Ima Zestau: “ Hizkera sexista modu askotan egiten da euskaran ere”

Udazkeneko online eskaintzaren barruan, “Eginen al dugu euskara ez sexista?” izeneko ikastaroa izango da Ima Zestau Baraibar euskara teknikariaren eskutik.

 

Euskara ez sexistatzat daukagu…
Euskarak, munduko hizkuntza guztiek bezalaxe, geure burua eta gure kultura identifikatzeko eta islatzeko balio digu. Albo hizkuntzetatik edaten du, ezinbestean, eta gaztelania zein frantsesa baino arinagoa da adierazpide sexistetan; batik bat genero markarik gabeko hizkuntza delako eta neutroagoak direlako hitz batzuk euskaran: “ikasleak” neutroa da “alumnos-alumnos/as-alumn@s-alumnes-alumnxs” baino; euskaraz hitz bakarrean inklusioan daudelako subjektu guztiak.

Hala ere, hizkera sexista modu askotan egiten da euskaran ere.

Hizkuntzan baino erabileran dago gakoa…
Eremuak eta testuinguruak baldintzatzen dute erabilera. Testuinguruak definitu egin behar dira eta horietan pertsonak/eragileak/erakundeak rol jakin bat du eta hizkuntza nola erabili nahi duen, nola erabili behar duen erabaki egiten du; era kontzientean ala inkontzientean.

Esaterako, gure umeen irakasleak urte osoa ematen badu gelako neskei “bai guapa” esaten, eta mutilei “bai dotore”, guapa neskentzat eta dotore mutilentzat delako ustea indartzen ari gara gelako umeon burmuinetan. Agian irakasle horrek, etxean guraso rolean ari denean, beste erabaki batzuk hartzen ditu familiako kideekin edo agian ez… zenbateraino jabetzen den…

Pertsonak bezalaxe, erabakiak hartu behar dituzte elkarteek, eragile kolektiboek, administrazioko erakundeek, komunikabideek, … Erabaki horietatik dator erabilera; hori da gakoa.

Non aurkitu dezakegu karga sexistarik handiena euskararen kasuan?
Testuingururik gabe, esanen nuke maskulinoa orokortzeko joeran dagoela: gizon, anaia, jauna, maisua, lehengusuak…Non daude zure aitak? … Errege katolikoek egin zuten… Gizonaren garapena… itsasgizonen aldarrikapenak… Horiek bezalakoak, beti, testuinguru errealetan aztertu behar dira.

Horiekin batera, espresio adierazkorrak eta barneratuak daude: “ …lan puta hau…” , “…hori potroa, hi!…”… Estereotipoei eta estigmei lotutako adierazpide bizkorrak dira.

Ikastaroan zer da landuko duzuena?
Zenbati kontzeptu landuko ditugu, testuinguruaren baldintzak eta hizkeran eragiten dutenak (androzentrismoa, sexismoa, genero binarismoa, transferentzia linguistikoa, asimetria, inbertsioa, inklusioa, bisibilizazioa-ezkutatzea…). Hizkera sexista identifikatzeko eta hizkera inklusiboa lortzeko gakoak ere bai: galdera pertinenteak eta adibide errealak. Gaztelaniatik euskararako transferentziaren ondorioak…

Hiru eremu erabiliko ditugu lan-markoa izateko: hezkuntza-aisialdia, administrazioa eta komunikabideak.

Zein izango da metodologia?
Ikastaroan azalpenak eta ariketak izanen ditugu; beraz, teoriko-praktikoa izanen da eta modu parte-hartzailean bideratuko da. Azalpenak emateko, adituen ekarpenak eta testu errealak izanen ditugu oinarri. Ariketak, berriz, praktika kolaboratiboen bidez eginen ditugu: alde batetik, hausnarketa kritikoak, pertsonalak eta partekatuak, unitate bakoitzeko foroen bidez; eta beste aldetik, ikastaroaren bukaerako itzulpen-ariketa bana egin eta hauek partekatuta. Beraz, ikasleen parte-hartzea eta gogoeta garrantzitsuak izanen dira.

Ikasleak zerekin ateratzea nahiko zenuke?
Desio dut ikasleak, ikastaroa bukatuta, erabilera sexista euskaraz nola egiten dugun ohartzeko estrategia batzuen jabe direla agurtzea. Hizkera ez-inklusiboaren gaineko hausnarketa eginda eta egiten segitzeko gai direla. Testuetan, gaztelania-euskara-gaztelania eraginaren kontzientzia areagotuta. Hizkera inklusiborako bidea egiteko gakoak ulertuta. Hizkera inklusiboa erabiliz, testu bana doitu dutelako gozatua hartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude