Mari Jose Ezeizabarrena: “Haurrak, hizkuntza erabiltzen duten horiekin dituen hartu-emanetatik ikasten du”

“Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” jardunaldia izango da Gasteizen urriaren 4an eta 5ean. Hainbat azpi-ataletan banatu dituzte hitzaldiak eta horietako bat da euskaldun elebidun goiztiarren hiztegiaren eta gramatikaren ingurukoa. Mari Jose Ezeizabarrena Segurola ibili da antolaketan eta “Elebidun txikien garapen lexiko eta gramatikala” aurkeztuko du Iñaki Garcia eta Margareta Almgrenekin batera

Euskaldun elebidun goiztiarren hiztegia eta gramatika atalean zer da landuko duzuena?
Hiztegia (esanahidun hots-kateak) eta gramatika (hitzak elkarren artean josi eta esaldi zuzenak osatzeko baliabidea arautuak) gizakiok dugun hizkuntzarako gaitasunaren lehengaiak ditugu. Haurrek beren inguruko hizkuntzetako hitzak ahoskatzen eta ulertzen ez ezik, hizkuntza bakoitzeko hitzak nola josten diren ere ikasi behar du, bestela esanda, zein hitz beste zein hitzaren aurretik/atzetik doan. Hizkuntza bakoitzak bere hotsak eta hitzak izaten ditu, baina baita hitzak josteko bere arauak ere. Adibidez, euskaraz etxe bat esaten dugunean euskaldunok etxe izena bat zenbatzailearen aurretik jartzen dugu, beste hizkuntza askotan izena zenbatzailearen atzetik jarri behar den bitartean: “una casa” (gaztelaniaz), “une maison” (frantsesez), 2one house” (ingelesez). Galdera sortzen da, orduan, inguruan hizkuntza bat baino gehiago entzunez hazten den haurra -euskara eta frantsesa edo euskara eta gaztelania, adibidez,- noiztik aurrera den gai antzemateko entzuten duen hitz bakoitza eta hitzak josteko modu bakoitza zein hizkuntzari dagokion. Hurrengo galdera bat beste hau izaten da, ea euskara bezalako euskara bezalako hizkuntza gutxitu bat bereganatzen duten haur elebidunek gainerako hizkuntzak ikasten dituzten haurren hizkuntza-garapen urrats berdinak ematen dituzten. Joan den mendeko 80-90ko hamarkadetan hasitako haur euskaldunen hizkuntza-garapena neurtzeko datu-bilketak eta ikerketak bere hondar-alea jarri dute nazioartean garatzen ari den elebitasunari buruzko jakintzan eta baita hazia ere munduko hizkuntza txikien biziraupenerako lanean dihardutenen ezagutzan ere.

Hitzaldi sorta honetan haurren ulermena eta ekoizpena teknika desberdinak baliatuaz neurtu duten hainbat ikerketen berri emango da. Iñaki Garciak eta prestatu duten hitzaldian 4 urtetik beherako haur euskaldunen hizketan gramatika markak zein hurrenkeran agertzen hasten diren erakutsiko dute; eta baita 8 hilabetetik 4 urtera bitarteko haurren hiztegiaren neurria nola hazten joaten den ere; adinaren eta inguruko helduek haurrari euskaraz eta erdaraz hitz egiten dioten ordu-proportzioaren arabera.

Tania Barberan eta Isabel Garcia del Realek aldeak aurkitu dituzte bost urteko haurren artean gaztelaniazko “algunos” “batzuk” bezalako kuantifikatzaileak eta zenbait aditz forma ulertzeko garaian; eta emaitza horrek ulermen mailan bost urteko haur batzuk beste batzuk baino “helduagoak” direla ondorioztatzera eraman ditu.

Saioa Larrazak eta Amaia Munarriz-Ibarrolak haurren fonologiari heltzen diote: euskaraz ikasteko zaila(goa)k diren zenbait hots haurrek nola ahoskatu eta hautematen dituzten erakutsiaz.

Jürgen Meiselek, berriz, euskara eta gaztelania bezalako bi hizkuntza horren desberdinen ikerketak eskaini dituen emaitza batzuk aztertuko ditu; erakusten dutenak haur txikiak duen hizkuntzarako ahalmena, ez dela elebakarra; berez, eleanitza baizik.

Andoni Barreñak, azkenik, haur euskaldunen ikerketan ikasitakoa, euskararen biziraupenerako tresna garrantzizkoa izateaz gain, munduan hiltzeko zorian dauden beste hizkuntza batzuk bizirauten laguntzeko ere baliagarria dela erakutsiko du.

“Elebidun txikien garapen lexiko eta gramatikala” aurkeztuko duzu zuk Iñaki Garcia eta Margareta Almgrenekin batera. Zertan datza?
Joan den mendeko 90eko hamarkadako munduko hizkuntza askoren garapenaren ikerketan puri-purian zeuden ondorengo galderak: haurrek ez dutela hizkuntzetako hiztegia eta gramatika osoa hasieratik erabiltzen, baina zein hitz mota ote diren haurrek aurrena ikasten dituztenak? Izenak? Aditzak? Ohiturazko esamoldeak? Eta gramatikan, noiztik aurrera dakite haurrek adizkiak, kasu-markak eta menpeko perpaus konplexuak erabiltzen? Elebidunek bi hizkuntza erabiltzeko gaitasuna izaten dute, baina noiztik aurrera? Hizketan hasten direnean ala koskortutakoan, hasierako nahasmen aro bat igaro ondoren? Bi hizkuntza batera ikasten dituzten haurrek, haur elebakarrek bezala ikasten al dituzte bi ak? Eta nahastu gabe?

Galdera hauei erantzun nahian abiatu zen Itziar Idiazabalek sortutako HEGEHJ ikertaldea UPV/EHUn. Gurasoek etxean haurrari euskaraz bakarrik edota euskaraz eta gaztelaniaz egiten zieten haur gutxi batzuen luzaroko datu-bilketak, Hamburgeko Unibertsitateko Meisel irakasleak erabiltzen zuen metodologiari jarraiki. Euskal Herriko eta Hamburgeko ikertaldeen arteko lankidetzari esker 1994-2002 urte bitartean hainbat tesi lan defendatu ziren haur euskaldunen garapenari buruzkoak, geroko ikerketaren abiapuntu izan direnak. Lan haien ondorio batzuen berri emango da hitzaldi honen lehen atalean.  Hasteko, adin berarekin ez bada ere, urrats jakin batzuk igarotzen dituztela aztertutako haur euskaldun guztiek 18 hilabete eta 4 urtera bitartean; besteak beste, aditz-morfologian eta kasu-marken erabileran, eta baita esaldien luzeran, hitz-hurrenkeran zein perpausen konplexutasunaren garapenean. Aipatu urrats horiek parekagarriak direla beste hizkuntza batzuk ama-hizkuntza bakarra bezala bereganatzen dituzten haurren garapen urratsekin; eta, gainera, hiru urterekin haurtzaindegira hasi bitartean etxean euskara bakarrik, eta etxean txikitatik bi hizkuntzak entzuten dituztenek garapen-urrats bertsuak egiten dituztela.

Hitzaldiaren bigarren atalean, Barreñaren zuzendaritzapean, HEGEHJeko, HUHEZIko, Nafarroako eta Iparraldeko beste irakasle eta ikertzaile batzuekin batera garatutako Komunikazio Garapena Neurtzeko Zerrenda (KGNZ) tresnarekin garatutako ikerketaren berri emango da. Gurasoek beren haurren komunikazio gaitasunei buruz emandako informazioa biltzeko MacArthur-Bates-ek sortutako CDI test ezagunak euskarara egokitu zituen talde honek KGNZ-1, 2 eta 3 izenarekin. Tresna haiek baliatuz milaka haur euskaldunen datuak bildu zituzten, eta ikerketa transbertsal edo zeharkako hark emaitza interesgarriak eman ditu azken bi  hamarkadetan: alde handiak daude hiztegiaren neurriari dagokionean adin bereko (8-50 hilabete bitarteko) haur euskaldun txikien artean, etxean euskara gehiago edo gutxiago entzun, eta baita gramatikan ere. Emaitzok ikerketa-galdera berriak sortarazi dituzte, aldi berean.

Zergatik da garrantzitsua era honetako jardunaldi bat?
Hizkuntzarako gaitasuna gizakiak berez, jaiotzatik duen ahalmena bada ere, haurrak hizkuntza erabiltzen dutenekin dituen hartu-emanetatik ikasten ditu hizkuntza bakoitzeko hiztegia eta gramatika zehatzak. Haur euskaldunen hizkuntza garapena eta hura ikertzeko moduek lotura zuzena dute euskal gizarteak azkeneko 40 urte hauetan izan dituen aldaketekin. Ikastaro honek aldaketa horien berri hausnartzeko aukera eskaini nahi du; egun bizi dugun gizarte eleanitza hobeto ulertzeko baliagarri izango delakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude