planteatu daitezke; hala nola, datu pertsonalen arloan edo irudi propioaren eskubideak direla-eta; batzuk aipatze arren.

Jabetzaz gain pribatutasuna ere landuko duzu ikastaroan. Zaintzen al dugu orokorrean?
Asko aurreratu den arren pribatutasuna eta datu pertsonalen babesaren baitan, asko dago egiteko oraindik. Adibidez, sare sozialetan egiten diren kudeaketak direla-eta, edo hirugarrenen datuak kudeatzerakoan.

Non ikusten duzu hutsunerik handiena?
Oro har, ez dela gehiegi ezagutzen nola eragiten dieten IKTek zuzenbideari; edo hobeto esanda, zeintzuk diren betebeharrak Interneten legediari dagokionez.

Zein eratan landuko duzu hori dena ikastaroan?
Ikastaroa planteatuta dago ikuspegi teorikotik zein praktikotik. Saiatuko gara ikastaroan zehar lantzen teorikoki eduki juridiko ezberdinak; ikuspegi zabala emanez, erantzun zehatzak eta bestelako irtenbideak eskainiz (Creative Commons lizentziak eta bestelako iturriak aztertuz).

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Ikastaroa hezitzaile zein ikasleei zuzenduta dago. Hala ere, interesgarria izan daiteke bestelako profesionalentzako (argazkilari, kazetari edo CMentzat besteak beste).

Zein da azken helburua?
Alde batetik, kontzienteago izatea dauden muga legalen aurrean, batez ere informazioa kudeatzerakoan. Bestetik, gaitasuna edukitzea kurtsoa bukatu eta gero edukiak kudeatzeko zilegitasunez eta arintasunez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude