Aitzol Astigarraga: “Helburua ondarea jaso eta zabaltzeko Wikipediak eskaintzen dituen baliabideen berri ematea da”

Hirugarrenez antolatu da Wikimedia lantegia UEUren Udako Ikastaroen barruan. “Txori bat da? Hegazkina? Ez, Wikidata da (eta komikiak wikitzeko beste superheroi batzuk)” izenburupean, oraingoan ere UEU, EWKE , ALDEE eta Hirikilabs-ek antolatu dute elkarlanean. Aitzol Astigarraga Pagoaga antolatzailearekin eta EWKEko kidearekin izan gara lantegiaren biharamunean.

 

Wikimedia familiako zein egitasmo landuko dituzue aurtengo lantegian?
Wikipedia, Wikidata eta Commons. Wikipedia, entziklopedia digitalari dagokionez, erabiltzaileen arteko harremanak aztertuko ditugu. Nola jarri beste erabiltzaileekin harremanetan? Nola kudeatu gatazkak?  Entziklopedia barreneko elkarrekintza izango dugu aztergai. Bestetik, gure entziklopediak falta dituen edukien bila ere arituko gara PetScan tresna erabiliz. Commons multimedia eduki librea da, bertan gordetzen dira Wikipediak behar dituen irudi, bideo, audio… guztiak. Biltegi erraldoi horretan edukiak jarri eta gero horiek nola erabili ikasiko dugu. Baita egile eskubideak nola kudeatu ere. Amaitzeko, Wikidata ere landuko dugu. Datu-base erraldoia da, Wikipediako ezagutza guztia jaso nahi duena. Iturri bateratu bat eskaintzea da bere helburua. Euskal komikigintza jaso eta bistaratzeko eskaintzen dituen tresnak aletu ditugu lantegian.

Aurrekoez gain, Wikipediako artikuluak (komikiei buruzkoak) oparitzen dituen inprimagailu berezi bat ere ikusiko dugu: Wikibox.

Aipa duzun moduan, saio praktikoan, euskal komikigintza izango da protagonista oraingo honetan. Zergatik komikiak?
Batez ere, batez ere,  komikiak gustuko ditugulako!

Aurten euskarazko komikigintza Wikipedian jartzeko talde bat jarri da martxan (Wikiproiektu Komikiak) eta aitzakia polita iruditu zitzaigun lantegiko protagonista bihurtzeko.

Wikidataren suporbotereak erabilliko dituzue horretarako. Zeintzuk dira wikidataren superbotere horiek?
Bada egile, liburu eta fikziozko pertsonaiak Wikidatan jartzen baditugu, datuen superheroi bihurtuko gara berehala. Galderarik zailenak ere erantzuteko moduan. Adibidez: Zenbat superheroi daude munduan? Nolako itxura daukate? Europar komikiarien artean, zenbat dira emakumezkoak? Horietako zeintzuk daukate Wikipedia artikulua beste hizkuntza batean (frantsesez, ingelesez…) baina euskaraz ez?

Behin datuak Wikidatan sartuta, okurritzen zaizkigun galderak eta bistaratzeak egiteko moduan izango gara: elementuak mapan kokatu, denbora-lerroak atera, hutsuneak identifikatu…. ez al da hori superboterea?

Oraingo honetan ere elkarlanean antolatuko da wikimedia. Zergatik da horren garrantzitsua elkarlan hori?
Euskal Wikilarien komunitatea txikia da, eta eraginkorrak izan nahi badugu, elkarlana ezinbestekoa da. Liburuzainek, dokumentalistek gure helburu bera dute azken finean: ezagutza jaso eta jendearen esku uztea. Hirugarren urtea  da ALDEErekin batera antolatu dugula lantegia eta oso pozik gaude emaitzarekin.

Zein da hirugarren lantegi honen azken helburua?
Ondarea jaso eta zabaltzeko Wikipediak eskaintzen dituen baliabideen berri ematea. Norbere jakintza eremuan ekarpenak nola egin eta besteek egindakoa nola baliatu ikastea. Elkarrekin ikastea, azken finean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude