Donna Apellaniz: “Emozioak gure egunerokotasunean mugiarazten gaituzten energia dira”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan, azaroan, “Adimen emozionala eskolan” ikastaroa izango da Donna Apellaniz Nietoren eskutik. Lehen Hezkuntzako Magisteritzan diplomatua da Apellaniz eta Adimen Emozionalean aditua Hezkuntza arloan.

 

Orokorrean gure emozioak ezagutzen al ditugu?
Orokorren ezjakintasun handia dago gure “barne-munduari” buruz eta hor emozioak sartzen dira. Askotan pentsatzen dugu emozioak ez digutela eragiten gure bizitzan, edota hauek nahiko ongi kudeatzen ditugula. Askotan ez gara ezta konturatzen ere emozioek guregan duten eraginaz; hauek jarrera edota jokabideetan bihurtzen diren arte. Hau da, haserre nagoela konturatzen naiz ondokoari oihuka hastean edota jotzen dudanean; edo triste nagoela ohartzen naiz norbaitek zerbait esan eta ni negarrez hasten naizenean. Hau ohikoena da; egunerokoan kanpora begiratzen gaudelako: lanera joan, besteekin egon, erosketak egin, lagunak, familia eta abar.  Denbora oso gutxi eskaintzen diogu geure buruari, eskaintzen baldin badiogu. Beraz, emozioak ezagutzea zaila egiten zaigu, hauek aurpegian ematen diguten arte.

Haurrekin adimen emozionala lantzeko nahitaezkoa da irakasle bakoitzak bere adimen emozionala lantzea lehenbizi…
Adimen emozional lantzeko bi era daude: Buruko lanketa eginez edo gorputzeko lanketa eginez. Helduok gure gaitasun neuronala garatua dugu eta honek esan nahi du buruan bizi garela gehien bat; alegia, gure pentsamenduek gidatzen gaituztela. Haurrek, ordea, ez dute haien garuna hain garatuta (hau urteekin garatzen den organoa baita); beraz, hauek gorputzean bizi dira, bizipenetan. Emozioak gorputzean bizi dira eta hauek gure bizipenak gidatzen dituzte. Hortaz, haurrekin emozioak landu nahi baditugu, bizipenetatik egiten badugu lan hau, haurrek egindako lanketa hori barneratuko dute; eta ez soilik buruarekin ikasi. Hau egiteko irakasleak berak ez badu lanketa emozionala eginda, zaila izango da bizipenetatik gidatzea lanketa. Izan ere, helduok haurren eredu gara eta eredu emozionalki adimentsua izateko lanketa pertsonala egin behar dugu.

Zergatik da horren garrantzitsua emozioak lantzea?
Emozioak gure egunerokotasunean mugiarazten gaituzten energia dira. Zerbaitekin haserretzen bagara, emozioak hori suntsiaraztera eramango gaitu. Zerbait asko gustatzen bazaigu, hori zaintzeko energia sortuko da gure barruan. Egoera baten aurrean triste jartzen bagara, energia galduko dugu eta hori berreskuratzera eramango gaitu emozioak. Honela emozio guztienekin; emozio guztiek funtzio zehatz bat baitute. Emozioen funtzioak ulertzen ditugunean, eta hauek era osasuntsu batean bizitzen ikasten dugunean, bizitzan gertatzen zaigunak zentzua hartzen du eta gure bizitzaren jabe egiten gara.

Nola landuko duzu gaia ikastaroan?
UEUn azaroan eskaintzen dudan ikastaroan adimen emozionala era teoriko-praktiko batean landuko dugu. Emozioen munduan murgilduko gara, emozioak ulertuz eta hauek kudeatzen ikasiz. Bizipen pertsonaletara joango gara, hauek kudeatzeko baliabide ezberdinak emanaz. Eskolako kasu ezberdinak ere landuko ditugu. Haur zein nerabeekin esku hartzea landuko dugu ikuspuntu sistemiko batetik eta tresna anitzak eskuratuko ditugu haur eta nerabeen bidelagun emozionala izateko.

Zer lortu nahiko zenuke ikastaro honekin?
Ikastaro honen helburua emozioen munduan lehenengo pausoak ematea da. Emozioak ezagutzea eta hauek haur zein nerabeekin lantzeko eta kudeatzen laguntzeko tresna eta baliabide ezberdinak eskuratzea, norbera bere emozioen jabe izanez. Honekin irakasle bakoitzak bere gelako haur zein nerabeak sakonago ezagutu eta hauei hobeto lagundu eta bideratzeko aukera izango du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude