Idurre Zugazagasti: “Sare lanean eta elkarlanean zer nolako gauzak aurrera eraman daitezkeen ikustea izan da helburuetako bat”

UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan “Herritik hezten: gizarte eraldaketarako hiru esperientzia Euskal Herrian eta Costa Rican” izeneko ikastaroa izan da Emaus Gizarte Fundazioarekin elkarlanean. Emauseko hezkuntza eraldatzaile, intzidentzia eta komunikazio taldeko kidea da Idurre Zugazagasti Aja.

Ikusi elkarrizketa: https://youtu.be/pCP1Ae_WyVU

Zer da zuretzat heziketa herritarra?
Heziketa herritarra, azkenean, nolabaiteko prozesu pedagogiko bat da edo hezkuntza prozesu bat; ikuskera bat ere bai. Gauzak egiteko ikuspegi bat. Latinoamerikako “educación popular” deritzon horretatik dator. Bilatzen duguna da heziketa herritarraren bidez hainbat prozesu garatzea. Norbanakoen, eragileen, kolektiboen ahalduntze horretatik nolabaiteko harreman justu bat; berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako harremanak sortzeko. Guztien elkarlana bilatuz. Prozesu horien bidez ere bilatzen duguna da nolabaiteko ikasketa prozesu bat izatea. Denok ikasi eta denok irakatsi dezakegunez, guztion arteko ikasketa prozesu bat izatea.

Hiru prozesu parte-hartzaile aipatzen dituzue. Zeintzuk dira eta zergatik aukeratu dituzue?
EMAUS gizarte fundaziotik hainbat urte daramatzagu elkarlanean CEP Alforja elkartearekin. Costa Ricako elkarte bat da eta hain zuzen herri hezkuntza edo heziketa herritarrean dihardu lanean. Hortik abiatuta Eusko Jaurlaritzako garapen agentziaren laguntzarekin hiru prozesu eraman ditugu aurrera, kontsumo arduratsua eta inklusioa ardatz izan dituztenak. Horietako bat Costa Rican bertan garatua izan da, GuanaRed sarearekin batera. Beraien hamahiru urteko jardunean erabiltzen dituzten eta egunerokoan dituzten trukerako baliabideak edo momentuak jaso ditugu gida batean, truke gida batean. Dena ez baita diru trukea; badaude ezagutza trukeak. Hori izan da Costa Ricako kasua. Gero beste biak hemen Euskal Herrian burutu ditugu. Alde batetik Hik Hasi elkartearekin aritu gara. Hik Hasirekin egin duguna Italiako Remida proiektuaren ideiatik dator. Zabortzat zeukaten materiala jaso hainbat enpresetatik eta horiek berrerabili eta hamahiru eskolekin lanean aritu gara. Hamahiru eskolei materiala eraman zaie, 0-6 bitarteko haurrekin esperimentatu eta beraien pedagogian txertatu eta horiekin aritu daitezen. Hirugarren esperientzia izan da Gu Hazia Gara elkartearekin. Aretxabaletako elkarte txiki bat da. Gaur egun emakumez osatua. Bai bertako eta bai migrazio prozesuak bizitako pertsonez osatua. Kasu horretan egin duguna da emakume guzti hauei galdetu zer egiten duten beraien denbora librean, zer egiten zuten beraien jatorrizko herrialdeetan, hemen zer egiten duten; eta denontzako eskuragarri dagoen horrelako gida edo mapa bat egin dugu. Dohainik, eta baliabide urriak dituzten pertsonentzako, espazio ezberdinen holako mapa bat eta gida bat egin dugu.

Sare lanari buruz ere hausnartuko duzue…
Bai. Azkenean Emausetik sare lanaren inguruan denbora daramakigu hausnartzen. Badelako ere gure egiteko modu bat. Elkarlana eta sare lana. Proiektu honek ere hori bilatu du. Ez dadila bakarrik elkarte baten lana izan; baizik eta elkarte horrek lan egiteko momentuan ere bere ingurunean, bere bailaran dauden beste elkarteekin batu, konpartitu eta guztien artean trukea eman dadin.

Zer lortu nahi duzue ikastaroarekin?
Alde batetik, ikastaroaren helburua batez ere hiru esperientzia hauek ezagutzera ematea da. Ikastarora etorri diren horiei nolabaiteko ideiak emateko eta sare lanean eta elkarlanean zer nolako gauzak aurrera eraman daitezkeen ikusteko; eta beraiek ere beraien esparruetan horrelako prozesu edo dinamikak aurrera eramateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude