“Kontalari adituen ahozko konta saioetan izugarrizko berezitasun eta aberastasuna aurkitu dugu”

Datorren urriaren 4an eta 5ean “Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” izeneko jardunaldia izango da Gasteizen ELEBILABek (Elebitasunaren Laborategia) eta UEUk antolatuta. Besteak beste, ahozkoaren didaktika eta diskurtsoaren analisia landuko dute jardunaldian. Horren adibidez, Ines Garcia-Azkoagak eta Leire Diaz de Gereñu Lasagak Luis Mari Larringanekin batera landutako “Narrazioak ardatz: generotasuna eta narrazio ekintzaren berezitasunak”.

 

Zergatik da garrantzitsua era honetako jardunaldi bat?
Arrazoiak asko dira, baina zehazki oraingo honetan eleaniztasunean garatu beharreko euskararen jabekuntzaren eta irakaskuntzaren inguruko ikerketaren balioa eta beharra azpimarratzera gatoz. Zehazki, guk parte hartuko dugun blokean, diskurtso analisian eta pragmatikan, ikerketa asko falta da. Ingelesez, frantsesez eta espainolez konparatzen badugu…izugarri garatu da alor hori eta oso ondo ezagutzen da nola funtzionatzen duten hizkuntza horiek erabileran, testuinguruan nola egokitzen diren berba egiteko moduak, e.a. Kontuan izan behar da, hizkuntzen irakaskuntzarako erreferentzia markoak berak, mintzaira ekintza hartzen duela oinarri. Horrek esan nahi du, hizkuntza testuinguruan nola erabiltzen den ezagutu beharra dugula.

Ahozkoaren didaktika eta diskurtsoaren analisia landuko da besteak beste, urriaren 5ean. Zuen kasuan “Narrazioak ardatz: generotasuna eta narrazio ekintzaren berezitasunak” izango dituzue mintzagai. Zer da zehatz mehatz aztertuko duzuena?
Narrazioaren ikerketa izugarri garatu da. Idatzian, XX. mendean zehar idatzia, eta ahozkoan mende horren amaiera aldera. Ahozkoaren kasuan, ez bakarrik hizkuntzalaritzan, baita diziplina askotan ere: antropologian, soziologian, historian, psikiatrian, e.a. Horrekin bakarrik ikusten da izaera ezberdina duten gaiak direla. Inork pentsa lezake… zer dago gehiago egiteko? Batetik, euskaraz, ia guztia. Bestetik, kontalari adituen ahozko konta saioetan izugarrizko berezitasun eta aberastasuna aurkitu dugu jendaurrean kontatzerakoan erabiltzen dituzten baliabideen aldetik. Zenbait alderditan, idatzizko narrazioak erabiltzen dituen baliabide oso garatuetara hurbiltzen da, baina aurkeztuko dugun errepikapenaren erabileraren kasuan, adibidez, asko ezberdintzen da.

Zuen lanetik zer azpimarratu nahiko zenukete?
Gure elkarlana da azpimarragarriena. Kasu honetan, hizkuntzaren alderdi testual eta diskurtsiboa dugu oinarri, eta euskararen kasuan Luis Mari aitzindaria izan da horretan. Bestalde, Inesek sakondutako gaia dugu narrazioaren kohesio baliabideena (UEUk argitaratutako liburuan) eta nik, Leirek, ahozko narrazioaren antolaketa edo planifikazioa nola egiten den. Ikusita zenbat errepikapen egiten den, Luis Marik hori aztertzeko bidea seinalatu eta hartan gabiltza behar beharrezkoa den elkarlanean. Izan ere, curriculumek hizkuntzaren dimentsio guztiak lerro batzuetan jasotzen dituzte, baina horien arteko harremanak ezartzea eta horiekin maneiatzea, ez da erraza. Elkarlanari esker, errazagoa da testu osoak nola harilkatzen diren behatzea, eztabaidatzea, aberastea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude