Juan Ezeiza: “Moodle-ko galde-sorten mugak irakaslearen irudimenarenak dira”

UEUren udaberriko online eskaintzaren barruan,  “Moodle-ko galdera-sortak sakonki” izeneko ikastaroa izango da. Juan Ezeiza Gutierrez Donostiako Axular Lizeoko Filosofiako irakaslea eta IKT dinamizatzailea izango da irakasle. Izena emateko epea irekita dago.

Moodle-ko galde-sortei etekin handia ateratzea da ikastaroaren helburua. Zein hutsune ikusten dituzu?
Batez ere, ezagutza falta. Jende askok pentsatzen du Moodle plataforma zaila dela; eta, gaizki egiteko beldurragatik, gauza xumeak baino ez dituzte egiten. Adibidez, test moduko galde-sortak aukera anitzeko galderekin bakarrik. Errealitatea oso bestelakoa da. Moodle-k aukera asko eskaintzen du eta, bere logika ulertzeari denbora pixka bat dedikatuz gero, aterako diogun etekina oso handia izango da.

Zein eratako aukerak eskaintzen dituzte moodle-ko galdera-sortek?
Moodle-ko galde-sorta oso tresna boteretsu eta malgua da. Hortaz, bere mugak irakaslearen irudimenarenak dira. Adibidez Moodle-k 15 galdera mota dauzka edizio estandarrean eta aukerako 42 galdera mota gehiago instala daitezke; hala nola, elementuak hartu eta irudi batera eramateko modukoak, formula kimikoak, zenbakizkoak, kalkulatuak, ekuazioak, musika-bitarteak, programazioarekin lotutakoak, matrizeak, elementuak ordenatzeko modukoak… Galde-sorten konfigurazioa ere oso aberatsa da. Denbora, galderen jokaera, errepikapenak, pasahitzez babestu edo sare konkretu batean soilik egin ahal izatea, baldintza batzuk bete direnean irekitzea, baldintza batzuk bete direnean osatutzat ematea; dominak, galderak nahastea, erantzunak nahastea, feedback-sistema konplexua… Galde-sortek irudiak, audioa eta bideoa onartzen dituzte. Ezarpen batzuk pertsonaliza daitezke, esaterako denbora edo saiakera gehiago behar duen ikasleari aukera horiek emateko. Moodle-ko modulu batzuek jadanik dauzkagun galderak aprobetxatzen dituzte jolasak egiteko edo aurrez aurreko galdetegiak ikasgelan egiteko…

Ikastaroa guztiz praktikoa izango da. Zein izango da metodologia?
Moodle-ren moduluen erabilera aztertu ahala, parte-hartzaileek praktikak egingo dituzte, online ikastaro bat osatzeko saiakera eginez. Ikasleen ikas-prozesu autonomoa bultzatu nahi da eta horretarako nork bere kasa ikasten segitu ahal izateko baliabideak eskaini nahi ditugu. Bestalde, foroak ezinbesteko tresna izango dira taldean ezagutza eraikitzeko.

Ikasleek berek taldeka diseinatutako ikastaroak eraiki beharko dituzte; ikasitakoa oinarri gisa hartuz eta beren ikasleekin aplikatzeko helburua izanez.

Aipatzekoa da lehenengo saioa presentziala izango dela. Lehenengo saio horretan, Moodle-ren galde-sorten ereduak erakusteaz gain, ikastaroaren oinarriak eta nondik norako nagusiak azalduko dira. Hortik aurrera, ikastaroa online izango da.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Ikastaroa etapa guztietako irakasle eta formatzaileei zuzenduta dago. Partaideek gutxienez fitxategiak igotzen, ikasleentzat argitaratzen eta zeregina bezalako modulu sinpleak kudeatzen jakitea hobesten da. Baldintza horiek betetzen ez dituen pertsona batek ere ikastaroa egin ahal izango du; baina helburuak lortzeko ahalegin berezia egin beharko du eta aurreikusitakoak baino ordu batzuk gehiago eskaini beharko ditu; betiere irakaslearen laguntzaz.

Zer lortu nahiko zenuke ikastaroarekin?
Helburu garrantzitsuena partaideek Moodle-k eskaintzen dituen aukerez jabetzea da; jakin-mina piztu eta, tresna batzuk emanez, sakontzeko eta beren eguneroko lanean erabiltzeko gai izan daitezen. Horrez gain, galde-sorten hainbat aplikaziorekin lan egin ahal izatea (autoebaluazioa, ohiko azterketak, erabilera ludikoak…), ikaskuntza-ibilbide pertsonalizatuak diseinatzea eta partaideen lanerako praktikoa izango den molde birtuala sortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude