“Nazio marka. Nola transmititu gure balioa. Zorutik zimendutara” izeneko mintegia izan da gaur Eibarren UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan. Goizeko saioaren amaieran egon gara Naroa Jauregizuria Lopategi ikastaroaren arduradunarekin.
Ikusi elkarrizketa: https://youtu.be/2JehBw0QHYQ
Orain hiru urte egin zenuten ikastaroa markaz eta markagintzaz. Hortik abiatuta 2018an liburua argitaratu zenuten. Aurtengo ikastaroa non kokatzen da?
Aurreko ikastaroan, 2016an, egin genuena batez ere nazio marka kontzeptua teorikoki kokatzea izan zen. Hurbilketa bat maila horretan. Ezezaguna zen guretzat eta Euskal Herrian gutxi landutako kontua zen. Horren ostean liburuarekin planteatu genuena izan atera ziren informazio eta gauza interesgarrien digestioa egin eta informazioa jaso eta ordenatzea. Behintzat hor jasota gera zedin. Oraingo honetan egin duguna aurrerapauso bat ematea izan da. Praktikan zentratu nahi izan dugu. Nazio marka zer den eta markagintza zer den ezagututa, ikusi nahiko genuke Euskal Herrian bertan zein aukera dauzkagun hori garatzeko. Momentu honetan zer egiten den. Maila horretan ea aukerarik dagoen bide orri bat marrazteko. Hori aztertzen gabiltza.
Nazio marka kontzeptura hurbiltzen jarraitu eta afera nagusien inguruan hausnartu nahi duzue, zer da zehatz-mehatz landuko duzuena oraingoan?
Izenburuak dioen moduan, planteatzen duguna da zorutik zimenduetara jotzea. Eta zer landu? Berez hiru galdera planteatu genituen: Nazio marka zergatik? Nazio marka zertarako? Eta nazio marka nola? Hori kontuan hartuta, zuzenean jo dugu marka sortzen parte hartu behar duten eta parte hartzen ari diren horiengana. Oso arlo ezberdinetako jendea ekarri dugu eta maila horretan bai teknikoki -alde batetik branding eta komunikazio arlokoak etorri dira – , baina baita markaren eraikuntzan herritik ere, helburu estrategiko horiek kontuan hartuta, zeresana duen beste jende inportante batengana jo dugu. Bai lurralde garapenarekin lotuta dagoena, kultur arloan lan egiten duena… Eta beste hainbat arlotan.
Arlo oso ezberdinetako aditu, aritu eta interesdunak izango dira ikastaroan oraingoan ere; zein helbururekin?
Azkenean ikusten dugu nazio marka ez dela elementu bat soilik marketingarekin edo brandingarekin lotuta dagoena. Horretan jausiko bagina azkenean, ikuspegi bakar hori izango balu, hanka motz geldituko litzateke, edo behintzat helburu horiekin ez genuke bat egingo. Uste duguna da azkenean lotuta egon behar duela nazioaren identitatearekin. Naziokideak beraiek identifikatu behar direla eta beraiek sortu behar dutela marka hori. Horretarako esparru ezberdinetako jendea ekarri dugu. Apur bat ikuspegi orokor hori ematen laguntzeko. Arlo ezberdinetako jendea da, baina baita lurralde ezberdinetako jendea ere. Iritzi, ikuspegi ezberdinetako jendea. Adina, generoa… elementu asko kontuan hartu dira.
Zuentzat praktika eredugarri direnak ere aztertuko dituzue.
Askotan nazio markaz hitz egiten dugunean, eta markagintzaz, horma baten kontra egiten dugu talka. Izan ere, bada elementu bat momentu honetan afera politikoaren erdian dagoena eta beti aipatze da oso zaila dela adostasunak lortzea. Orduan hurbilagoko esparruetara jo dugu. Bai lurralde garapen estrategietan dabiltzanetara, eta baita ere adibidez kultur arloko dinamiketara. Horrekin lotuta aztertu nahi izan dugu horietan zein prozesu erabili diren eta horietan zein gako landu diren. Gero gurera ekartzeko eta horietatik ikasteko. Orduan Arras Baztan marka ekarri dugu. Markaren sorrera prozesua oso interesgarria izan da eta markaren helburuen kasuan Baztan kendu eta nazioa jarri daiteke, planteamendua ulertzeko. Etxeparek bestela, beste alde batetik ere nazioarteari begira zelako papera jokatzen duen. Bai kultura zabaltzeko orduan zein identitatea zabaltzerako orduan.
Zein da azken helburua?
Lehenik eta behin oso garrantzitsua da zenbat jende lortu dugun elkartzea. Urte osoan zehar zaila da horiekin guztiekin gelditzea eta leku bakar batean geratzea. Gainera, jende hori hausnartzen jartzea eta proposamenak egiten jartzea. Helburua azkenean hausnarketa osatzea, urrats bat gehiago ematea da. Gainera, proposamen zehatz eta lorgarriak planteatu ahal badira, helburuak guztiz beteta leudeke eta aurreikuspenen gainetik, gainera.