“Immobilismora garamatzan publiko-pribatu dikotomiari uko egiten diogu”

“Ikastolak eta Kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila: komunitatea eta demokrazia parte-hartzailea” Ikastolak eta Kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila: komunitatea eta demokrazia parte-hartzailea” izeneko jardunaldia antolatu dute UEUk, GEZKIk eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean. Lehen topaketa honetan, besteak beste, Galiziako Semente Hezkuntza Proiektuko kideak izan dira. Beraien hitzartzearen aurretik izan gara Marta Santos eta Santiago Quiroga Sementeko kideekin.

Zuen hitzaldiaren izenburuak dioen moduan “Ez publikoa, ez pribatua; herriarena”
Semente Hezkuntza Proiektua ekimen komunitarioa da. Ez da publikoa, ez delako Estatuko erakundeetatik sortu; eta ez da pribatua, irabazi asmorik ez duelako. Haur guztientzako kalitatezko galizierazko formakuntza bermatu nahi du, familien egoera ekonomikoa bat zein beste izan.

Hamarkadetan zehar diru-gose pribatuak estatuaren interes publikoko zerbitzuak hartu ditu eta horrek publiko eta pribatu, estatu eta kapital, dikotomia indartu du gure buruan. Hala ere, eremu batzuetan errez ikusten da sailkapen honek kanpoan uzten dituela gure herriko historiako zein gaur egungo hainbat errealitate garrantzitsu. Kultur eta kirol elkarteetan pentsatzen badugu edota auzo-mendietan, komunitatean kudeatutakoak dira. Galiziako gizartean onartua dago dena ez dela Estatuarena edo irabazi asmokoa.

Hezkuntza sistema publikoaren barruan dauden kontraesanen jakitun, esan dezakegu sistema honek urteetan gizartearen gaztelaniakuntza edo erdalduntzea lagundu duela, bereziki biztanleria nukleo handietan. Kasu batzuetan agente aktiboa izan da erdalduntze horretan eta beste batzuetan ez du lortu prozesuari buelta ematea, irakasleen zati handi baten eta sindikalgintza nazionalista nagusiaren ahaleginak ahalegin; ez du lortu ezta ere gutxienez gure hizkuntzan hiztunak mantentzea.

Kolektiboki formulatu dugun galdera honakoa da: Zenbat denbora gaude prest jasateko alternatibarik sortu gabe? Urteak daramatzagu oinarrizko eskubideak lapurtzen dizkigun espiral baten sartuta eta frustrazioa areagotzen doa. Egiaztatu dugu behin eta berriro frustrazio hau ez dela automatikoki egoerari buelta eman diezaiketen aukera politikoentzako bultzada bihurtzen. Frustrazioa indar bihurtu dadin, eta ez etsipen eta zinismo, esperantza ekarriko duten erreferente eta proiektuen beharra dago. Aldarrikapenekin batera nolako herria nahi dugun erakusten uzten diguten ekimenak behar ditugu, eraikitzen uzten digutenak; gure herriari esan ahal izateko: hau da gure seme-alabentzat nahi dugun hezkuntza mota. Borondatezko ahalegin indibidualetatik harago; liburuetatik, artikuluetatik edota webguneetatik harago. Errealitateak, azken batean.

Estatu gabeko beste nazio batzuek ere hezkuntza berezko hizkuntzan jasotzeko eskubidea bermatzen duten eskolak garatu dituzte: Diwan-ak (Bretainian), Bressola-k (Ipar Katalunian) eta ikastolak dira adibiderik hurbilenak. Beharrezkoa da adieraztea ez diotela uko egin kalitatezko sistema publiko baten aldarrikapenari, baina ekintzen bitartez esaten dute ez daudela prest hizkuntza hiltzen ikusteko erakundeek aldarrikapenak bere noiz egingo zain.

Gure tradizio historiko nazionalak herri proiektuen sorrera ekarri du, “Escolas de Ensino Galego” bezalakoena, Irmandades da Fala en Corunha-ren eskutik 1923an. Gure errealitate historiko, sozial, kultural, politiko eta ekonomikoan oinarritutako hezkuntza bat eraikitzeko eskubide kolektiboaren defentsan. Estrategia honekin jarraituz, gure herriarentzako eskubide eta askatasun gehiago lortze aldera, immobilismora garamatzan “publiko-pribatu” dikotomiari uko egiten diogu, eskola nazional galiziarraren sorrerarako beharrezko oinarriak eraikitzeko beharra defendituz.

Zeintzuk dira Sementeren pedagogiaren oinarriak?
Sementek pedagogia korronte eta mugimendu ezberdinetatik edaten du. Hezkuntzaren historian zehar ondare zabal bat osatu duten horietatik edan du gure hezkuntza ereduak: Eskola berria, eskola aktiboa, eskola modernoa, eskola libertarioa eta eskola sozio kritikoa besteak beste. Oinarrizko printzipioa gure errealitate nazionalera egokitutako pedagogia eraikitzea izan da; baina era berean, etengabeko berrikuntzara zabalik eta estaturik gabeko bestelako nazioetako antzeko proiektuekin hartu emanetan. Ikastolen Elkarteak garatu izan duena kasu.

Orokorrean, esan dezakegu Sementeko pedagogia ulertzen dugula ikuspuntu eraldatzaile batetik; gure zentroak gizarteko parte dira, herri interesen zerbitzura; hau da, ikaskuntza-irakaskuntza demokratikoa bermatuz, haurrak hiritar libre eta kritiko moduan osotasunean garatu daitezen.

Semente hezkuntza zentroek hizkuntzaren murgiltze eredu bat garatzen dute, gure hizkuntzaren sendotzearen, zaintzaren, mantentzearen eta jabetzearen alde. Galiziera gure kulturaren, historiaren eta etorkizun kolektiboaren parte bezala transmititzen da; duen izaera internazionala kontuan hartuz lusofoniaren diasistemaren barruan. Gure proiektuan, gainera, sormenak garrantzia handia hartzen du; gure ikasleen gaitasun artistikoen garapena lagunduaz. Laikotasuna ere kontzientzia askerako bitarteko moduan hartzen dugu. Oraindik beharrezkoa da balio zibiko eta etikoen izaera transbertsala aipatzea, horien artean feminismoak paper garrantzitsua jokatzen du; hezkidetzan oinarritutako eredu berdinzale bat eraikitzen laguntzen duen filosofia legez. Binarismo tradizionalaren gainetik genero identitate ez normatiboak ikusaraziz.

Demokrazia zuzenak eta asanblearismoak oinarrizko papera jokatzen dute gure antolaketa eta pedagogia ereduan; gurasoen, hezitzaileen eta haurren harreman sozialak eraldatuz, bestelako eredu ez autoritarioetarantz; konfiantza oinarri duten eta gatazken ebazpen baketsuan oinarritzen diren ereduetarantz. Harreman sozialak modu integratuan sortzen dira hiri eremu zein eremu naturaletan, gure herriko ingurumen balioen jabe eginez lurraldearen eta ekologismoaren defentsan. Prozesu hau haurrak errespetatuz garatzen da, autorregulazioaren eta askatasun arduratsuaren printzipioetatik. Laburbilduz, kultura propioaren eta hizkuntzaren defentsa sustatzen duen eredu bat da, kulturarteko ikuspegi batetik; ikaskuntza ikuspuntu sozio-konstruktibista, aktibo eta orokor batetik aztertzen dituena.

Sementek hazia esan nahi du galizieraz. Zeintzuk dira zortzi urte hauetan hazi horrek emandako fruituak?
Ikuspuntu soziolinguistiko batetik, Sementek bestelako arau eta erabilera linguistikoetan eta bestelako baloreetan oinarritutako komunitate sozial bat sortzea lortu zuen. Galizian beharbada emaitzarik deigarriena, erdalduntze prozesua urtez urte aurrera doan bitartean, Sementeko haurrek batazbeste beraien gurasoek baino galiziera gehiago erabiltzen dutela da. Azken urteetan Sementek erakutsi du posible dela erdalduntze prozesuari buelta ematea; parte-hartze sozial bati esker, auto antolaketa eta konfiantzari esker. Nahiz eta testuingurua kontra izan, gure hezkuntza proiektuaren fruituak eredu honi esker galiziera jaso duten haurrak dira; eta galiziera hiztunen familietako ikasleak, beraien hizkuntzan jarraitzen dutenak.

Zein da murgiltze ereduaren egoera Galizian?
Galiziako
murgiltze eredu bakarra Semente da. Indarrean dagoen legediak murgiltze eredua debekatzen du eta hezkuntza maila ezberdinetan gaztelaniaren hegemonia osoa da. Adibidez haur hezkuntzan, Galiziako hirietan, bakarrik ikasgelen %8an da galiziera ohiko hizkuntza. Dramatikoa da azken hamarkadetako galizieraren galera. Adibidez, 5 eta 14 urte bitartekoen artean %20ak ez daki galizieraz.

Egoera horretan Sementek eredu berri bat sortzea erabakitzen du eta horretarako paradigma aldatu eta sistematik ateratzen gara; murgiltze prozesuak eta hizkuntza mantentzeko prozesuak garatu ahal izateko. Gure emaitzak pozgarriak dira, bai familien parte hartze aldetik eta baita ere ikasleen emaitzagatik. Euskal Herria edo Kataluniako murgiltze ereduetatik desberdintzen gaituen zerbait badago; Sementek funtzionatzen du ulertuaz, hizkuntza teorietatik harago, galiziera nazioarteko hizkuntza dela, Portugesaren eskutik. Horregatik, edozein hezkuntza baliabide, eskola material, aplikazio informatiko zein ikus-entzunezkoa gure hizkuntzan ditugu. Gure ordenagailuak edo bideo pantailak, gure musika, gure liburuak edo gure telefonoak galiziera-portugesean daude. Eta hori da Sementek daukan abantaila murgiltze proiektu legez, bai erabilera aldetik eta baita balore linguistikoen aldetik ere. Badakigu galiziera eta portugesa hizkuntza bera direla, hizkuntza ezberdinak direla dioen irakurketa autonomistaren aurrean – Galiziera Espainiako erreinuko lurraldera mugatzen den hizkuntza legez ulertzen duena-.

Orain hilabete Ikastolen Elkartearen sinatu zenuten akordioa. Zer dakar akordio horrek?
Ikastolen Elkartearekin dugun akordioa murgiltze linguistikoko eskolen arteko senidetasuna da; hezkuntza berrikuntzan eta herri hezkuntza nazionalaren mugimendu baten eraikuntzan oinarritua. Hasieratik Sementek munduko beste herri batzuekin harremanetan egoteko beharrizana izan du. Batetik, ulertzen dugu Galiziak harreman zuzena izan behar duela arrazoi historikoengatik hizkuntza partekatzen dugun horiekin; bereziki Portugalekin. Bestetik, hizkuntza kolonizazio prozesuen aurrean, beraien hizkuntza gutxituen transmisiorako eta defentsarako sormen eta erresistentzia prozesuak garatu dituzten herriekin harremanetan egoteko beharrizana dago.

Euskal herritarrek Sementeren eraikuntza prozesuan parte hartu zuten, babes pertsonal eta kolektiboen bitartez. Formazio jardunaldi, kongresu eta ekimen ezberdinetan euskal mugimendu sozialeko soziolinguistek, pedagogoek, artistek zein aktibistek parte hartu dute; beraien energia eraldatzailearekin Semente indartzen. Porrotx eta Irrien Lagunak, Asisko Urmeneta, Jon Sarasua, Txerra Rodríguez eta Eider Palmou, besteak beste, Galiziara etorri ziren gure hezkuntza proiektuan parte hartzeko. Era berean, Sementeko zenbait aktibista Euskal Herrian izan ginen antzeko arrazoiengatik. Elkarrengandik ikasten dugu eta elkarri irakasten diogu.

Ekitaldi hau une egokia izan zen gure herri eskolen arteko kolaborazio aliantza baten bitartez gure arteko harremanak formalizatzeko. Semente Hezkuntza Proiektuak eta Ikastolen Elkarteak bata bestea herri hezkuntza mugimendutzat hartzen dugu hizkuntzaren murgiltzerako; irabazi asmorik gabekoak, autogestionatuak, laikoak eta alternatiboak; hezkuntza tradizionalaren eta gaur eguneko eredu publiko estatal/administratibistaren alternatiba gisa. Berezko hizkuntzadun nazio elkarte moduan eta berezko hezkuntza sistema nahi dugunak.

Semente eta Ikastolen Elkartearen nahia izan da harremanak sendotzea estrategia komunak garatzeko; gure gizarteak kontzientziatzeko murgiltze ereduen beharrizanaz. Gainera, ekimen sozial eta politikoen koordinazioa bultzatu nahi dugu Estatu Espainiarraren proiektu legegileen aurrean. Gure hezkuntza sistemen sorrera mugatzen duten horien aurrean. Komunikazioa, trukea, elkartasuna eta elkarrenganako sustengua sustatu nahi dugu gure proiektuen garapenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude