Izarne Lizaso: “Filmetako edukien bidez, zahartzaroari buruzko hausnarketa sustatzea da helburuetako bat”

Datorren azaroaren 9an eta 16an “Gerontozinea: adinekoen irudikapen soziala filmetako irudien bidez” izeneko ikastaroa izango da Eibarko UEUren Ikastetxe nagusian. Izarne Lizaso Elgarresta. UPV-EHUko irakaslea eta UEUko kidea izango da irakasle. Izen emateko epea zabalik dago.

Gerontozineaz ari garenean, zertaz ari gara?
Gerontozineak edota zine gerontologikoak erreferentzia egiten die bi kontzepturi. Batetik, gerontologiari, hau da, adinekoak aztergai dituen diziplinari ; eta, bestetik, zineari. Filmeen bidez, bizi-zikloaren aroetako giza harremanei buruzko hausnarketa sustatu daiteke eta zahartzen ari diren pertsonen hainbat egoera aztertzeko, ulertzeko, sentitzeko eta antzekoetarako baliagarri izan daiteke. Egun, gerontozinea gero eta garrantzitsuagoa da arrazoi desberdinengatik, adibidez, aktore desberdinak zenbait pelikuletan zahartzen ikusi direlako (Morgan Freeman, Diane Keaton, Robert de Niro, ….), adinekoak gero eta gehiago joaten direlako zinemara; baina batez ere, pelikulek adinekoekin harremana duten gaiak aztertzen dituztelako (erretiroa, maitasuna, belaunaldi arteko harremanak, sexualitatea, gaixotasunak, …).

Gizartean zahartzaroaren inguruko hainbat estereotipo eta uste oker daudela diozu. Zeintzuk, adibidez?
Egun gure gizartean zahartzaroaren inguruko hainbat estereotipo eta uste oker daude. Estereotipoak gizartean naturaltzat ematen diren klixe sozialak dira, esaterako. Helduen gehiengoek osasun maila onargarri bat mantentzen dutela 65 urte arte, osasunaren narriadura handi bat ematen denean gutxi gora-behera; 65 urtetik gorako pertsonen gehiengoak besteen menpe egotera behartzen dituzten ezintasun batzuk dituztela; pertsonen gehiengoak 65 urtetara iristen direnean, oroimenaren narriadura garrantzitsu bat izaten hasten direla; pertsona zaharrek gauza berriak ikasi ahal izatea ia ezinezkoa dela; zaharrek sexuarekiko interes gutxiago dutela; askotan, pertsona zaharrak, umeak bezalakoak direla edota zahartzaroa, bizitza osoa lanean eman eta gero, atsedena hartzeko garaia dela.

Aipatutako estereotipo horiek eguneroko bizitzan, komunikabideetan eta zinean eragina dute. Ikus-entzuteko baliabideak garrantzitsuak dira; eta irudiak, zalantzarik gabe, horren adibide garbia dira. Hori kontuan izanik, zinema irakaskuntzarako baliabide interesgarria izan daiteke.

Ikastaroan zein eratako filmak aztertuko dituzue?
Ikastaro honetan, gerontologiarekin zerikusia duten zenbait film aukeratu eta aztertuko dira, adinekoak sakonkiago ezagutzeko helburuarekin. Sarrera gisa, adinekoen irudi soziala aztertuko dugu eta horretarako komunikabideetan aurkeztu diren bi iragarki erabiliko dira. Ondoren, zahartzaroarekin zerikusia duten gai desberdinak izango dira mintzagai hainbat pelikuletako sekuentzien bidez. Adibidez, garapen fisiko eta psikomotorrean 3 Fois 20 ans (Julie Gavras, 2011) pelikula izango da hizpide, bertako protagonistek adinarekiko jarrera desberdina adierazten dute-eta. Erretiroaren zerikusia duten gaiak aztertzeko, Gianni e le donne (Gianni Di Gregorio, 2011) edota The Intern (Nancy Meyers 2015) erabiliko dira. Garapen afektibo sexuala aztertzeko, besteak beste, Elsa & Fred pelikula klasikoa, 80 egunean (Jose Maria Goenaga, Jon Garaño, 2010), Wolke Neun (Andreas Dsesen, 2008) eta Gerontophilia (Bruce La Bruce, 2013) izango dira mintzagai. Eta azkenik, menpekotasunarekin, gaixotasunarekin edota heriotzarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko Amour (Michael Haneke, 2011), Arrugas (Ignacio Ferreras, 2013) eta Ahora o nunca (Rob Reiner, 2007) aukeratu dira.

Zein izango da filmak aztertzeko erabiliko duzuen metodologia?
Ikastaroaren metodologia teoriko praktikoa izango da, aktiboa eta parte-hartzailea. Zenbait metodologia aktibo erabiliko dira; adibidez, puzzle teknika, filmetako sekuentziak, irakurgai laburrak, eta abar. Horretarako baliabide desberdinak erabiliko dira: artikuluak, irakurgaiak, filmetako trailerrak edota sekuentziak, diapositibak, interneteko loturak, dokumentazio osagarria, eta abar.

Gerontologiarekin zerikusia duten edukiak ikasten ari diren graduko edota graduondoko ikasleentzat prestatu duzue ikastaroa, baina norentzat gehiago izan daiteke?
Gerontologiarekin zerikusia duen horretan lanean diharduten profesionalentzat (psikologoentzat bereziki) zein, Psikologia eta antzeko arloetako (Psikopedagogia, Pedagogia, Gizarte-hezkuntza, erizaintza, medikuntza, etab.) ikasleentzat, eta, gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat izan daiteke erabilgarri. Halaber, zinemagintzan adituak diren profesional zein zaletuentzat interesgarri izan daiteke ere, adinekoekin harremana duten zenbait gaietara hurbiltzeko lagungarri izan baitaiteke.

Zein da ikastaroaren azken helburua?
Ikastaroaren helburu nagusia da Gerontologiarekin zerikusia duten gaiak lantzeko zinema baliabide gisa aztertzea. Horrez gain, beste zenbait helburu zehatz ere badira. Esaterako filmetako irudien bidez adinekoak sakonkiago ezagutzea; adinekoen garapen fisikoarekin, garapen sozialarekin eta galera kognitiboarekin zerikusia duten zenbait film proposatzea; filmetako edukien bidez, zahartzaroari buruzko hausnarketa sustatzea eta azkenik, filmak irakaskuntzarako baliabide gisa duten garrantzia azpimarratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude