Libe Mimenza: “Epe luzera begirako estrategia bat behar dugu”

UEUren 47. Udako ikastaroen barruan “Euskarazko komunikabideen aukerak eta erronkak: proposamen bat lantzeko unea” izeneko ikastaroa izango da Eibarren gaur eta bihar. UEUk Behategiarekin (Euskal Komunikabideen Behatokia) elkarlanean antolatutako ikastaroa da eta Libe Mimenza Castillo Behategiko koordinatzaileak eta UEUkideak eman digu ikastaroaren berri.

Ikusi elkarrizketa: https://labur.eus/EC4We

 

Hausnarketa egitea da ikastaroaren helburua. Zergatik?

Hausnarketa egitea jarri dugu ikastaroaren helburu nagusi bezala beste bi azpi helbururekin. Alde batetik euskarazko komunikabideak zertan dabiltzan ezagutzea. Horretarako zortzi proiekturen aurkezpenak izango ditugu bi egunetan. Bestetik hausnarketa egitea. Bi gakotan. Pil-pilean dauden ardatzak, eztabaidak eta erronkak zeintzuk diren eztabaidatzeko batetik; eta bestetik, elkarren artean errealista izan daitekeen estrategia txiki bat zirriborratzeko. Hausnarketa beharrezko delako beti bizitzan. Plano indibidualean, gizartean, kolektiboan eta euskarazko komunikabideen sektorean ere bai. Eguneroko zurrunbilo horretatik atera eta fokua apur bat modu globalago batean jarri nahi dugu. Aurrean begi bistan ditugun gauza horiez gain, beste ertz guztiak ere kontuan hartzeko, eta horrekin aurrerabiderako norabideak hobeki zehazten saiatzeko.

 

Zein da egungo ekosistema mediatikoaren joko-zelai euskarazko komunikabideentzat?

Azkenean, euskarazko komunikabideentzat dagoen ekosistema beste hizkuntzetan dabiltzan komunikabideentzat dagoen ekosistema mediatiko berdina da oinarrian. Hau da, operadore globalez inguratuta gaude; digitalizazioak, konbergentziak aldaketa pila bat ekarri ditu eta horrekin bizi gara. Negozio ereduan asmatu guran gabiltza; erdarazko komunikabideak bezala. Hala ere, egia da euskarazkoentzako bigarren ardatz edo erronka bat ere badagoela: euskara bera, hizkuntza. Hizkuntza gutxiagotu batean jarduteko erabakimen horrek badakarkigu erronka bikoitz bat eta, bestalde, baita aukera bat ere. Ez dugulako ahaztu behar gaur egun inoiz baino hiztun eta euskal hartzaile gehiago ditugula. Beraz, heltzen ez garen publiko potentzial handi bat daukagu aurrean eta hor joko-zelaiaren bigarren aktore nagusia.

 

Inoiz baino hiztun gehiago dago, baina…

Zer gertatzen da hiztun horiekin? Badakigu euskaldun zaharren komunitate trinko horretan hartzaile fidel bat daukagula; baina eskolak euskaldundu eta alfabetatu dituen guzti horiengana zergatik ez gara iristen? Iristen garen kasuetan zergatik iristen gara? Eta zer egin beharko genuke? Hau da, euskaldunentzako komunikabideak egiten gabiltza eta horretan jarraituko dugu edo euskalduntzeko komunikabideak egingo ditugu? Horrek beste euskal gizarte bat eraikiko du; gaur egun existitzen ez dena ez, baina hizkuntz kohesio maila batean biziko dena.

 

Pil-pilean dauden zein gai kontuan hartu behar ditugu une honetan? Eta etorkizunera begira?

Une honetan uka ezina da interneten zentralitatea begiratu behar dugula. Alde batetik azterketa historikoetan ikuspegi tradizional batekin landu izan da ekosistema mediatikoa. Hor aipatu izan ditugu paperezko komunikabideak, irratiak, telebistak eta beste alde batetik Internet. Lau kutxa estanko balira bezala. Gaur egun jada nire iritziz ez dauka zentzurik banaketa horrek. Ia dena digitala denean, edo erroa digitala bihurtu denean, horren kontzientzia ere hartu beharko genuke. Bestalde kontuan hartu behar dugu baita ere oso ingurune aldakorra dela komunikazioarena; eta kontsumo azkarrari lotutakoa. Era berean baita arnasa luzeko kazetaritza eskaini eta kontsumitzen duena ere. Azkarra da kontsumoa, kontsumo masifikatua da; eta mugikorra da kontsumoa; eta “pildorizatua” da kontsumoa. Horiek bai dira aurrean dauden erronketako batzuk. Etorkizunera begira zer hartu beharko genukeen kontuan? Kontuan hartu behar dugu etorkizuna lantzeko edo etorkizunera joateko estrategia bat behar dugula. Gaur goizeko lehenengo saioan Garazi Goiak ere benetan egoki adierazi du. Estrategia bat behar dugu, baina ez bihar zer egingo dugun erabakitzeko. Estrategia bat behar dugu epe luzera, bost-hamar urtera begira, non egon nahi dugun. Euskarazko komunikazioak zer leku izango duen jakiteko. Hor ez dira soilik komunikabideak sartzen. Sartzen da baita ere kultura, sartzen dira baita ere unibertsitateak, sartzen dira bestelako erakunde eta lanketak. Estrategia hori lantzeko eskura ditugun baliabideak aprobetxatzea dagokigu gaur bertan hasita. Hor sartzen da audientziak ezagutzea, datuak ezagututa; eta edukien eta kontsumo esperientzien pertsonalizazioa baita ere. Hau da, humanitate digitalak aprobetxatzea gure ekosistema honetan ahalik eta ondoen aurrera egiteko.

 

Nola antolatu duzue ikastaroa?

Egitaraua osatzeko buruan helburu bezala hausnarketa bat egitea geneukanez, eta etorkizunerako norabide batzuk edo eginbehar batzuk zirriborratzea; eta hankak lurrean jarrita horrek zehaztea. Orduan formatu ezberdinetan egituratu dugu. Alde batetik hitzaldi-solasaldi batekin abiatu dugu. Gero zortzi komunikazio proiekturen aurkezpenak izango ditugu. Bi mahai ingururekin osatuko dugu. Lehenengo mahai inguruak publiko berriak izango ditu hizpide. Publiko berriak kontuan hartuta herri honetan euskaldun zaharrak daudela, baina euskaldun berriak baita ere. Horiek kontsideratuta publiko berri, horra nola heldu, zertan ari garen… Mahai inguru hori Lander Arretxeak gidatuko du eta bertan parte hartuko dute Aztikerreko Enara Izagirrek, Garikoitz Goikoetxea kazetariak eta Aritz Martinez de Luna Aleako zuzendariak. Gero bigarren mahai inguruan interneten jarri dugu fokua eta helburua da lantzea eta hausnartzea nola heldu hartzaile gehiagorengana internet bidez. Xabier Landabideak gidatuko du bigarren mahai hori, bigarren egunean. Bertan parte hartuko dute Codesyntax enpresako Josu Azpillagak, Argiako Axier Lopezek, Ataria tokiko komunikabideko Iban Urdanpilletak eta EHUko irakasle eta ikertzailea den Bea Narbaizak. Gero, amaitzeko, azken puntuan ariketa bat egingo dugu. Talde dinamika bat. Tokikomeko komunikazio zuzendari den Joxe Rojasek gidatuko duena. Hausnarketa serioa izango den arren, ondo pasatzeko tartea ere edukiko dugu tresna digital berri batzuk probatuta, eta horrelako frikikeriak ere gurera ekarrita.

 

Jarraipenik izango al du ikastaroak?

Ikastaroa Euskal Hedabideen Behategiaren bestelako trebakuntza saio, hausnarketa espazio eta abarretan kokatzen da. Jarraipena izango du, baldin eta euskarazko komunikabideen sektoreak hala behar badu eta hala eskatzen badu. Uste dugu agian ez formatu berdinean, agian ez udan, agian udazkenean… Ez dakit noiz, baina beste urrats batzuk egongo dira eta beste gogoeta espazio batzuk ere irekiko ditugu. Ziurrenik ikastaroan jasotzen den guztia dokumentu batean ere bilduko dugu eta behategia.eus atarian egongo da kontsultagai oporrak eta gero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude