“Konpromiso nagusia gizartearen ezaugarriekin bat egin eta horri erantzungo dion eskola izatea da”

UEUren udazkeneko online eskaintzaren barruan “XXI. mendeko eskola: aro digitalari erantzuna bilatzen” izeneko ikastaroa izango da Amaia Arroyo Sagasta eta Izaro Arbizu Aseginolatzaren eskutik. Arroyo Hezkuntzan eta Komunikazioan doktorea da eta gaur egun Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakasle eta ikerlari lanetan dabil. UEUko kidea ere bai. Arbizu, ostera, Lehen hezkuntzako irakaslea daeta IKT on hezkuntza-aholkuraritzako aholkulari pedagogikoa.

 

 

Zeintzuk dira XXI. mendeko eskolak hartu beharreko konpromisoak?
Argi dago konpromiso nagusia gizartearen ezaugarriekin bat egin eta horri erantzungo dion eskola izatea dela. Horrek ez du esan nahi gizartearen menpe dagoen eskola izatea, ez horixe: horrek esan nahi du gizartea modu osasuntsu eta jasangarrian eraldatzeko hautua egitea. Hautu hori, ordea, ezin da egin teknologia digitalari muzin eginez, gaur egungo gizartearen ezaugarrietako bat delako.

Gaiari lotuta hainbat ekarpen teoriko bilduko dituzue. Zein helbururekin?
Helburua jakintza areagotzea eta sortzea da. Konpromisoak hartzeko, hautuak egin eta erabakiak hartu behar dira. Nola egin daiteke hori erreferentzia garbirik gabe? Informazioa baldin badugu (kasu honetan, ekarpen teorikoak), aukera gehiago izango ditugu ikuspegi objektiboagoa lortu eta jakintza eraikitzeko.

Teknologia digitalak hezkuntzan duen eragina bor-bor dagoen eztabaida dela diozue. Zeintzuk dira eztabaidagai nagusiak?
Gure ustez, eztabaidagai nagusiak hiru dira: menpekotasuna, baliabide urritasuna eta baliagarritasuna. Lehenari dagokionez, argi dago denok dugula teknologia digitalarekiko menpekotasuna (bai, denok). Hori sustatu nahi al dugu eskolan? Teknologia digitala geletan sartzeak menpekotasun hori handitzea ekarriko al du?

Bigarrenari dagokionez, baliabideen urritasunari, argi dago eskola askok ez duela punta-puntako baliabide teknologikorik. Eta gorenera joan gabe, badira konexioarekin arazo handiak dituzten eskolak ere. Hori horrela izanik, nola bermatu daiteke teknologia digitala gelan erabiltzea?

Azkenik, baliagarritasunaren gaia dago. Baliabideekin arazorik ez izanda ere, zenbateraino da erabilgarria teknologia ikas- eta irakas-prozesuetan txertatzea? Zein da eskaintzen duen balio erantsia?

Horiek hirurak izan daitezke eztabaidagai nagusiak, baina ez dira guztiak. Horiei guztiei erantzuna bilatzea ez da erraza, baina mahai gainean jartzea ezinbestekoa da, lehen aipatutako konpromiso horiei aurre egiteko.

Kasu honetan ikastaroa bera ere online izango da…
On-line izateak abantaila asko ditu: denbora- eta espazio-mugak hautsi egiten dira eta norberak nahi eta ahal duen erritmoan egin dezake ikastaroa. Hori horrela izanda ere, ez da modu isolatuan egitea proposatzen. Gainerako ikaskideekin harremanetan egoteko espazioak egongo dira eta hausnarketa denon artean egitea ahalbideratuko dugu.

Zein izango da metodologia?
Metodologia praktikoa da, UEUko ikastaro guztietan bezala. Eduki teorikoak oinarri hartuta, hausnarketa bideratzeko dinamika praktikoak eta parte-hartzea bultzatuko dira. Hori guztia kontuan hartuta, ikasleek ikastetxe batean digitalizazio pedagogikoa martxan jartzeko prozesua diseinatu beharko dute.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Hezkuntza munduko profesionalei zuzendutako ikastaroa da. Honako profilak aurreikusten dira: zuzendariak, arduradun pedagogikoak, IKT arduradunak, irakasleak eta tutoreak. Irakasle ikasketak egin berri dituztenak ere hartzaileak izan daitezkeela uste dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude