Itsaso Lekuona: “Gure lana da sustatu nahi ditugun baloreak Gau beltzaren bitartez indartzea”

UEUren Udazkeneko eskaintzaren barruan, “Gau beltza ospakizuna lantzeko ikastaroa” izango da irailaren 21ean. Jaime Altuna eta Josu Ozaitaren Itzalitako kalabazen berpiztea lan etnografikoa oinarri hartuta, Euskaltzaleen Topaguneak ospakizuna herrietan antolatu nahi dutenentzako baliabideak eskuragarri jarri nahi ditu ikastaro honen bitartez.

 

Zein testuingurutan kokatu behar dugu ikastaroa? Zerk eraman zaituzte ikastaro hau antolatzera?
Euskal Herrian geroz eta ezagunagoak dira Gau Beltza edo Arimen Gaua moduko udazkeneko ospakizunak. Iluntasunarekin, kalabazekin, beldurrarekin… lotutako tradizioak berreskuratzen edo berrasmatzen ari dira txoko desberdinetan. Gau Beltzaren birsortze momentu honetan, desberdintasunak kontuan hartuta oinarri komunak izango dituen ospakizuna antolatzen laguntzeko baliabide bilduma bat sortu dugu Euskaltzaleen Topagunean.

“Itzalitako kalabazen berpiztea” liburua hartu duzue oinarri. Zein helbururekin?
Jaime Altuna eta Josu Ozaitak egindako ikerketa antropologiko hau hartu dugu oinarri; finean euskal herri desberdinetako ohitura zahar eta berriak jaso dituztelako bertan. Behaketa eta elkarrizketen bitartez Gau Beltzaren tradizioa bildu dute liburuan, proiektuari hasiera emateko ezinbestekoa egin zaiguna. Honen bidez jarri gara jaia antolatzen duten herri desberdinetako antolatzaileekin eta hartzaileekin harremanetan, eta forma eman diogu Euskaltzaleen Topagunetik eskaini nahi dugun horri.

Nola landu balore aurrerakoiak?
Errealitateari erreparatuz. Ospakizuna gure gazteen artean errotzen ari da jada, gure lana da Gau Beltza bezalako jai baten bitartez sustatu nahi ditugun baloreak indartzea. Euskara, berdintasuna, naturarekiko harremana, komunitatea, parte-hartzea bezalako baloreak hartu ditugu kontuan bai baliabideak sortzerakoan eta baita jaiaren antolakuntzarako aholkuetan ere.

Aditu eta arituak bilduko dituzue. Teoria eta praktika.
UEUko ikastaroan eskaini nahi duguna zera da: Gau Beltza antolatu nahiko lukeen edo gaiarekiko interesa duenarentzako ahalik eta testuinguraketa eta baliabide gehien eskuragarri jartzea eta esperientziak partekatzeko gunea izatea. “Itzalitako Kalabazen Berpiztea” ikerketatik eta azken hilabetetan egindako saio parte-hartzaileetatik jasotako informazioarekin osatu ditugunak hain zuzen ere. Alde batetik, Josu Ozaitak ikerketa aurkeztuko du irailaren 21eko saioan. Bestetik, bidean ezagutu ditugun antolatzaileetako batzuk ere gonbidatu ditugu euren esperientziak partekatzera. ”Baliabideen kutxa” deitu duguna ere bertan aurkeztuko dugu. Kaxa honetan jaso ditugu gure ustez horrelako jai bat antolatzen hasteko lagungarriak izan daitezkeen erremintak (irudi edo kartel mutuetatik hasi eta bilerak antolatzeko gomendioetara). Eta arratsaldeko saioan, Gau Beltzaren bueltan egin daitezkeen tailer ereduak praktikatuko ditugu bertan gaudenok. Kalabazak husten jarriko gara, adibidez, gero bakoitzak bere herrira eraman dezan praktikatutakoa.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Gau Beltza antolatzen ari diren edo antolatzen hasi nahi dutenekin antolaketarako gakoak partekatzeko prestatu dugu ikastaroa; beraz, honetarako interesa duten era guztietako elkarte eta norbanakoei zuzenduta dago. Euskara elkarte, guraso talde, gazteleku… denon intereserako egitaraua osatu dugu.

Webgunea ere sortu duzue
Bai, ikastaroan aurkeztuko dugu sortu berri dugun webgunea. Baliabide kutxaren osagarria da nolabait. Idatziz jaso ezin diren bestelako tresnak eskura jarri ditugu www.gaubeltza.eus atarian. Ospakizunarekin lotutako bideoak, argazkiak eta deskargatzeko baliabideak aurkituko dituzue bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude