Kepa Erdozia: “Euskal Herriko elebitasunak zientziari zein ekarpen egiten dion erakutsi nahi izan dugu”

“Bi hizkuntza garun bakarrean: Euskal psikohizkuntzalaritzaren ekarpenak eta erronkak” izeneko ikastaroa izan da atzo eta gaur Eibarren, UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan. Kepa Erdozia antolatzailearekin izan gara bigarren egunean. UPV/EHUko ikertzailea da Erdozia, master eta graduko irakasle, eta Lingüística/Linguistics Doktorego programako batzorde akademikoko kidea (EHU/UPV).

Ikusi elkarrizketa: https://www.youtube.com/watch?v=El8y2Mp9wOw

Bi hizkuntza (gutxienez) garun bakarrean. psikohizkuntzalaritza eta neurohizkuntzalaritza arloetatik landuko duzue. Nondik sortzen da ikastaroa?
Gai hau aukeratu dugu batez ere hau delako guk lanean jorratzen duguna. Egunerokotasunean jorratzen ditugun lanek elebitasunarekin zerikusia daukate; hizkuntza nola gauzatzen den edo nola irudikatzen den garunean ikertzen baitugu. Hizkuntza eta hizkuntzak. Euskaldunak elebidunak gara gutxienez eta hizkuntza ezagutu nahi badugu derrigorrez hizkuntzak ezagutu behar ditugu, eta hauek nola irudikatzen diren garunean. Ikastaroa antolatu dugu egunerokotasunean egiten dugun lan hori plazaratzeko. Jendeari erakutsi nahi diogu zertan pasatzen dugun egun osoa laborategian sartuta eta ahalik eta modu ulerterrazenean, gainera. Egia da ikasleek badaukatela maila bat, nabaritzen da hori ikastaroan, eta erraz ulertzen dituzte guk azaltzen ditugunak. Teknikoa ere bada, baina hala ere nahi izan duguna da detaile txikietan sartu gabe, orokortasunei buruz hitz egin jendearekin. Batez ere plazaratzeko gure lana; eta baita ere, jakina, ikastarora etortzen diren ikasleengandik ere ikasteko.

Azken batean euskal ikertzaileak arlo horretan egin duten lanaren erakusleiho bat da ikastaroa. Bakoitzak bere ikergaiaren berri eman du. Zein gai atera dira?
Euskaraz hitz egiteko gai diren ikertzaileak ekarri ditugu, jakina; baina munduko leku desberdinetatik ekarri ditugu. Badago Alemaniatik etorri denik. Baionatik ere bai, Euskal Herriko kasuan. Badaukagu ere Madriletik etorri denik. Denek euskaraz erakutsi dute beraien ekarpena zein den elebitasunaren ikerketan. Gaiei dagokienez denetik izan dugu; eta oso polita izaten ari da. Kanpotik ekarritako jendea, lan desberdinak egiten dituen jende guzti hori elkartuta, sortu diren sinergiek eta gai komunek asko aberastu dute. Adibidez atzo emozioei buruz hitz egiten aritu zitzaigun hizlarietako bat, Jon Andoni Duñabeitia , Madriletik etorri zena. Elebidunok nola prozesatzen ditugun emozioak. Atzo hemen bertako Joana Acha ere izan genuen, Eibarkoa. Berak irakurmenaren garapenari buruz hitz egin zigun. Nola ikasten duten irakurtzen umeek eta ume elebidunek zein abantaila dituzten irakurtzen ikasten ari direnean. Izan genituen ere atzo afasiari buruzko hitzaldi bi; Marie Pourquié eta Miren Arantzetaren eskutik. Oso oso deigarria izan zen nola biek bat egin zuten, eta aurreko hizlariek ere – Jon Andoni Duñabeitiak, Itziar Lakak eta Joana Achak – , esatean afasia aztertzen ari direnean edo umeen irakurmen prozesuak aztertzen ari direnean zein laguntza gutxi jasotzen duten erakundeetatik. Afasia edo hizkuntz patologiak dituzten gaixoak euskaldunak baldin badira, elebidunak izango dira. Elebidun izate horretan askok lehenengo hizkuntza izango dute euskara. Emozioen prozesua nola den erakutsi zuenean Jon Andonik, aipatu zuen nola bigarren hizkuntzan emozioak desberdin prozesatu ditzakegun. Gauza bera gertatzen da norbaitek burmuinean arazoren bat baldin badauka, istripu bat jasan duelako-edo. Patologia bat baldin badauka, terapia lehenengo hizkuntzan egin edo bigarren hizkuntzan egin desberdina izan daiteke. Askotan lehenengo hizkuntza gaixoena euskara da; eta ibili behar izaten dute terapeutek eta medikuek euren kasa, euskaldunak baldin badira behintzat, materialak sortzen. Ez dago denak bilduko dituen esparru bat. Denak test berdinak erabiltzen jarriko dituen esparru bat. Gabezia izugarria nabaritu genuen. Pena da. Pena baino aurrera begira konpondu beharrekoa.

Aipatu duzu hitzaldiak ulerterrazak bilatu dituzuela. Era berean askotan aipatzen da ikerketan bakoitza bere tokian sartuta dabilela. Ikastaro honek horretarako ere balioko du, ezta? Sareak sortzeko eta bata bestearen berri izateko.
Egia esan, gaur egun dagoeneko ez dut uste horrela denik. Arlo berdinean ibili arren, bakoitza bere tokian dabilela. Izan ere, erakutsi behar dugu maila zientifikoan egiten dugun lana eta lan hori erakusteko modua dira publikazio zientifikoak. Horrela badugu beste laborategietan egiten denaren berri; publikazio zientifikoak irakurtzen ditugulako. Hala ere, egia da elkarren aurpegiak ikusita sinergia hobeak sortzen direla. Dudarik gabe.

Hori helburua zen? Edo zeintzuk izan dira helburu nagusiak?
Helburu nagusia zen jendeari ezagutaraztea, jendeak ulertu zezala elebitasunaren garrantzia zein den. Euskal Herrian badakigu oso garrantzitsua dela elebitasuna, baina jendeak ikus dezala nola ikertzen dugun eta zein aurrerabide lortzen dugun. Nola Euskal Herriko elebitasuna pixka bat berezia den, Euskal Herriko elebitasun horrek zein ekarpen egiten dion zientziari. Beste tokietan elebidunekin egiten da zientzia. Frantzian egiten badute edo Kanadan egiten badute, ingelesa eta frantsesarekin, edo Katalunian katalanera eta espainolarekin, gertatzen dena da bi hizkuntzen artean dauden desberdintasun batzuk ez dituztela horrenbeste begiratzen; eta Euskal Herrian dauzkagun bi hizkuntzak oso ezberdinak direla zentzu batzuetan. Interesatzen zaigu ikustea euskaradunek eta espainoldunek bi hizkuntza horien artean dauden diferentzia horiek nola prozesatu ditzaketen. Lehenengo bat jaso baldin badute edo bestea. Zientziari dezenteko ekarpena egiten dio Euskal Herriko elebitasunaren ikerketak. Hori erakutsi nahi izan dugu.

Elebitasuna nahikoa ikertzen da? Zer dago ikertzeke?
Sekula ez da nahikoa ikertzen. Beti dago gehiago ikertzeko. Elebitasunaren kontu honekin Euskal Herrian oraindik hasi berriak gara. Maila horretako ikerketan behintzat. Dena dago ikertzeke. Haur txikiekin apenas egiten da esperimenturik. Oso ikertzaile gutxi gara. Euskal Herrian jende gutxi bizi gara eta orduan ikertzaileak ere ez gara horrenbeste. Orduan egiten dugu ahal duguna. Hamar urte daramatzagu horrelako ikerketak egiten, baina oraindik ere bide luzea dago egiteko.

Gutxi garela esan duzu, baina euskaldunok badugu joera hizkuntzalaritza gaietarako. Badugu denok hizkuntzalari bat barruan.
Bai, egia da. Hain justu horregatik. Konturatzen garelako euskara altxor bat dela eta ez dela altxor bat bakarrik kulturalki, edo ez dela altxor bat hemengo identitatea mantentzen laguntzen digulako; altxor bat da, baita ere, bere ezaugarriak hizkuntza bezala bereziak direlako inguruan ditugun hizkuntzak kontuan hartuta. Euskara bezalako hizkuntzak badaude gehiago. “Arraroagoak” ere bai, esan dezakegu. Hala ere, egia da, euskarak inguruan dituen hizkuntzak hartzen baditugu kontuan, pixka bat desberdina dela; eta horrek egiten du interesgarri gure ikerketarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude