Maria Jose Altube: “Proiektu baten helburu nagusiak ikaslea motibatzea behar du izan”

UEUren udaberriko online eskaintzaren barruan, besteak beste,  “Zer ebaluatu hizkuntza batean? Nola ebaluatu?” izeneko ikastaroa izango da. Maria Jose Altube Madina irakaslearekin izan gara ikastaroaren nondik norakoez gehiago jakin asmoz.

Hizkuntzen ebaluazioaren inguruko ikastaroa izango da. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Lehenik eta behin adierazi ikastaroa ez dagoela soilik zuzenduta ikasle zein irakasleei. Gai honen inguruan ekarpenak egin ditzakeen edo interesa duen edozein pertsonak parte hartu dezake bertan.

Hori argi utzita, ikastaro honetan zehar erabiliko ditugun hezkuntza errekurtsoei esker, profesional hobeak izaten lagunduko diegu bertan parte hartuko dutenei; aholkularitza aditu, material didaktiko eta euren inpaktu, laguntza sare eta aplikazio, metodologia praktiko, eta abarren bitartez. Era berean, konfiantza gehiago eta arrakasta profesionala lortzen lagunduko diegu, hainbat praktikatan oinarrituta.

Horretarako hainbat helburu lortzen saiatuko gara. Esate baterako, hizkuntza-komunikaziorako konpetentziaren baliabideak ezagutzen eta aztertzen, ikasitakoa praktikara eramateko aktibitate didaktikoak sortuz eta aplikatuz. Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia ebaluatzeko estrategiak eta tresnak ezagutzen. Material didaktikoak hizkuntzen munduan duen garrantzia ikusirik, irizpide eta gida batzuk mahai gainean jartzen. Profesionalen arteko elkarlana bultzatzen. Ebaluatzeko alderdietan sakontzen (ebaluazio hezigarria, azken ebaluazioa, ebaluazio egileak, ebaluatzeko moduak eta tresnak…) eta ahozko komunikazioari indar berezia ematen. Azkenik, talde lanak berebiziko garrantzia izango du.

Zein hutsune dago ebaluazio alorrean?
Dagoen hutsunea nabarmena dela agerikoa da. Hezkuntza, gizartea bezala, eraldaketa batean murgildurik dagoenez, ezin da atzetik joan; eta hor ebaluazioak funtsezko papera dauka.

Ebaluazioa prozesu bat da. Horren bitartez, irakaslearen planifikazioa, ikasleen ikastea, curriculumaren garapena… behatzen ditu, heziketa-prozesuaren alorrak hobetzeko xedearekin. Irakasleak pertsona aditua behar du izan, ikasleak bideratu eta zuzentzeko. Jadanik, bere papera ez da hainbeste materia azaltzea; baizik eta ikasleen esfortzuak babestea, zuzentzea; euren aldetik azalpenak eman ditzaten, baita ekarpenak egin ere.

Proiektu baten helburu nagusiak ikaslea motibatzea behar du izan, bere ahaleginak onartu eta dituen hizkuntza-abileziak (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena), mailaz maila, dibertsifikatzea, erregistro batez hornituz.

Hori dela eta, gure proiektuak bete beharko dituen premisak dira testuingurura egokitzea eta ikasleen interesak eta helburuak ezagutzea; burutu daitezkeen jarduerak programatzea, praktikoa izatea; lan-taldean oinarritu eta bertako parte-hartzaileak inplikatzea, eurak arduradun bihurtuz; helburu batzuk zehaztu eta horietan oinarritutako jarduerak proposatzea; eta, azkenik, etengabeko ebaluazioaren sistema garatzea, informazioa jasotzeko eta beharrezkoak diren aldaketak sartzeko.

Talde lanari garrantzia eman nahi diozula esan duzu lehen. Zein zentzutan?
Talde-lana gizakiari datxekion jardunbidea da eta gizon-emakumeok gizarteetan bizitzen hasi ginenetik existitzen den ideia da; baina, sarri, zaila da praktikan ipintzea.

Berez pertsona indibidualak gara, nahiz eta nekez bizi gaitezkeen eta nekez erdietsi ditzakegun lorpen handiak bakar-bakarrik. Taldean lan eginez lortzen dira garaipenik handienak. Taldeak osatzerakoan horiek eratzen dituzten pertsonak ezagutu behar ditugu (indarrak eta ahultasunak) bakoitzari paper zehatz bat emateko eta talde horiek sortzeko. Talde-lanean ondorengoa lortuko dugu: sormena suspertzea, komunikazioa gehitzea eta garatzea, eraginkortasuna eta produktibitatea handiagotzea zein partaide izatearen zentzua hobetzea, besteak beste.

Ikastaro teoriko eta praktikoa izango da. Zein izango da metodologia?
Ikastaroak sei asteko iraupena izango du eta alderdi praktikoari emango diogu garrantzi handia. Horregatik, hasiera-hasieratik egongo da oinarrituta parte-hartzaileek amaieran aurkeztu behar duten proiektuan. Gai bakoitzaren sarrera gisa, material teorikoa jarriko da ikasleen esku (txostentxo bat, bideoak, artikuluak…, hau da, material osagarria); gero foro ireki, ariketa zein txat saioen bitartez euren iritziak, ekarpenak, esperientziak… jasotzeko. Beraz, ikaslea izango da gure protagonista nagusia.

Ikastaro honetako lehenengo gaian aztertuko duguna ebaluazio baten oinarriak izango dira, hizkuntza-proiektu batetik abiatuta. Bigarrenean, berriz, ebaluazioaren oinarriak zehaztuta, zenbait mailatako hizkuntza-dimentsioak eta bakoitzaren edukiak zein eskakizunak zehaztuko ditugu; aipaturiko hizkuntza-dimentsio horiek, gure aburuz, gidatuko gaituzten ildoak baitira. Behin hizkuntza-dimentsioak zehaztuta, hirugarrenean ebaluazioaren funtzioez, helburuez eta horien erabileraren inguruan arituko gara; eta proiektua diseinatzen hasiko gara.

Hezkuntza alorrean, irakasgai bakoitzak bere metodologia propioa dauka eta, ondorioz, hizkuntzen irakasgaia ez da salbuespena. Beraz, laugarren gaiaren baitan ebaluatzeko erabiltzen diren metodologia eta sistemak aztertuko ditugu, baita beste hainbat irizpide ere.

Eta, azkenik, bosgarren eta seigarren gaietan, aurreko asteetan garatzen joan diren edukiak kontuan izanik, ikaslea izango da bere proiektua praktikara eramango duena, bere eremu naturalean (ikastetxea, kuadrilla, familia…). Gehitu behar dugu proiektua aurkezteaz gain, idatziz edota bideoz, ikasleak bere ondorioak ateratzea edukiko dugula xede alde batetik. Bestetik, proiektu guztiak partekatzeko aukera emango diogula ikasle bakoitzari. Ikastaro honekin amaitzeko, autoebaluazioa eta berari buruzko balorazioa ere egingo ditugu.

Genero ikuspegia kontuan izango duzue uneoro…
Ikastaro honetan hizkuntza ez sexista edo inklusiboaren aldeko apustu garbia egingo dugu; ez bakarrik gure hezkuntza prozesuan dagoen gabezia delako, baizik eta gure eguneroko harremanetan erabiltzen ditugun hainbat hitz eta adierazpenen ispilua direlako.

Hizkuntzetan sexismoa dagoela bistakoa da eta bakoitzean modu ezberdinean adierazten da. Sarri, bai erakundeak bai hizkuntzen akademia ofizialak (gehienak, gizonezkoek osatutakoak) gizartean ematen ari diren aldaketen atzetik doaz, aitzindari izan ordez.

Gizon zein emakumeok pertsonak garen gizartea osatu nahi dugu, hizkuntza justuago baten aldeko apustu egiten dugu, baita inoren aurkako baztertze edo zapalketaren arma bezala erabiliko ez den hizkuntza baten alde ere.

Bakoitzak dagoen lekutik bere hazia jartzen hasi behar du; nahiz eta egia izan gizartearen demokratizazioarekin hizkuntzak ere aldaketa prozesu bat bizi duela. Hizkuntza egoera berri horretara moldatzen ari da.

Balore baikorrak defendatu behar dira, gaur egungo gizartean presentzia txikiena baitute, zoritxarrez, eta erasotuenak baitira. Gainera, adierazpen askatasunaren alde gaudenez, horrek ere bere lekua behar du izan gure ikastaroan zehar.

Zein da ikastaroaren azken helburua?
Ikastaro honetan parte hartuko duen pertsona gai izatea hizkuntza-abilezia (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena) bakoitzaren ezaugarriak zehaztu eta ezberdintzeko; ebaluazio-irizpideak ezartzeko; prozedura eta estrategiak finkatzeko ikaslearen garapena ebaluatzeko; ebaluazioaren helburu eta edukiak adostu eta bateratzeko; ebaluazioaren metodologia eta baliabideak erabiltzeko; ebaluazio-proben emaitzak ateratzeko; eta hizkuntza-abilezia ezberdinen artean elkarri eragiteko, besteak beste. Finean, ebaluazioaren alorrean plan integrala egin eta praktikara eramateko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude