Itziar Larzabal: “Aisialdi jarduerak bizipen positibo iturri dira eta horiek euskararekin uztartzeak garrantzia berezia du”

Urrian  “Hizkuntza ikastea eta euskararen erabilera: irakasleak eta gurasoak norabide berean” izeneko doako ikastaroa izango da UEUren Iruñeko egoitzan. Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean antolatutako ikastaroa da eta Itziar Larzabal Bengoetxea izango da irakaslea. Pedagogian lizentziatua da Larzabal eta Ebete hizkuntza zerbitzuen bidez, euskararen erabilera modu praktikoan eragitera bideratutako estrategia eta tresnetan aditua.

 

Beste hainbat kontutan legez, euskararen ikasketa eta euskararen erabilera bultzatzea eskolaren esku uzten dugu. Ez al dugu pisu gehiegi jartzen eskolaren bizkarrean?
Bai, zalantzarik gabe eta ez bakarrik euskara kontuetan. Hainbatetan uste da eskolak konponduko edo landuko dituela hau eta beste; baina argi da eskolak bere mugak badauzkala; bai euskararen ikasketa eta erabilera bultzatzeko garaian, baita beste arloetan ere. Garrantzitsua da konturatzea eskola ez dela gure seme-alabengan eragiten duen bakarra; eta, beraz, beraiengan eragiten dugun guztiok aktibatzea (gurasoak, aisialdiko eta kiroletako hezitzaileak, irakasleak…. gizartea oro har) eta norberak bere ardurak hartzea behar-beharrezkoa dela.

Eskolak baditu bere mugak., baina zeintzuk dira muga horiek?
Eskolaren muga nabariena bere eragite esparrua da; izan ere, irakasleek ikasleen urte beteko esna orduen %15ean, gutxi gorabehera, eragin baitezakete eta hori ez da nahikoa. Hori bakarrik ez behintzat.

Horrez gain, euskararen erabilerari dagokionez, ikasgeletan irakasten den euskara formala izan ohi da eta gure haur zein gazteei egoera informaletan jarduterakoan (aisialdian, euren artean, kirolean…) sarri euskara formal hori ez zaie baliagarri; eta beraz, baliabide gehien duten hizkuntzara, erosoen zaien hizkuntzara, jo ohi dute; euskararen kalterako.

Bakoitzak bere ardura hartu eta irakasleak eta gurasoak norabide berean joan daitezen nola egin?
Argi da irakasleek ezin dituztela gurasoak euren norabide berean aritzera derrigortu; baina bai gonbidatu, eta bide horren onurak azalerarazi. Eskola eta etxea eskutik helduta joanez gero, ikasleen onurarako izango da, zalantzarik gabe; eta hori, guztientzat da aberasgarri. Horrez gain, hainbat gurasok zalantzak izan ditzakete hizkuntza kontuetan jokabide-erabaki bat edo bestea hartzearen inguruan; eta irakaslea, horretan, orientatzaile izan liteke.

Eskola aipatu dugu, baina zeintzuk dira gurasoen kezka nagusiak?
Seme-alaben adinaren eta egoera soziolinguistikoaren arabera kezka horiek alda daitezke; baita familia euskaldunak edo ez hain euskaldunak direnaren arabera; baina gehien gehien errepikatzen direnak: euskararik jakin ezean etxerako lanekin nola lagundu, euskara pixka bat badakit seme-alabekin erabili beharko nukeen, nola egin bikote mistoetan, nola lagundu seme-alabei euskara gehiago erabili dezaten…

Aisialdia ere hor dago, eskolaz kanpokoak…
Gure ikasleak gutxien-gutxienean egiazko elebidun orekatu izatea nahi badugu, eurengan eragiten duten arlo eta eragile guztiak aktibatzea beharrezkoa da. Aisialdiak gainera, garrantzia berezia hartzen du; izan ere, aisialdi jarduerak bizipen positibo iturri baitira eta horiek euskaraz eta euskararekin uztartzen baditugu, haur eta gazteei euskarazko erreferente eta espazio gehiago eskaintzen ariko gara; arestian aipatu %15 hori hedatzeko aukerak ere areagotuz.

Ikastaro honekin zer lortu nahiko zenuke azken batean?
Ikastaro honen helburua haur eta nerabeen hizkuntzen ikaste prozesura begira, eta bereziki euskararekin harreman handia eta indartsua eskaintzera begira, irakasleak eta gurasoak norabide berean aritu daitezen diskurtsoak eta estrategiak aztertzea da. Horretarako, besteak beste, irakasleek guraso bileretan zein beste zenbait egoeretan gurasoei begira erabil ditzaketen mezuak aztertuko dira eta horiek emateko moduak aurkeztuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude