Mikel Iruskieta: “Hezkuntza-teknologiak eta hizkuntza-teknologiak garatzeko hutsunerik handiena eragile ezberdinen arteko lankidetza urrian dago”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Hizkuntza-teknologiak euskararen irakaskuntzan” izeneko online ikastaroa hasiko da urrian. Mikel Iruskieta Quintian izango da irakaslea eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan, eta hizkuntzen irakaskuntzan” berezko Tituluko (UPV/EHU) zuzendaria da Quintian. Euskal Filologian (2001) eta Filosofian (2007) lizentziatua eta doktorea 2014an Euskal Filologian. Bilboko Hezkuntza Fakultateko eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea 2008tik eta Hizkuntzaren Analisia eta prozesamendua (UPV/EHU) master ofizialeko irakaslea. Halaber, IXA Taldeko ikertzailea eta CLARIN-ERICeko kide. UEUko kidea.

Hezkuntza- eta hizkuntza-teknologiak ikuspuntu kritikoa batetik lantzea da zure helburua. Non dago hutsunerik handiena?
Nire ustez hezkuntza-teknologiak eta hizkuntza-teknologiak garatzeko hutsunerik handiena eragile ezberdinen arteko lankidetza urrian dago. Lankidetza hori modu askotara egin daiteke, Europan jakintza-zentroak arduratzen dira horretaz, baina Euskal Herrian ez dago horrelako egiturarik eta Europan ez dituzte euskarazko tresnak, proiektuak eta praktika onak garatzen. Baliteke horretan ere zenbait aldaketa ikustea laster, baina inbertsioa behar da, jendartea trebatzea, eztabaidatzea, lanak elkarbanatzea… Ez da berehalako gauza.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena?
Ikastaroan hizkuntza-teknologiak zer diren aztertuko dugu. Hizkuntza-teknologiak modu zabalean esanda hizkuntza darabilten teknologiak dira; hizkuntzaren ulermen axalekoagoa edota sakonagoa egiteko darabilgun teknologia. Hizkuntza-teknologiak baliagarriak dira testuinguru digitalean hizkuntza-produkzioa (baita ahozkoa ere) erabiltzeko, moldatzeko, gainean azpimarrak egiteko, ikaslearen garapena neurtzeko, ikasleari erronkak emateko, datuak erauzteko eta erabakiak hartzeko. Esaterako, ikasiko dugu testuak testuinguru digitalean zuzentzean zer abantaila dituen eta nola hobetu dezakegun gure lana eta denbora aurreztu (gauza errepikakor zenbait alboratuz). Testuak aztertu, zein mailatakoak diren jakin, testuaren ezaugarri linguistikoak aukeratu, ezer instalatu gabe eta modu errazean. Ikastaroan garrantzia emango zaio euskaraz zer dagoen eta zer izan dezakegun epe ertain batean.

Ikastaro praktikoa izango da. Zein izango da metodologia?
Ikastaroa praktikoa izango da. UEUren ikasgela birtualean arituko gara gehienbat, baina bi aurrez aurreko egongo dira, hasieran eta bukaeran. Hasieran taldea ezagutu eta online norekin lanean ari garen jakiteko eta dauden zalantzak edo beharrak aztertzeaz gain, ikastaroaren aurkezpena egingo da. Taldean ikasiko dugu eta bakoitzaren egoeratik abiatuta, saiatuko gara aztertzen nazioartean egiten ari diren lan mardula. Ondoren, hizkuntza-teknologiako adibide praktikoak erakutsiko dira; euskaraz zer egin daitekeen erakutsiz (baita mugak non dauden), hizkuntza trebetasun ezberdinak kontuan hartuz.

Bukatzeko, ikasleak bere lanarekin edota jakintzarekin lotutako proiektu baten diseinua egin eta aurkeztuko du. Denon artean aurkeztu diren diseinuak baloratuko ditugu eta teknologia garatu dezaketen eragileei jakinaraziko diegu (ikasleak hori nahiko balu). Askotan teknologia garatzaileak ere ez baitute jakiten zer den beharrezkoa eguneroko lanean. Beraz, ahal den neurrian ere, arlo ezberdinetako lagunak elkarrekin hitz egiten jarriko ditugu, ikastarotik harago ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude