Jaione Ibarra: “Jardunaldiak aukera paregabea ematen du hizkuntzak eskolan irakasteko izan diren esperientziak partekatzeko”

Irakasleen prestakuntzaz jardungo dute, besteak beste, datorren urriaren 4 eta 5eko “Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” jardunaldietan, Gasteizen. Jaione Ibarra Atutxak “Hizkuntzak eta arloak proiektu globaletan bateratzeko proposamena” izango du mintzagai Jone Ozerinjauregi Ozerinjauregi eta Maider Huarte Abasolorekin batera. Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika saileko burua da Ibarra.

Era honetako jardunaldi bat zergatik da garrantzitsua zure ustez?
Aukera paregabea ematen du egin diren esperientzia ezberdinak partekatzeko besteekin. Kasu honetan euskara eta beste hizkuntzak eskolan irakasteko gure inguruan izan diren esperientzia ezberdinak  ezagutzeko aukera izango da.

Irakasleen prestakuntza izango da jardunaldiko ataletako bat. Zein ikuspuntutik landuko da gaia?
Hiru hitzaldietan irakaskuntzarekin zerikusia duten hiru arlo desberdin jorratuko dira. Alde batetik, irakasleen formazioan hizkuntzen didaktikak egin duen bidea eta dituen erronkak azalduko dira; bestetik testu-genero baten irakaskuntza egiteko eredu baten emaitzak emango dira; eta amaitzeko, hizkuntzetako curriculuma antolatzeko eredu bat erakutsiko da.

Zure kasuan “Hizkuntzak eta arloak proiektu globaletan bateratzeko proposamena” izango duzu mintzagai Jone Ozerinjauregi eta Maider Huarterekin batera. Zer da zehatz mehatz landuko duzuena?
Ikastetxe baten izandako esperientzia bat azalduko dugu. Bertan arloa ardatz hartuta, ikastetxean irakasten diren hiru hizkuntzetan nolako testu-generoak landu diren erakutsiko da eta zeren arabera hartu diren erabaki horiek azalduko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude