“Ikastolak eta kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila: komunitatea eta demokrazia parte-hartzailea” izeneko jardunaldia antolatu dute Eibarren UEUk, GEZKIk eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean. Uztailaren 8an izango da lehen topaketa hau eta Beñat Irasuegi, Talaios Kooperatibako kideak eta Olatukoop sareko kideak “Ikastolak lurraldeen eraldaketarako eragile, ikuspegi ekonomiko eta sozial bat” izeneko hitzaldia emango du.
Ikastolak lurraldeen eraldaketarako eragile, ikuspegi ekonomiko eta sozial bat”. Horixe zuk aurkeztuko duzun gaia. Zerk egiten ditu ikastolak eraldaketarako eragile?
Nik esango nuke badirela gutxienez 3 elementu ikastolak eraldaketako eragile egiten dituenak, potentzialki behintzat:
lehena litzake lurralde bati atxikia egotea. Ikastolak tokiko eragileak dira; herri edo eskualdetan oinarritutako guraso, ikasle eta langileek osatutako komunitateak; kasu batzuetan besteetan baino trinkoagoak, baina dudarik gabe lurraldeko beste komunitate eta eragileekin harreman anitz eta konplexuak dituen komunitate bat. Ikastolen balioa gainera lurraldeari begirakoa da; izan hezkuntza mailan, euskararen arloan edo askotan ikusezinena den harreman ekonomikoen arloan.
Bigarrena izaera komunitarioaren instituzionalizazio eredua litzake, kooperatiboa eta interkooperazio kultura duena. Ez da kasualitatea ikastolek Euskal Herrian kulturalki horren errotua dagoen kooperatiba forma juridikora bidea egin izana forma juridiko bat aukeratzeko orduan. Bai, kooperatibak baditu abantailak administrazio publikoarekin harremanetan jartzeko orduan; baina egia da ere, ikastolen komunitateen konplexutasun soziala instituzionalizatzeko modu bakarra dela. Kooperatibizazio prozesua, berriz, ez da sakona; eta interkooperazio kultura lantzen bada ere ez dago ereduaren erdigunean, bide horiek sakondu eta lantzeko daude.
Hirugarrena eragile ekonomiko izaeraren aitortza litzake, eta horren baitan jokatzea. Herri askotan ikastolak udalen ondoren herriko eragile ekonomiko handienak bihurtu dira; eta horregatik, erosketetan, baina orokorrean harreman ekonomikoak lantzeko orduan, ikastolen erabakiek garrantzi handia dute lurraldeko ekonomian. Adibidez, ikastola batek sukalde propioa jarri, edo daukana tokiko eta garaiko elikadura agroekologikoan oinarritzea erabakitzen badu, horrek izugarrizko eragina du ikastolaren eremuko lehen sektorean. Gainera, harreman ekonomikoak merkatuko logikatik atera eta hornitzaile/bezero harremanetik harago, merkatu sozialeko ereduan garatzen baditu. Horrek tokiko ekonomia eraldatzailearen aldeko ardatz garrantzitsua sortzen du.
Zer da azpimarratu nahi zenukeena?
Azpimarratu nahi dudana da ikastolek publiko/pribatu dikotomia interesatu eta oso liberal horretatik atera nahi badute; herrigintzarekin, izaera komunitarioarekin eredu burujabe bat sortu nahi badute; bere burua eragile ekonomiko eta sozial bezala aitortu behar dutela; eta aitortza horrekin koherentzian, hezkuntzaren edo euskararen arloan egiten duten bezala, eredu ekonomiko lurraldetu eta sozial baten alde egin behar dutela. Lurralde ezberdinetan argi ageri zen euskarazko hezkuntza herriz herri eraikitzearen beharraren inguruan sortu ziren ikastolak. Gaur egun lurraldeetako beharrak aldatu dira eta ez dira berdin Oarsoaldea, Iruñea edo Ipar Euskal herrian dauden beharrak. Behar horiek ere materialak dira, tokiko garapenarekin lotura dute; eta, gainera, garapen eredu neoliberalari alternatiba bat eskaini behar zaio. Hor jokatu behar dute ikastolek; bakoitzak bere lurraldeko beharrak ondo ezagutu, harreman ekonomiko eta sozial berriak eraiki eta ingurune sozioekonomiko justuago bat eraikiz. Horrela berrindartuko dute legitimitate soziala.
Kooperatibismoan eta ekonomia sozialean oinarritutako eredua izan behar du ikastolak? Zergatik?Ikastolen Elkartea
Aurretik esan dudan guztiagatik. Ikastolak eragile sozial eta ekonomikoak badira, lurraldetua gainera; eta badago Euskal Herrian oso errotutako forma juridikoa horretarako: kooperatiba. Hala ere, ezin dute forma juridiko hutsean gelditu, kooperatibismoa ez da afera juridiko bat. Kooperatibisten artean esaten dugu ez dagoela kooperatibarik kooperatibista eta interkooperazio gabe; eta bi ildo horiek lantzea da oso garrantzitsua benetan ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako estrategia konplexu baina indartsu bat garatzeko. Finean hiru ildo lirateke: Lurraldetzea, kooperatibizazioa eta interkooperazioa. Lurraldetzea garatu dut. Kooperatibizazioaren baitan, berriz, ikastolak kooperatiba konplexu bihurtzeko bidean sakontzea litzake garrantzitsua; ikastola bakoitza osatzen duen komunitateko estamentu guztiek kooperatiban tokia izatea; eta bereziki lana kooperatibizatzea. Badakit bide konplexua dela, baina ezinbestekoa; ikastolen artean badaude adibideak, gainera. Azkenik interkooperazio estrategia legoke. Ikastolek harremanak landu behar dituzte, ikastolen artean interkooperazioa sakonduz; baina baita ekonomia sozialeko beste eragileekin ere. Beharrak komunean lantzeko, mutualizazio prozesuak garatu ahal izateko eta interkooperazioa indargune politiko bezala erabiltzeko. Ildo potoloak dira, baina bidea egiten hasia dago; estrategikoki garatzea falta da.